AKTUALITATEA

| 2022-04-27

EH Bilduk maiatzaren amaieran antolatu duen Konferentzia Munizipalistaren aurkezpena egin berri du. Bertan, Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduraduna, Nagore Alkorte Azpeitiko alkatea eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea izan dira, konferentziaren garrantzia azpimarratu eta etorkizunera begirako mugarria izango dela nabarmentzeko.

 

Onintze Oleaga:

Aspalditik gabiltza esaten. Erronka kolosalak ditugu aurrez-aurre: krisi klimatiko eta energetikoa, autoritarismoaren gorakada, krisi demografikoa... Honi guztiari aurre egiteko erantzukizun historikoa dauka EH Bilduk. Hori da gure erronka. Argi dugu ez dela inondik inora ere bide erreza izango. Baina ez dugu amore emango egoera hau irauli eta aske eta berdinen Euskal Errepublika bat eraiki arte.

Nola ordea? Bada, EH Bildutik, errezeta dugula konbentzituta gaude: Euskal eredua. Gurera eginez eta praktika errealak martxan jarriz. Eta hori ez da egunetik gauera egiten. Badakigu. Ez da goitik beherako prozesu bat izango. Euskal Eredua egunez-egun eta herriz-herri eraiki beharreko prozesu bat izango da. Euskal eredua udalerrietan hasten da. Udalgintzak paper oso-oso garrantzitsua jokatzen du horretan eta EH Bildu lehen indar munizipalista izanda, ardura eta erantzukizun berezia jokatzen du horretan. Eta beste alde batera begiratu ordez, bere buruari ezartzen dio erantzukizun hori.

Horretarako lehen urrats garrantzitsu bat eman nahi dugu. Burujabetzarako bidean, lehen mugarri bat eraikitzeko asmoz EH Bilduk bere lehen konferentzia munizipalista egingo du Iruñean maiatzaren 27an eta 28an. Bertan ezker soberanistako ehunka alkate eta zinegotzi elkartuko gara. Besteak beste, pandemiaren ondoren harremanak saretu, egindako lan politikoa, garatutako proiektuak eta bizitako esperientziak elkartrukatu, eta finean, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin herri hau eraikitzen jarraitzeko.

Horrekin batera, nazioarteko hainbat ordezkari ere izango dira gurean, beraien ibilbide eta ekinbide politikoen berri emateko eta elkarrekin, krisian dagoen mundu sistema honen aurrean alternatiba errealak garatzeko.

Erronka kolosalak ditugu aurrean, baina ez gara 0tik lanean hasten, baditugu hamaika kilometro lasterka eginak. Herriz herri egiten dugun lana eraldatzailea da, aitzindaria, eta batez ere, herritarren bizitzak eta lurraldea bera hobetzen duen lana da. Bi urteko pandemia sasoia izan dugu, ez gara geldirik egon, gauza handiak egin ditugu. Eta hemendik aurrera ere gauza handiak egitera goaz, Konferentzia Munizipalista gure ibilbidean mugarri bat izango da, herri honek dituen erronka nagusiei udalgintzatik ekiteko, etorkizunera begirako oinarriak ezartzeko.

 

Idoia Buruaga:

Pandemiaren krisitik gerraren krisira igaro gara. Ez dugu alarmistak izan nahi, baina benetan kezkagarria da bizi dugun testuingurua. Jakitun gara sistema honek bere azkenak ematen ari dituela eta mundu osoa itxuraldatuko duen agertoki baten atarian baino ez gaudela. Garaiak aldatzen ari dira, erronka berriak ate joka ditugu eta horiei errotik heldu ezean, jai dugu.

Herri txiki bat gara. Bai, badakigu. Baina dabilen herria gara, historian zehar beti aurrera egin duena eta bidean topatutako oztopo oro gainditzeko gai izan dena. Erronka handien aurrean hazi egiten dena. Pandemian ere ikusi zen bezala, testuinguruak eskatzen zuen arduraz eta erantzukizunez aritzeko gai garela erakutsi genuen.

Zentzu horretan azpimarratu nahi dugu udalgintzak bete zuen funtsezko papera. Garairik zailenetan ere, hala nola pandemiaren hasieran, zirkunstantzien mailara egon ziren EH Bilduko alkateak. Herritarren alboan. Izan ere, gogoan izan behar dugu udalak direla herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak. Eta beraz, hain jarduna erabakigarria da gu guztion bizi-kalitatea bermatu eta hobetzeko.

Hala, nabarmendu egin nahi dugu, EH Bilduko alkateek, garairik zailenetan ere, bestelako gobernantza eredu bat posible izateaz gainera, ezinbestekoa dela erakutsi dutela. Erronkari muzin egin ordez, herri eraikuntzarako ikuspuntuari heldu eta garai latzenetan ere, Euskal Herri hobe baten aldeko apustuan berretsi baikara. Izan ere, guk argi dugu beste gobernantza eredu bat garatzea posible dela: hurbila, entzuten eta aditzen duena, zaintzen duena, herritarrak eta udalerria bera hazten laguntzen duena, goren mailako zerbitzu publikoak zaintzen eta sustatzen dituena eta berdintasun ekonomiko eta soziala bultzatzen duten politika publikoak garatzen dituena. Posiblea da eta egin, egin dugu.

Hortaz, azpimarratu nahiko genuke, hau, EH Bilduren lehen konferentzia munizipalista izanik ere, ez garela inondik inora 0tik hasten. Ezker subiranistaren tokiko kargu publikook urteak daramatzagu lanean, euskal eredua errealitate bilakatuz. Herria egiten. Euskal Herri hobe baten aldeko pausoak ematen.

Izan ere, hemendik, Euskal Herritik, Europan eta munduan erreferenteak diren politika publikoak eta proiektuak jarri ditugu abian: krisi klimatikoari eta energetikoari aurre egiteko, elikadura burujabetzan sakontzeko, desberdintasun sozialekin amaitzeko, kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko eta udalerri berdinzaleagoak eraikitzeko... Finean, udalerri hobe eta bizigarriagoak eraikitzeko; lokaletik, ezkerretik, feminismotik, ekologismotik, Euskal Herritik, Euskal Ereduan.

Eta hori guztia erabateko zintzotasunarekin jokatuz egingo dugu, bai herritarrekin, bai gure buruarekin eta baita gure herri ikuskerarekin. Egunez-egun eta herriz-herri, gure proiektu politikoa finduz eta hobetuz. Burujabetzan pausoak emanez. Udalak eta instituzioak herritarren esku jarriz. Guztion artean lan eginez Euskal Errepublika Burujabea eraikitzeko.

Lanean ari gara, etengabe erakutsiz eta ikasten ari gara. Horregatik, eta EH Bilduko alkate naizen heinean, garrantzitsua iruditzen zait gure alkate eta zinegotzien indar komunala elkartu, urteetan pilatutako inteligentzia kolektiboa elkartu, eta guzti-guztiok ezagutza eta jakintza horiek partekatzea. Guztion indarrak oraindik eta handiagoa eta aberatsagoa egingo duelako EH Bilduren proiektu politikoa. Maiatzaren amaieran egingo dugun lehen Konferentzia Politikoa mugarri garrantzitsua izango da bide horretan.