AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-12-03

Euskararen nazioarteko eguna, Euskal Herriaren eguna, aurkikuntza berezi eta garrantzitsu baten biharamunean ospatuko dugu. Ezbairik gabe, ospatzeko aurkikuntza izan da, pizgarri izan zaiona euskal komunitateari, bizipoz apur bat ekarri diguna hizkuntza gutxituon kontrako eraso politiko eta judizialak areagotu diren eta euskara politika publikoen erdigunera ekartzeko borondaterik eza nabarmena den garai hauetan.

Gaur, asko dugu guztiok hausnartzeko, badugu autokritikarako premia eta, batez ere, badugu erantzukizuna, betebeharra, hurrengo belaunaldiekiko eta herri honekiko: euskarak behar duen hizkuntza politika egikaritzeko erantzukizuna, euskaraz bizi ahal izateko naturaltasunez eta normaltasunez euskararen herrian.

Iragana ahaztu gabe eta iraganeko belaunaldiekin esker onekoak izanik (hasita herrigintzan aritu zirenekin, euskaragatik borrokatu zirenekin, jarraituz erakundeetan araugintzan aritu zirenekin eta, ahaztu gabe, herri honetara etorri eta euskara bere egin zutenak) baina iraganean kateatu gabe, bada garaia etorkizunera jauzi egiteko eta beharrezkoak ditugun konpromiso eta bitartekoak aktibatzeko. Herrigintzatik, bizitzako eremu guztietatik, baina baita politikatik eta erakundeetatik ere.

Hizkuntza politika aldarrikatu nahi dugu beraz, hizkuntza politika delako euskara politika publikoen erdigunera ekarri behar duena. Gauden lekuan gelditzea ez da aukera bat, eta ondorioz, adostasun berriak behar ditugu, orain arte euskarri izan ditugun arau eta bitartekoak zaharkituak geratu zaizkigu-eta. Esango genuke euskalgintza sozialean badagoela nahikoa bateratasun aurrerabideak irudikatzeko orduan, orain adostasun politikoak eraikitzea da faltan duguna.

Norabide horretan, ez dugu lan makala, ez baita erraza euskalduntze prozesuak behar duen arnasa berritzea garaiak irauli diren honetan, gizarte baldintzak hainbeste aldatu direlarik.

Horregatik guztiarengatik, hego Euskal Herrian honako jauzi politikoak behar ditugula deritzogu:

1. Nafarroan, zonifikazioa gainditu eta euskararen ofizialtasuna ekarriko duen araubide berriaren aldeko urratsak egitea.

2. Mendebaldeko hiru lurraldeetan, hizkuntza politika berriaren aldeko adostasun politikoa jostea, eta honek beharko duen babes legala ekarriko duen Euskararen Lege berria osatzeko prozesuari ekitea.

3. Euskal Herria herritar euskaldun eleaniztunez osatutako nazio askea izan dadin eta gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu dadin, burujabetza politikoaren alde indarrak biltzea.

EH Bildu, 2022ko abenduaren 3an.