AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2026-11-25

Gaur Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da, eta EH Bilduk protagonismo osoa borroka feministari eman nahi izan dio gaurko agendan. Bada, solasaldia egin du Donostian, eta bertan parte hartu dute Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, Mertxe Aizpurua azken zazpi urtean Kongresuko bozeramaile izandakoak, Nerea Kortajarena Donostiako alkategaiak eta Olaia Duarte Senaturako Gipuzkoako hautagaiak.

Oihana Etxebarrietak datorren igandean emakumeek izango duten protagonismoa azpimarratu du. “Igandean emakumeok erabakigarriak izango gara. Indarkeria matxista ukatzen dutenen eta emakumeon eskubideen berme garenon artean erabakitzea dagokigu. EH Bilduren aldeko botoa emakumeoi segurtasuna ematen digun botoa da, babesten gaituena eta atzerapauso bakar bat ere eman ez dezagun bermatzen duena. Abortatzeko eskubidea, soldata berdintasuna, lanerako eskubidea, amatasun baimenak edo dibortzio eskubidea. Ezer ez dago bermatuta. PPren eta Voxen eskutik inboluziorako arriskua benetakoa da. Horregatik, gure eskubideak bermatzeko modu bakarra EH Bilduren alde bozkatzea da. Gure botoak balio feminista bikoitza du: matxistak eta erreakzionarioak geldiarazteko balio du, bai eta berdintasun politiketan eta feminismoan aurrera egiteko ere”.

Hori dela eta, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak dei egin die emakume guztiei “EH Bilduri masiboki bozkatzeko, botoa gure hautagaitzan biltzeko. Izan ere, Gipuzkoan, EH Bildu bozkatzeak PP-Vox eserlekurik gabe uztea dakar. Ez dugu sigla batzuen aldeko botoa eskatzen: justizia eta historia feminista egiteko eskatzen dugu botoa. Igande honetan Euskal Herriko emakumeok historia egingo dugulako. Hautestontziak boto-paper feministez beteko ditugu”.

Izan ere, une historiko batean murgildurik gaude, eta mugimendu feministak urteetako borrokaren ondorioz lortutako aurrerapenak arriskuan egongo dira, PP eta Vox Estatuko Gobernura iritsiz gero. Horregatik, “bi aukera bakarrik daude: edo indar atzerakoien eskutik joango litzatekeen gobernu autoritario bati atea irekitzea edo aukera leihoa zabalik mantentzea”, urte luzeetan lortutakoari eusteko eta politika feministetan sakontzeko.

Hau ez da, beraz, ekidistantzietan ibiltzeko, ohartarazi du Etxebarrietak, ez eta PP eta Vox bereizten saiatzeko ere, PPk ez duelako Voxen laguntzarik behar “emakumeon eta LGBTI+ pertsonen kontra daukan agenda aurrera eramateko”. Hala erakusten ari da egunero gobernatzen duten tokietan eta kanpainan zehar zabaltzen ari den mezuekin. Abortu eskubidea zanpatu, berdintasun politikak jomugan ipini, Berdintasun Ministerioa bertan behera uzteraino, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak murriztu, biktimentzako laguntzak kendu, Trans Legea bera ere bertan behera utzi… hori guztia egingo dute, igandean gelditzen ez baditugu. Hori horrela, “feminismoan lerratzeko momentua da, eta EH Bildun argi eta garbi feminismoaren alde lerratzen gara, matxisten aurrean feminismo gehiago behar dugulako”.

Ildo berari jarraitu dio Nerea Kortajarenak, “emakumeok izango baikara hauteskunde hauetako protagonistak. Gehiengo aurrerakoi, antifaxista eta feminista posible egingo dugu. Atzera eginarazi nahi digutenak geldiaraziko ditugu, eta berdintasun- eta eskubide-bide berriak konkistatuko ditugu. Igande honetan, emakumeok erabakitzen dugu. Igande honetan, historia feminista egingo dugu Euskal Herria Bilduren eskutik”.

Donostiako alkategaiak ideia horretan sakondu du, “emakumeon botoak inoiz baino balio handiagoa baitu hauteskunde hauetan. Asko kostatu zaigu honaino iristea. Erail zituzten eta igande honetan bozkatu ezin izango duten guztiengatik egingo dugu. Gaur bozkatu ahal izateko borrokatu zuten guztiengatik. Aurrera egin eta bidea ireki zuten guztiengatik. Haien lekukoa hartzen dugu, orain gure unea delako. Emakumeok izango gara aurre egingo diegunak. Eta misio argia dugu: faxistak ordezkaritza parlamentariorik gabe uztea. EH Bilduri bozkatzea da bloke erreakzionarioaren markagailua 0an uzteko botorik eraginkorrena. Ilusioz, indarrez eta irmotasunez bozkatuko dugu. Posible egingo dugu Madrilera iristea Jaizkibel konpainiako kapitaina eta politika publiko eraldatzaileak bultzatzeko gaitasuna erakutsi duen Errenteriako alkatea”.