Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Idurre Bideguren EH Bilduren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak agerraldia egin du Bilbon, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta emakumeen eskubideen defentsa aldarrikatzeko.
Bidegurenek azpimarratu du azaroaren 25a emakume guztien borroka eguna dela: “Gure eskubideak eta gure bizitzak behingoz errespeta daitezela exijitzen dugun emakume guztien borroka eguna da. Indarkeria matxistaren biktima guzti-guztiak gogoratzeko eguna. Izan ere, emakume horietako bakoitzak, hilketa matxista horietako bakoitzak, gogorarazten digu asko dugula defendatzeko eta konkistatzeko”.
EH Bilduko hautagaiak ohartarazi du atzerakoien mehatxuen aurrean emakumeak izango direla, beste behin, eskuin muturrari eta haren matxismoari aurre egingo dietenak: “Atzerakoiek ahazteko eta atzera eginarazteko mehatxua egiten diguten garaiotan, emakumeok izango gara, historiako hainbat unetan bezala, eskuin muturra, haren matxismoa eta emakumeok pairatzen dugun indarkeria geldiaraziko ditugunak”.
Bidegurenen hitzetan, emakumeek aske eta seguru bizitzeko, beldurrik eta diskriminaziorik gabe, eta bizitza duinak eraikitzeko eskubidea dute. Horregatik, azaroaren 29ko hitzorduari begira, olatu feminista altxatzearen garrantzia nabarmendu du: “Azaroaren 29an atzerakoiak geldiaraziko dituen olatu feminista altxatu behar dugu. Emakumeen eta emakume guztion eskubideen eta askatasunen aldeko olatua, lortutakoa defendatzeaz gain, eskubide berriak lortzeko”.
Izan ere, Bidegurenek gogorarazi du emakumeek pairatzen duten diskriminazioak hainbat aurpegi dituela: indarkeria matxista, lan-munduko diskriminazioa, zaintza-lanen banaketa desorekatua eta miseriazko pentsioak. Horren aurrean, azaroaren 29a egoera horri buelta emateko aukera dela adierazi du.
“Soldata duinak lortuz, soldata arrakalarekin eta enpleguaren partzialtasunarekin amaitzeko aukera dugu. Alargun-pentsio eta ez-kontributibo duinak lortzeko aukera dugu. Zaintzak eskubide gisa aitortuak izatea lor dezakegu, bermatutako zerbitzu publikoa. Eta guk, gu guztiok, gure bizitzei buruz eta horiek eraikitzeko moduei buruz behingoz erabaki ahal izatea lor dezakegu”, adierazi du.
Azkenik, emakumeek aldaketarako duten indarra eta elkartasun feministaren garrantzia nabarmendu ditu Bidegurenek: “Azaroaren 29an emakumeok botere izugarria dugu. Atzera egitea saihesteko ahalmena. Eta, batez ere, askoz gehiago aurreratzeko ahalmena. Feminismotik zerbait ikasi badugu, geure burua zaintzea eta gure artean sostengatzea da, kolektiboki jokatzea; beti ukatu digutena lor daitekeela. Ziur gaude azaroaren 29an herri honetako emakumeok berriro egingo dugula”.