AKTUALITATEA

| 2020-06-27

Maddalen Iriarte harriturik agertu da gaur Lekeition, Iñigo Urkullu EAJko hautagaiak “faxismoaren eta antifaxismoaren artean atzo agertu zuen ekidistantzia” dela eta. Izan ere, “herri honetan ere ez gaude faxismoaren gorakadatik salbu eta adi egon behar dugu, herri gisa gauza batzuk argi edukita: Gernika bonbardatu zutenen aurrean tolerantziak ez du balio, herritar eta herri gisa ditugun eskubide guztiak kendu zizkigutenen aurrean ez du balio ekidistantea izateak”. Hala, EH Bilduren lehendakarigaiak azpimarratu du “faxismoa eta ekidistantzia geratzeko botorik onena EH Bildu” dela, eta azaldu du “faxismoari eman dakiokeen erantzunik onena 0 legebiltzarkidetan uztea” dela.

Faxismoak herri gisa ditugun eskubide guztiak arriskuan jartzen dituela ohartarazi du Iriartek, eta horren aurrean “EH Bildu indartsu batekin bakarrik lortu ahal izango ditugu herri gisa aurrera egiteko eta justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko behar ditugun tresna subiranoak”. Izan ere, bide horretan ez Urkullu ez EAJ ez dira fidagarriak, Iriarteren irudiko, amaitu berri den legealdian EH Bilduk eta EAJk estatus politikoa berritzeko akordio historiko batera iritsi ostean, “Urkulluk berak zapuztu zuelako akordioa, ez zitzaiolako gustatzen, ez zaiolako inoiz gustatu, ez duelako hitzik”. Hori hala dela erakutsi du Urkulluk, eta Iriartek gogora ekarri du: “2012ko kanpainan estatus berriari buruzko galdeketa agindu zion euskal gizarteari, baina legealdiak aurrera egin ahala ahaztu egin zitzaion; gero 2016ko autonomikoak iritsi ziren eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta estatus berri bat agindu zuen, baina EAJrekin akordio historiko batera iristeko gai izan ginenean Urkulluk berak zapuztu zuen. Eta oraingo promesetan ere autogobernua dago berriro, baina zein autogobernuri buruz ari da Urkullu? Sanchezek pandemiaren hasieran minutu bateko bilera batean ezerezean utzi zuena? Hor ikusi genuen Urkullu balantzaka, boxeolari nokeatu baten antzera”. Iriarterentzat bistakoa da, beraz, “EH Bildu indartsu batekin bakarrik lortuko ditugula herri gisa aurrera egiteko tresna subiranoak”.

Jasone Agirre: “Covid-ak biluzik utzi du zaintza sistema, egoitzena bereziki”

Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak erresidentzietako benetako drama ekarri du gogora, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan 630 pertsona hil baitira, heriotza guztien % 40 baino gehiago, bertako langileek prekarietate erabatekoan aritu behar zuten bitartean. Adierazi duenez, gertaturikoak EAJren diskurtsoak ezkutatzen duen errealitatea azalarazi du. “Covid-ak biluzik utzi du gure zaintza-sistema, bereziki egoitzena. Gaur konfiantzaz eta erantzukizunaz hitz egiten dutenek merkantilizatu egin dituzte egoitzak, merkatuen esku utzi dituzte. Negozioa, osasunaren eta pertsonen gainetik. Adinekoen zaintza egoitzetako langileak babesik gabe utzi dituztenen esku utz dezakegu? Merezi al dute herritarren konfiantza urteak beren lan baldintzak hobetzeko eskatzen daramatzaten langile batzuen eskaeren aurrean hatz bakar bat mugitzeko gai izan ez direnek? Langile horiek, beren osasuna jokoan, gure adinekoak zaindu dituzte. Horrela eskertzen diegu orain?”.

“Ez dute ezer ikasi”, salatu du Agirrek, “negozioa lehenesten jarraitzen baitute, hain oinarrizkoa den gure adinekoen zaintzan ere, negozioa jendea babestu eta zaintzearen aurretik jartzen dutelako”. Horren ildotik, ohartarazi du arlo horretan ere EAJk murrizketak egingo dituela: “Inork ez du zalantzan jartzen artaziarena egoitzetara ere iritsiko dela. Lan baldintza duinak bermatzen dituen egoitzen kudeaketa publikoa ezarri beharrean, murrizten jarraituko dute, haientzat lehenengo gauza gutxi batzuen negozioa delako, guztion osasunaren aurrean”.