EH Bilduk hurrengo urteetako erronka handienetako bat, zaintzena hain zuzen, jorratuko du datorren martxoaren 26an eta 27an egongo diren jardunaldietan. “Feminismotik bizitzak erdigunean” dute izenburu eta bertan hogei bat aditu bilduko dira. Guztira, sei panel egingo dira hiru bloketan banaturik: zaintzei buruzko begirada zabaltzea, beste praktika politiko batzuetara hurbiltzea, hala publikoak nola komunitarioak eta euskal zaintza sistema publiko-komunitariorantz trantsiziorako bidea.
Carole Pateman teoriko politiko eta militante feminista historiko britaniarrak inaugurazio- hitzaldia emango du, eta kontratu sexuala izango du hizpide, gizarte modernoen antolaketa patriarkalaren oinarri gisa eta zaintza lanetan duen eragina. Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako 20 gonbidatuk hartuko dute parte, hala nola Uruguai, Brasil eta Danimarkakoak: feministak, ekintzaileak, adituak eta hainbat esparrutako agintariak.
Ondoren, lehen blokean, gaur egun inposatzen ari den zaintzen ikuspegitik haratago joaten saiatuko gara, modu neoliberalean eta sinplifikatuta ulertzen direlako. Izan ere, eztabaida hori konplexuagoa eta askoz zabalagoa izan behar da, ezkerreko posizioetatik eta jarrera eraldatzaileetatik egin nahi bada.
Era berean, zaintza zatituen, deslegitimatuen eta merkantilizatuen egungo politika publikoen ereduaren aurrean, beharrezkoa da beste zainketa-eredu bat posible dela erakusten duten esperientzia zehatzak ezagutzea, baloratzea eta haietatik ikastea. Bizitzan zaintzak funtsezko elementuak direla kontuan hartuta, beharrezkoa da, halaber, arlo publikoaren eta komunitarioaren arteko beharrezko artikulazioa definitzeko gakoak emango dizkiguten esperientzia komunitarioak ezagutu eta baloratzea.
Azkenik, hirugarren blokean zehatzago aztertuko da eremu publikoko zainketen egungo egoera, ikuspegi instituzional eta sindikaletik, bai Ipar Euskal Herrian, bai Hego Euskal Herrian. Hori izango da Mahai-inguruaren abiapuntua, eta horrekin amaituko dira jardunaldiak. Euskal mugimendu feministaren hainbat ordezkarirekin hitz egiteko gune bat izango da, gaur egun euskal zaintza sistema publiko-komunitariorantz trantsitatzeko dauden gakoak, aukerak, mugak eta erronkak bateratzeko eta eztabaidatzeko gunea.