AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-16

EH Bilduk zaintza sistemaren krisi sakonean ipini du azpimarra gaur hauteskunde kanpainan, Zumaian egindako ekitaldi batean. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginik, Gipuzkoako hautagai Oihana Etxebarrietak eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzeko konpromisoa adierazi dute, «zaintza beharrezkoa den ondasun unibertsal bezala onartu behar delako, familia eremutik atera behar delako eta zaintzen duten erakundeak sortzea da herri bezala dugun premia handienetako bat delako», Etxebarrietak azaldu duenez.

Zaintza sistema publiko komunitario hori eraikitzeko, herri itun baten beharra aldarrikatu du Etxebarrietak, eta sektoreko eragileek parte hartuko duten mahai bat sortzea proposatu du herri akordio hori posible egiteko. EH Bilduren kanpainako bozeramaileak argitu duenez, «organo hori elkarrizketa eta elkarlanerako espazioa izango da zaintzen antolaketaren inguruan eztabaidatzeko eta proposamenak lantzeko, eta bertan parte hartuko dute mugimendu feministak, adituek, instituzioek eta antolatutako gizarte zibilak, hala nola sindikatuek, senitartekoen eta erabiltzaileen elkarteek eta arloko eragileek». Izan ere, «herri erronka honi modu koordinatuan eta konpartituan erantzun behar diogu, sektore ezberdinetako jakintza aktibatuz eta elkarlana sustatuz. Gobernantza kooperatiboa eskatzen duen garaiko erronka nagusienetakoa da, eta herri bezala erantzun behar diogu».
 


EH Bilduren proposamenaren arabera, herri itun horrek «zaintzen unibertsalizazioa eta aukera askea bermatuko duen lege berri bat» onartzeko balio beharko luke, besteak beste. «Lege horrek urgentziaz heldu beharreko gaiei helduko lieke: epe objektiboak ezarriko lituzke mendetasun- eta desgaitasun-graduak aitortzeko; zaintzara zuzendutako zerbitzuen estaldura berriak zehaztu eta lurraldeen arteko desorekak amaitzeko ibilbide orria definituko luke; gizarte zerbitzuen sistemaren desmerkantilizazio prozesua burutuko luke eta zaintza sektorean lan baldintza duinak ziurtatuko lituzke».

Etxebarrietaren iritziz, «zaintzaren arloan behar-beharrezkoa da jauzia ematea, aldaketa bat, eta herri aktibazioa behar dugu horretarako», sektore horrek gaur egun gabezia handiak dituelako. Ezinbestekotzat jo du lurraldeen arteko desorekak eta errentagatiko desberdintasunak amaitzea eta arloko lan baldintzak nabarmen hobetzea.

Lurraldeen arteko desorekei buruz, azaldu du «ez dela aukera berdintasunaren printzipioa betetzen, Gizarte Zerbitzuetarako onartua dugun eskubideari dagokionean, eta, beraz, hiru abiadurako egoera onartezina bizi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek», bizitokiaren arabera eskubide gehiago edo gutxiago baitituzte.

Azken urteotako pribatizazio prozesua ere aipatu du Etxebarrietak, azken hamarkadetan adinekoentzako 280 erresidentzia ireki baitira, baina 80 bakarrik dira publikoak. Horren ondorioa automatikoa da: «Errenta nahikoa dutenek bakarrik bermatu ditzakete beharrezkoak dituzten zaintzak». Modu horretan, ohartarazi du, «zaintzak gizarte eta genero desberdintasunen iturri bilakatu dira; zaintza lanen merkantilizazioa milaka emakumeren lan-prekarietate izugarriaren kontura sostengatzen ari da ekonomikoki eta sozialki, esplotazioaren bitartez, erakundeetan edo etxeetan. Zaintza lanak balio publikoa dira, BPGaren %25 osatzen baitute, baina gaur egun, ordea, lan horiek egiteak dakartzan ondorioak emakumeon pobretzera jotzen dute, eta ez sortzen duten aberastasuna birbanatzera».
 


Etxebarrietaren ildo beretik, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak azaldu du EH Bildu jada aplikatzen ari dela irizpide eta printzipio horiek bertako Udalean, funtsezkoa baita «elkarlanean aritzea eta ahots guztiak entzutea urgentziazko agenda bat definitzeko, zaintzarako sarbidean dauden desberdintasunak gainditzeko eta pertsona guztientzat zaintza eskubidea modu duinean bermatzeko». Horren garapena da, hain justu, Zumaian Zaintza Zaintzen prozesua, lehentasunezko lau gai lantzea ahalbidetu duena: «zaintza beharrak kontuan izango dituzten etxebizitza eredu berriak, eguneko zentroen eta erresidentzien eredua birpentsatzea, zaintzaren arloan gizonen inplikazioa sustatzea eta askotarikoen arteko topalekuak sortzea». Halaber, «Mugimendu Feministak eta Malen Etxea elkarteak sustatuta 'Zaintzen duen Zumaia irudikatzen' prozesua abian dago duela hiru urtetik eta proiektu pilotu bat martxan jarriko da herriko auzo batean».