EH Bilduk proposamen bana aurkeztu ditu gaur Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan, bertako gobernuek etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak baliatu eta EAE zein Nafarroa Bizitegi-Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatzeko prozedura has dezaten. Izan ere, etxebizitzara sarbidea benetako gizarte-larrialdi bihurtu da eta, beraz, arazo handi horren aurrean, merkatuan esku hartzeko eta espekulazioari mugak jartzeko gai diren politika publikoak behar dira. Salbuespenezko egoeretan, erantzun bereziak behar dira.
Bizitegi-larrialdia, gainera, arazo orokorra da, leku guztietan modu berean edo intentsitate berarekin agertzen ez bada ere. Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna ez da udalerri jakinetan lokalizatzen den fenomeno isolatua, lurralde osoan orokortua dagoen arazoa baizik.
Orokorra den arazo batek konponbide integralak eskatzen ditu, baina EAEko eta Nafarroako gobernuek Bizitegi-Merkatu Tentsionatuko Eremuak modu mugatuan aplikatzea erabaki dute orain arte, lurralde bakoitzaren zati handi bat kanpoan utzita eta tresna horren potentzial osoa baliatzeari uko eginda.
Larrialdi handiko egoera honen aurrean urrats bat gehiago egin behar delakoan dago EH Bildu, anbizio handiagoa behar da, esku-hartze publiko handiagoa, eta eskura ditugun tresna guztiak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dira etxebizitzarako eskubidea bermatzeko.
Ildo horretan, Bizitegi-Merkatu Tentsionatuko Eremuak izendatzea da gaur egun horretarako eskura dugun tresna garrantzitsu bat, eta horrekin batera, funtsezkoa da informazio-sistema propioak eta alokairu-prezioen erreferentzia-indizeak izatea. Hori da, hain justu, EH Bilduren proposamenaren bigarren zatia; alegia, Gasteizko zein Iruñeko gobernuek, etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak baliatuz, alokairuaren prezioen erreferentzia indize propioak gara ditzatela, etxebizitzen ezaugarriak, lurralde ezberdintasunak, eta gizarte zein maizterren baldintza ekonomikoak aintzat hartuta, merkatu prezioetan oinarritu beharrik gabe, eta eskumen eremuan horiek izan ditzaketen aplikazio guztiak aztertu eta gara ditzala.