EH Bilduko oinarriek bozkatu ahalko dute bihar, hilak 27, ERC eta BNGarekin Europar Hauteskundetara elkarrekin aurkezteko eta, beraz, Orain Errepublikak koalizioa errepikatzeko aurreakordioa berresten duten, lan bateratuan eta estaturik gabeko nazioen eskubideen defentsan sakontzeko eta elkarrekin aurrera egiteko. EH Bilduk aurreakordio horren berri eman zuen urtarrilaren 13an Bilbon, Batzar Orokorrean, eta orain bilkideei dagokie horren inguruan erabakitzea.
Orain Errepublikak koalizioak, gainera, duela bost urte baino atxikimendu gehiago gehitzea lortu du aurten, oraingo honetan AraMés Balearretako alderdi federazioak ere bat egitea erabaki baitu, koalizioari indar gehiago emanez. ERCrekin batera, AraMés osatzen dute Més per Mallorca, Més per Menorca eta Ara Eivissa alderdiek.
Akordioa alderdi bakoitzaren barne-prozedurei jarraituz berretsi behar da orain, eta hala bada, oso epe laburrean sinatu eta ofizialki aurkeztuko da, eta horren ostean, Orain Errepublikak irekita egongo da Estatuko beste nazio batzuetako indar aurrerakoi eta suberanisten babesa jasotzeko.
EH Bilduk ohartarazi duenez, «Europar Hauteskundeak eskuin muturraren eta belizismoaren gorakada handi baten testuinguruan egingo dira, europar proiektuaren krisialdi baten erdian, herri sektoreen bizi baldintzen okertze eta herrien eskubideen ukapen testuinguruan». Horregatik, hain justu, EH Bilduk garrantzitsutzat jotzen du hauteskunde hauetara mezu eta helburu argiekin aurkeztea: «Herri bat garela aldarrikatu, estaturik gabeko herrien eskubideak defendatu, Europan hedatzen ari den autoritarismo eta faxismoaren olatuari aurre egin, militarismo eta gerraren aldeko deien aurrean bakea eta herrien burujabetasuna aldarrikatu eta bizitza duinen eta justizia sozialaren aldeko deia zabalduko dugu, Euskal Herriaren ahotsa Europan entzun dadin».