EH Bilduk gaur arratsaldean bilera egin du Bilbon Més per Mallorcarekin. Topaketa EH Bilduren egoitzan izan da, eta bertan parte hartu dute Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusiak; Gorka Elejabarrieta, Harreman Politikoetarako idazkari eta Senatuko bozeramaileak; eta Sonia Jacinto, Antolakuntza idazkariak.
Bileran espainiar Estatuaren egungo egoera eta nazioarteko panorama aztertu dira, testuinguru politiko hegakor batean: arriskuak badira, baina baita indar subiranistentzat erronka eta aukera handiak ere.
EH Bildu eta Més per Mallorca bat gatoz gure alderdien arteko lankidetza indartu behar dela azpimarratzean, gure herrien burujabetzaren alde eta klase herritarraren nahiz lurraldearen defentsan aurrera egiteko. Nabarmendu dugu EH Bilduk Euskal Herrian eta Més per Mallorcak Balear Uharteetan ordezkatzen dugun aniztasuna giltzarri dela erreakzio autoritarioari aurre egiteko. Era berean, bat gatoz fronte zabalak eraikitzea lan egiteko berme eraginkor bat dela esatean.
Més per Mallorcaren izenean, bilerara bertaratu dira Maria Ramón, Antolakuntza idazkaria eta Balear Uharteetako Parlamentuko diputatua; Vicenç Vidal, Kongresuko diputatua; eta Antoni Trobat, nazioarteko harremanen arduraduna. Topaketak, halaber, azken urteetan bi alderdien artean landu den harreman estu eta iraunkorra balioan jartzeko balio izan du; harreman hori ekimen komunetan islatu da, bereziki 2024ko Europako hauteskundeetarako hautagaitza partekatuan.
EH Bilduk eta Més per Mallorcak elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, une politikoaz jabetuta eta etorkizunak ekar ditzakeen eszenatokiei aurre egiteko prest. Bi alderdiok konpromisoa hartzen dugu elkarlanaren bidea sendotzen jarraitzeko, burujabetzaren, gure herrien, lurraldearen eta klase herritarraren defentsan arraun egitea ezinbestekoa eta positiboa dela sinetsita.