AKTUALITATEA

| 2019-12-03

1949. urtean Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3an gure hizkuntzaren eguna izatea erabaki zuenetik 70 urte igaro diren honetan, herritar eta euskaltzale konprometitu askoren urte luzeetako lan eskergari esker, aurrera urrats nabarmenak egin baldin badira ere, oraindik ere Euskarak gure herrian bizirauteko dituen arazoak azpimarratzera behartuta gaude. Bai gure hizkuntzak bizi-iraupena bermatu gabe du. Horregatik lan handia egin eta borondate ugari antolatuz auzolana garatzea ezinbestekoa da.

Azken hamarkadetan egin den ibilbidean, batasuna eta herritarren bultzada izan dira giltzarri eta euskarririk sendoenek. Gaurtik etorkizunera begira jarriaz, euskara batua zutabe gisa hartuaz, gure hizkuntzaren orubea zabaltzen joan behar dugu.

Instituzio zein Administrazio publikoak, herri ekimenak eta herritarrak, auzolanean eta elkarlanean, bide berriak zabaltzea beharrezkoa da gure hizkuntzaren egoerak argi-ilun handiak dituelako oraindik. Horren lekuko, euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizialaren estatusa baldin badu ere, Nafarroako lurralde osoan zein Ipar Euskal Herrian ere, aitorpen horren falta izatea. Edo gure herriko hainbat eremutan, euskararen erabilerak duen maila baxua. Edo oraindik ere hainbat esparrutatik gure hizkuntzaren biziberritzeari jartzen zaizkion oztopoak.

Gainditu eta konponbideak jarri beharreko egoerak ditugu hauek, Euskara, altxor eta ondare ez ezik, etorkizunean herri hau egituratuko duen hizkuntza izatea nahi dugunontzat. Herritar eleanitzez osatutako herri euskalduna helburu, ukazio eta oztopoen aurrean, elkarlana, adostasuna eta ekintza bateratua egituratzearen premia aldarrikatu nahi dugu aurtengo abenduaren 3 honetan.

Euskara ofiziala dugun lurraldean ere, Euskarak dakarren askotariko ondasun linguistiko eta kulturala babestu eta erabilera zabaltzeko urrats anitzak ematea ezinbestekoa dugu. Euskararen aldeko konpromisoa egun bakarrekoa baino urtean 365 egunetakoa izan dadin, auzolana, elkarlana eta adostasunak josi behar ditugu. Horrela, abenduaren 3ko ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, Interneten, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok.

Transmisiotik harago, erabilera dugu mahai gainean dugun erronka nagusia eta horretarako, hiztun elkarte zabala, sendoa, trinkoa eta konprometitua izatea ezinbestekoa da. Hezkuntzatik lan esparrura, kulturatik kirolera, ekonomia eta sozial eremutik aisialdira; haur, gazte, nerabe, heldu eta adinekoak … gizartearen esparru denek izan behar dute protagonista bidaia honetan, nekerik gabe euskararen normalizazioren norabidean bultza eginaz eta nola ez herritarren ordezkaritza duten instituzio guztiek ardura berezia dugu.

Euskara, jalgi hadi MUNDURA!