AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-12

EH Bilduk Gasteizen, Santa Barbara plazan, abiatu du hauteskunde kanpaina hamarnaka militanteren babesarekin, eta haiei zuzendu zaizkie Arnaldo Otegi idazkari nagusia, Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua, Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburua, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburua eta Rocio Vitero Gasteizko alkategaia.

 

Arnaldo Otegik hilaren 29ko hauteskundeen garrantziaz ohartarazi du, jokoan dagoena, alternantzia baino, eredua bera delako. “Bi joera daude, edo eskubideak murriztea edo eskubideak eta askatasunak bultzatzea, eta Euskal Herria Bildu horretan dago, bigarrenean”. Dikotomia horretan, funtsezkoa da, bere iritziz, PPk eta Voxek osatzen duten blokeari hautestontzietan irabaztea, eta hori hala izango dela ziurtzat jo du. “Herri honek PP-Vox garaituko du, hori segurua da, hori posible egiteko baldintzak sortu ditugulako, herriz herri, lantegiz lantegi”.

 

“EH Bildu –esan du– ez dago etsipenaren apologia egiteko, itxaropenaren bandera altxatzeko baizik”. Alde horretatik, konfiantza osoa erakutsi eta “mobilizazio orokor baterako deia” egin du, etzi, larunbatean, Bilboko kaleak betetzeko, “eta gero gure selekzioa animatzeko”, eta azaroaren 29an, Euskal Herriko herri eta auzo guztiak esperantzaz eta askapen nazional eta sozialaren alde koloreztatzeko, hemen “herri antifaxista, sozialista, feminista eta abertzalea” dagoela erakutsiz.

 

EH Bilduko idazkari nagusiak, Gasteizen, martxoaren 3ko sarraskia gogoratu du, “inoizko jipoirik handiena”, sarraskian parte hartu zuen polizia baten hitzetan. Orain, 50 urte geroago, “jipoia, demokratikoa, langileena, sozialista, euskaltzalea, hilaren 29an emango diogu PP-Vox blokeari”. Brasilen Lula eta Berlinen Die Linke bezala, hemen “EH Bildu izango da bloke erreakzionarioa zulatzen duen olatuaren jarraipena”, bereziki Araban, non duela urte batzuk galdera zen “ea diputatu bat aterako genuen, eta orain galdera da ea ezker subiranista hauteskundeak irabazteko moduan dagoen, eta erantzuna da baietz, Araban ere posible dela hegemonia lortzea”.

 

Oskar Matutek, bere aldetik, etxebizitza larrialdiari erreparatu dio. Atzo bertan Euskal Herriko kaleetan etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka zabaldu zen aldarriari jarraituz, Bizkaiko zerrendaburuak berme gisa aurkeztu du EH Bildu. “Etxebizitza eskubidea zabaltzeko bermea gara, gehiengo aurrerakoi ausartago eta anbiziotsua posible egiteko bermea”. Hala frogatu da gaur bertan Madrilen, Kongresuan, non “bi dekretuen alde bozkatu dugun”, jendearen eta herri honen mesedetan, baina, deitoratu duenez, “eskuinaren blokeak alokairuak luzatzeko dekretua bertan behera utzi du, nahiz eta Jose Antonio Agirreren Gobernuak onartu zuen dekretua oso antzerakoa zen. Azkenean, porrot egin dituzten soluzioak proposatzen dituzte, egoera honetara ekarri gaituztenak”.

 

Hilaren 29an "demokrazia edo autoritarismoa" aukeratu behar dela ohartarazi du Matutek, eta ziurtatu du “eskuinak ez duela botere espazio bakar bat ere izango, gure esku baldin badago”. Ekidistantziaren arriskuaz ere ohartarazi du, “demokraziaren ideia bera” baitago jokoan. “Nahiz eta bere burua ekidistantzian kokatu nahi duenik egongo den, jarrera horrek ez gaitu zapaltzaile erreakzionariotik salbatuko”.

 

Ildo beretik, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak EH Bildu eta PP-Vox alianza kontrajarri ditu. Batetik, “aro politiko berri bat irekitzeko prest” dagoen errealitatea; bestetik, motozerraren mehatxua, etxebizitzaren arazoa konpontzeko “porrot egin duten soluzio sinplistak” planteatzen dituena.

 

Bestalde, Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko hautagaiak eta Josu Estarrona Arabakoak koalizio soberanistak Espainiako Gorteetan egindako lana nabarmendu dute, bai eta PP-Vox aliantzak demokrazia bera arriskuan jartzen duela ohartarazi ere. Horregatik, “Araban botoa EH Bilduri emateak poztasun bikoitza dakar, PP-Vox Senatutik kanpo utz dezakegulako. Irabaztera ateratzen gara, bloke erreakzionarioa minimo historikoetan uztera. Aliantza erreakzionario eta harrapariaren aurrean, gure ekintzak eta gure hitza berme dira”.