AKTUALITATEA

| 2025-02-20

Jaurlaritzak Euskorpus egitasmoa aurkeztu zuen atzo, adimen artifizialaren eremu digitalean euskararen tokia bermatzea xede omen duena, eta gaur Pello Otxandianok harridura eta ezinegona adierazi du horren inguruan, proiektu horren sorreran Jaurlaritzak bazter utzi dituelako “azken urteotan hizkuntzaren teknologien garapenean funtsezkoak izan diren hainbat eragile”, hala nola EHUren Hitz ikerketa zentroa, Langune edota Elhuyar. EH Bilduko bozeramailearentzat, “akats estrategikoa da alde batera uztea Euskal Herriaren zati honetan metatuta dugun ezagutza handia, Europan erreferente izan gintezkeen sektore batean giltzarri izan diren eragileak”.

“Arlo honetan garapen teknologiko esanguratsua dugu”, gogorarazi du Otxandianok, eta, “horregatik, harriduraz ikusten dugu proiektu berri honek baliabide horiek guztiak alde batera uzten dituela eta beharrezko ibilbidea eta esperientzia ez duten aktore berriei protagonismoa ematen diela, kanpoan utziz bai erakunde publikoak, bai arlo honetan funtsezko zeregina izan duten enpresa pribatuak. Gure ikuspuntutik, muga askorekin sortu den proiektua da; estrategia txarra da benetan”.

Jaurlaritzaren jokabidea “ulertezina da”, EH Bilduko bozeramailearen iritziz: “Kasurik onenean, gure ekosistema publiko-pribatuari buruzko ezjakintasun handia erakusten du; kasurik txarrenean, gure gaitasunak eta talentua aldentzen dituen estrategia klientelarra islatzen du, ibilbide egokirik gabeko aktore jakin batzuei laguntzeko. Hori erabaki bidegabea izateaz gain, herri gisa estrategikoa den esparru teknologiko bat gidatzeko ditugun aukerak neutralizatzen ditu neurri handi batean”.