EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin bildu da ostegun honetan Moncloako Jauregian, Espainiako Gobernua eta Europako erakundeak nazioarteko egungo egoerari buruz eztabaidatzen ari diren analisi, gogoeta eta proposamenak ezagutzeko eta lehen pertsonan jasotzeko. Europak eta Espainiako Estatuak testuinguru geopolitiko berriari aurre egiteko hartu behar duten jarrerari buruzko etorkizuneko planak ere izan dituzte hizpide Aizpuruak eta Sanchezek. Bilera giro eraikitzaile, adeitsu eta errespetuzkoan egin da, eta, horri esker, elkarrizketa esparru bati jarraipena eman diote, legealdiari jarraipena emateko eta oraindik egin gabe dauden aurrerapenei segida emateko asmoarekin.
EH Bilduren arabera, arrisku eta tentsioetan oinarritutako egungo testuinguruan nazioarteko eragileek hartutako erabakiak garrantzia handikoak eta kezkagarriak dira gure herriaren oraina eta etorkizuna Europako parte gisa birdefinitzeko orduan.
Euskal gizartea, duela 39 urte NATOren aurka zegoela argi eta garbi erakutsi zuen bezala, diplomaziaren, negoziazioaren eta akordioaren aldeko apustua egiten duen gizartea da, hori baita munduko nazio eta Estatu guztientzako bakea bermatzeko formularik onena.
Euskal herritarrekin partekatzen dituen balio eta printzipio horietatik abiatuta aztertu eta eztabaidatuko du EH Bilduko Mahai Politikoak, agertoki berriak merezi duen sakontasun eta seriotasun osoarekin, euskal ikuspegi eta eskala nazionaletik hartu beharreko jarrera integrala. Hala helarazi dio Aizpurua bozeramaileak Sanchez presidenteari gaurko bilkuran.
Hortaz, EH Bilduk lanean jarraituko du euskal gizartearen eta gure nazioaren eskubideak, askatasunak eta ongizatea bermatzeko baldintzarik onenak bilatu eta bermatzeko helburuarekin.