AKTUALITATEA

| 2024-05-14

Euskal Herria Bilduk indar independentistek lortutako 1.200.000 botoei balioa eman nahi die. Obedientzia estataleko bi indar nagusien artean muturreko polarizazioa dagoen testuinguru batean egin dira hauteskunde hauek, eta estatu sakona ia hamarkada batez egon da jzarpena eta erasoak eginez; horren azken adibidea da Tsunami Democratic auzian Garcia Castellon epaileak agindutako zitazioa.

Era berean, independentismoak gehiengo absolutua galdu arren, gatazka politikoa oraindik ere konpontzetik urrun dagoela azpimarratu nahi du EH Bilduk. Gatazka hori bere aniztasun nazionala demokratikoki kudeatzeko gai ez den Estatu batek eragin du. Horren irtenbide bakarra, halaber, Estatuaren izaera plurinazionala eta euskal, katalan eta galiziar herrien eskubide nazionalak aitortzea da.

Bestalde, nahiz eta emaitzak ez diren nahi bezalakoak izan, ziur gaude Kataluniako ezkerreko subiranismoak erabakigarria izaten jarraituko duela bere herriaren eskubideen defentsan. Horretarako, euskal ezker independentistaren babesa izango du beti. Gure konpromisoa da gure herrien eskubide nazional eta sozialen alde etengabe lan egiten jarraitzea.

Amaitzeko, ekainaren 9an Europako hauteskundeak egingo dira, eta EH Bildu Esquerra Republicana, BNG eta Ara Mes alderdiekin batera aurkeztuko da, Europan gure nazioen ahotsak defendatzeko. Hori da gure apustu irmoa: gure nazioen ahotsa Europara eramatea, ezker subiranisten eskutik.

Euskal Herrian, 2024ko maiatzaren 14a