AKTUALITATEA

| 2021-12-03

Euskararen egunean ohikoa izaten da gure hizkuntzari laudorioak egitea; euskara altxor preziatua dela eta zaindu egin behar dugula dioten adierazpen solemneen eguna izan ohi da gaurkoa. Euskararekiko ardura berretsi eta etorkizunari begira baikor azaldu ohi dira, oro har, eragile politikoak gaurko egunean.


Alta, bukatzear den 2021. urte honi errepasoa egiten badiogu, ohiko adierazpen ponpoxoetatik urrundu eta beste zerbait esateko eskatzen digu gorputzak. Izan ere, euskararen aurkako oldarraldi politiko-judiziala intentsitatez igo da azken hilabeteetan, zeina hizkuntza minorizatuen aurkako erasoaldi zabalago baten parte den: PSNk eremu mistoko eta ez-euskalduneko lan deialdietan euskara meritu gisa hartzearen aurka egingo duen dekretua nahi du; Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac Legearen bi artikulu, tartean murgiltze eredua, Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi du; Irungo Udaltzaingoaren lan eskaintza batean euskara eskatzea diskriminatzailea dela ebatzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, langile publiko batek euskaraz ez jakiteak euskaldunon eskubideak urratzen ez dituela argudiatuz; antzeko Nafarroako hainbat udalerritan ere; Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Lasarte-Oriako jardueretan euskara erabiltzeko baldintza, tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioaren izenean; Auzitegi berak murgiltze ereduaren aurka jo du Katalunian; Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku dago EAEko Auzitegi Nagusiak hizkuntzen oreka arriskuan jarri eta Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela uste duelako; EAEko hezkuntza hitzarmenaren eztabaida ireki bezain pronto D ereduak porrot egin duela eta nork bere ama hizkuntzan ikas dezala defendatuz agertu dira zenbait komunikabide eta eragile; EH Bilduk Nafarroan ETB3 ikus dadin Espainiako Gobernuarekin akordioa egin duenean eskuin muturrak jomugan jarri du euskara beste behin ere.

 

Hau guztia existituko ez balitz bezala joka dezakegu, bolada txar bat izan daitekeela uste, gauzak bere lekura etorriko direla pentsatu eta betiko liturgia txikiekin jarraitu. Baina gertakari hauek guztiak hain denbora laburrean kateatu izana ez da kasualitate hutsa. Badago sakoneko korronte bat hizkuntza minorizatuen kontrakoa, eta bidea egiten ari da. Jauzi kualitatiboen aurrean gaude: Irungo epaiak, adibidez, 82ko Euskararen Legea onartu aurreko garaira bueltatzen gaitu, EAEko autogobernuaren muina kolpatzeaz batera, autogobernuaren oinarrietako bat baita, hain zuzen, hizkuntza araubidea.

 

Notizia pozgarriak ere izan ditugu aurton: Brebeta zuzentzeari uko egiteko prest agertu dira Seaskako zenbait irakasle; Ipar Euskal Herriko parlamentario guztiek gutun bat sinatu dute, Macroni Konstituzioa aldatzeko eskatzeko; baxoa euskaraz egitea erabaki dute hainbat ikaslek, desobedientzia ekimen eredugarria eskainiz Euskal Herriari; Nafarroaren zonifikazioaren kontrako eta hizkuntza eskubideen aldeko Cortesko adierazpena aurkeztu da; NUPeko ikasleak ikusi ditugu euskaraz ikasi ahal izateko borrokan; Errigorak Agerraldia jarri du martxan; euskara elkarte berriak ikusi ditugu sortzen.

 

Bestalde, azterketa eta ikerketa ezberdinak eman dira argitara azken hilabeteetan: EAEko ikasleen eskola-giroko euskararen erabilerari buruzko Arrue 2017ko ikerketa, EAEko hezkuntza sistemaren 2019ko ebaluazio diagnostikoa eta Soziolinguistika klusterraren "Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia", besteak beste. Zantzu nabarmenak daude motelaldian eta are atzeraldian ez ote gauden ezagutzari zein erabilerari dagokionez.

 

Argazki hau eskutan, honako hau adierazi nahi du EH Bilduk 2021eko euskararen egun honetan:

 

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko borrokan berresten gara. Hizkuntza gutxituen aurka egitea aniztasunaren aurka egitea da, eskubideak ukatzea eta, ondorioz, elkarbizitzari eraso egitea. Guk ez diogu inori euskara inposatu nahi, baina, era berean, inork ezin digu guri hizkuntza hegemonikoa inposatu geure herrian. Elkarbizitza arazo hau hizkuntza gutxituak ditugun komunitateetako herritar guztiok hizkuntza biak ezagutuz konpontzen da (minorizatua eta hegemonikoa), eta horrek hizkuntza gutxituen aldeko diskriminazio positiboa galdegiten du.

 

Euskara eta bere hiztun komunitatearen garapena gizarte justiziarekin eta posible behar duen beste mundu baten eraikuntzarekin lotzen dugu. Neoliberalismoak sortu duen mundu totalitario honi, homogenizazio eta merkantilizazio basatiari, galga, besteak beste, hizkuntzaren, kulturaren eta herrien garapenak jarriko dio. Euskararen aldeko borroka eta gizarte inklusioaren eta ekitatearen aldekoa, borroka bat eta bakarra da. Halaxe ulertzen dugu guk, azken boladan entzun ditugun hainbat diskurtsoren kontrara.

 

2022. urteak inflexio puntua markatu behar duelakoan gaude. EAEko Euskararen Legeak 40 urte beteko dituen urteak hizkuntza politika berriaren eztabaida parez pare irekitzeko garaia behar duela deritzogu. Kaleak hartu, herri adostasun zabalak josi eta euskalduntze prozesuak eskatzen dituen jauziak prestatzeko garaia da. EH Bildu, dagokion neurrian, indar biziz ahaleginduko da langintza horretan

 

 

EH Bildu, 2021eko abenduaren 3an.