Esquerra Republicanatik eta EH Bildutik beste pauso bat eman nahi dugu gure arteko aliantzan eta proiektu amankomunean eta, horretarako, batera aurkeztuko gara uztailaren 23ko Senatuko hauteskundeetara, 'Independentzia ezkerretik' lelopean. Zentzu honetan, berretsi eta indartzen dugu gure alderdien eta baita gure nazioen arteko harremana. Orain arte bi antolakundeen artean garatutako lanaren emaitza onek, une honetan euskaldun zein katalanei proiektu egonkorrago bat eskaintzera garamatzate, aliantza indartsuago bat herritarren bizitzen hobekuntzarako bidean eta gure herrietarako nahi dugun askatasun etorkizunean pausoak ematen jarraitu ahal izateko, are sendoagoak gainera.
Gaur Esquerra Republicana eta Euskal Herria Bildu, ezkerreko independentista eta subiranista euskaldun eta katalanak, gure herrien aurrean herritarrek behar eta exigitzen duten guztiari erantzuteko konpromiso irmoarekin aurkezten gara.
Katalunia eta Euskal Herria, bi nazio, bi herri, borroka historia bat konpartitzen dugu, herri bezala existitzeko eta izateko dugun eskubidearen alde; baina baita etorkizun bat: errepubliken sorrera lortzeko bidea, Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteen nahi eta erronkei erantzuteko gai izango diren errepublikak. Etorkizun justu eta aske bat.
Lan bateratuari jarraipena
Nahi sozial hori, gehiengoaren nahia, gehiengo sozial eta langilearen mesedetan egongo den errepublika justu bat lortzeko nahia, historian zehar gure gizarteek aldarrikatu eta eskatu duten nahi hori bera, ezker subiranisten proiektuen bizkarrezurra ere bada, eta horregatik eskakizun konpartitu horri bidea ematen saiatuko gara.
Esquerra Repubicana eta EH Bildutik, azken urte hauetan zehar, Kongresuan eta Senatuan garatutako gure ekintza politikoaren bidez, euskaldun eta katalanek aldarrikatzen duten eraikuntza sozial eta nazionalean lan egiteko aukera guztiak baliatu ditugu. Betiere, herriaren eta jendearen interesak alderdiaren interesen aurretik kokatuz.
Hain zuzen ere, horregatik erabaki genuen gure indarrak batzea duela 4 urte, eta era koordinatu eta estrategikoan lan egitea akordio bat erdietsiz. Akordio horri esker, aurrerapausoak eman ditugu gure herritarren ongizate sozialean eta euskaldun zein katalanek estatu espainiarrarekin irekita ditugun gatazken konponbidean.
Era horretan, Esquerra Republicanako presidente Oriol Junquerasek azaldu duenez, “Arduraz, inteligentziaz eta lan asko eginez, gure arteko batasunak indartu egiten gaituela frogatu dugu. Lortutako boto guztiei esker, gure gain jarritako konfiantzari esker, gure diputatu eta senatariak erabakigarriak izatea lortu dugu legegintzaldi guzti honetan zehar. Erakutsi dugu batasun politikoak irabazteko aukera ematen digula, gure herritarren eskubide eta askatasunean sakonduz”.
Asko dago jokoan
Bere aldetik, EH Bilduren Koordinatzaile Orokorra den Arnaldo Otegik zera adierazi du: “Denbora honetan zehar, eskuma geldiarazi duen horma izan gara, haien inboluzio eta bir-zentralizazio planteamenduak deuseztatuz. Lorpen sozialak eskuratzeko indar erabakigarria izan gara, eta nahiko genukeen sakontasun eta hedapen mailarekin izan ez bada ere, gehiengo sozial eta langilearen bizitza hobetzea lortu dugu. Eta zalantzarik ez dugu berriro ere erabakigarriak izango garela. Hori izan da eta izango da gure konpromiso eta ardura: aurrerapausoak ematea eta atzerapausoak ekiditea. Orain inoiz baino gehiago”.
Uztailaren 23an asko dago jokoan eta guk ez dugu hutsik egingo. Lau urte hauetan zehar erabakigarriak izan gara, eta berriro ere izango gara baina oraindik indar gehiagorekin. Gehiengo sozial eta langilearen eskubideak, askatasuna eta etorkizuna daude jokoan. Ziur gaude gehiago egingo dugula aurrera, gehiago izango garelako. Egin dezagun posible.