EH Bilduk irmotasun osoz salatu nahi du Saharako aktibista gaztea Loiuko aireportuan atxiki izana. Era berean, deportatzeko erabakia zein asilo politikoa eta nazioarteko babesa emateko eskaera berriz aztertzea eskatzen dugu.
Egunak daramatzagu Bizkaiko aireportuan hamar egun baino gehiago atxikita daramatzan gaztearen egoera gertutik jarraitzen. Horregatik, eskura ditugun solaskidetza- eta eragin-bide guztiak aktibatu ditugu, bai euskal agintariekin eta Estatuan eskumena dutenekin, bai saharar komunitatearekin eta aktibistaren ingurune hurbilenarekin.
Ildo horretan, Kongresuko diputatu Jon Iñarrituk gaztea berehala aske uzteko exijitu dio Espainiako Barne Ministerioari. Gainera, EH Bildu etengabe dago harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin kasuaren jarraipen zehatza egiteko. Atzo bertan, Igor Zulaika eta Edurne Benito del Valle EH Bilduko legebiltzarkideak Loiun izan ziren, Euskal Herrian bizi diren hainbat ekintzaile sahararrekin batera, gazteari laguntzeko.
Gertaera horien aurrean, gure iritziz, babes eta asilo eskubideen aurkako eraso bat delako, EH Bilduk bat egiten du saharar komunitateak deitutako mobilizazioekin eta, zehazki, gaur arratsaldean 19:00etan Bilboko Moyua plazan deituta dagoenarekin. Halaber, gazte aktibistaren askatasunak eta integritatea babesteko exijitzen dugu; izan ere, Marokora deportatzen badute, hori guztia arriskuan egongo da.
Azken batean, gure konpromisoa berresten dugu, eta datozen orduetan etengabe lan egingo dugu, behar den guztia eginez, saharar herriaren eskubideen eta askatasunen alde.