Oskar Matute EH Bilduren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak agerraldia egin du gaur goizean Erandioko Los Ochos-en, etxebizitza eskubidearen defentsa aldarrikatzeko eta etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurriak eskatzeko.
Matutek azpimarratu duenez, etxebizitza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da merkatu publikoan esku hartzea eta arautzea, maizterrak eta etxebizitzaren funtzio soziala errespetatzen duten jabe txikiak babesteko.
"Horrelako egoerak ez gertatzeko, merkatu publikoan esku-hartu behar da, eta arautu egin behar da, jendea defendatzeko eta babesteko. Inork ez dezan funts putre baten edo jabe handi baten mehatxurik jaso. Gutxi batzuen espekulazio grinak inor etxetik bota ez dezan. Espekulazioarekin eta negozioarekin amaitu behar dugu", adierazi du.
Modu berean, gaur jakin da azkenean Erandio gune tentsionatu izendatuko dutela. “EH Bildu gabe ez zen posible izango. Inoiz baino beharrezkoagoa da EH Bildu indartsu bat Madrilen gehiengo aurrerakoia norabide egokian eramateko. EH Bildu gabe kontuek ez dute ematen”, esan du Matutek.
Ildo horretan, EH Bilduren proposamena argia dela nabarmendu du Matutek: maizterrei zein etxebizitzaren funtzio soziala defendatzen duten jabe txikiei ziurtasuna eta segurtasuna ematea. "Ziurtasunak eta segurtasuna eman behar dizkiegu maizterrei eta etxebizitzaren funtzio soziala defendatzen eta errespetatzen duten jabe zintzo txikiei. Denontzako bermeak nahi ditugu, krisi habitazionalak denoi eragiten baitigu", azaldu du.
Azkenik, etxebizitzaren krisiari irtenbideak eskaintzeko EH Bilduren konpromisoa erabatekoa dela berretsi du, erakundeen maila guztietan, Madrildik hasi eta udal eta parlamentuetaraino. Horretarako, azaroaren 29ko hauteskundeetan herritarren babesa eskatu du.
"Gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu dugu, etxebizitzaren krisiari irtenbideak eskaintzeko. Gure konpromisoa erabatekoa da, Madrildik hasi eta udal eta parlamentuetaraino. Horretarako ahal dugun indar guztia behar dugu azaroaren 29a. Izan ere, etxebizitzaren krisiari irtenbideak eskaintzeko bermea gara eta 29tik aurrera berriro erakutsiko dugu", amaitu du.