Azaroaren 11ko greba orokorraren biharamunean, milaka lagunek soldata duinen eta etxebizitza eskubidearen alde kaleak hartu ondoren, LABek eta EH Bilduk bilera publikoa egin dute, grebaren aldarrikapenak eta aurrera begirako erronkak aztertzeko. Bilkura horrekin abiatu du LABek hainbat eragilerekin egingo duen bilera sorta, egungo etxebizitza politikak eraldatzeko proposamenak egiteko. EH Bilduren aldetik Ekintza Politikoko idazkari Arkaitz Rodriguez, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta eta etxebizitza idazkari Xabier Astigarraga aritu dira, eta LABen aldetik Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Iratxe Delgado eta Jaime Iribarren Ekintza Sozialeko kideak.
Bi erakundeek grebaren bi aldarrikapen nagusiak berretsi dituzte: gutxieneko soldata propioa, martxoaren 17ko greba orokorrean ere aldarrikatutakoa, eta etxebizitza eskubidea bermatzeko egiturazko eraldaketak. Azken horien artean, espekulazioaren menpe dauden etxebizitzak behar kolektiboak asetzeko berreskuratzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea eta etxebizitza politika herritarren beharren arabera antolatzea nabarmendu dituzte.
“Soldatak igotzea eta etxebizitzaren prezioak jaistea elkarri lotutako bi borroka dira. Langileek lortutako soldata igoerak ezin dira alokairuen garestitzeak irentsita geratu. Etxebizitza eta soldata duinak bermatzea ezinbestekoa da bizitza duina izateko”, adierazi dute.
Testuinguru horretan, EH Bilduk etxebizitza eskubidea bermatzeko bestelako politika baten aldeko konpromisoa berretsi eta azken urteotan jorratutako bidean sakontzen jarraituko duela adierazi du, alokairuen prezioak jaisteko, maizterren egonkortasuna bermatzeko, bizitoki alternatibarik gabeko etxegabetzeak eragozteko, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzeko eta etxebizitza parke publikoa handitzeko.
Ildo horretan, LABek eta EH Bilduk azpimarratu dute mobilizazio sozialak irekitako aukerak erabaki politiko eta instituzional zehatz bihurtu behar direla. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete dituzten eskumenak eta legezko tresnak osotasunean erabil ditzatela, etxebizitza politikak herritarren beharren zerbitzura jartzeko. «Etxebizitza eskubidea legez aitortzeak hura benetan bermatzeko erabakiak, baliabideak eta borondate politikoa eskatzen ditu. Hemen ere badago zer egin, eta ezin da Madrilen gertatuko denaren zain egon».
Era berean, Euskal Herriak erakutsitako konpromiso solidarioa eta eraldatzailea balioetsi dute: “Azken urteetako grebek eta mobilizazioek euskal langileen arazoak eta beharrak agenda politikoaren erdigunera ekarri dituzte: pentsio duinak, zaintza sistema publiko komunitarioa, gutxieneko soldata propioa eta etxebizitza eskubidea. Olatu erreakzionarioak munduko hainbat herrialdetako agenda baldintzatzen duen bitartean, Euskal Herrian jendarte justuago baten aldeko borondatea adierazten ari da”.
Bide horretan aurrera egiteko, egungo eskumenak langileen eta herri sektoreen alde erabiltzearekin batera, burujabetzan jauzi bat egiteko beharra aldarrikatu dute, baita lan harremanei eta babes sozialari dagokienez ere. Hala, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, bakoitzak bere jardun eremutik: ekintza sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren bidez, zein ekimen politiko eta instituzionalaren bidez.
Bi erakundeen iritziz, bizi baldintzak hobetzeko borroka funtsezkoa da eskuin muturrari aurre egiteko: “Etxebizitza, soldata eta zerbitzu publiko duinak bermatzea, aberastasuna birbanatzea eta herritarrei bizi segurtasuna eskaintzea dira autoritarismoari, arrazakeriari eta norberekeriari aurre egiteko oinarriak. Euskal Herrian hobeto bizitzeko alternatiba kolektibo bideragarria badago, eta hori eguneroko bizitzan erakustea da erronka”.
Azkenik, azaroaren 11ko greba orokorrean egin bezala, azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan ere langileak eta herri sektoreak aktibatzeko beharra azpimarratu dute, bloke erreakzionarioari bidea ixteko eta Euskal Herrian burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren aldeko indarra biltzeko: “Eskuin muturrari eremu guztietan egin behar zaio aurre: lantokietan, kalean eta instituzioetan. Eskubideak defendatzeko eta berriak irabazteko, antolakuntza, mobilizazioa eta konpromisoa behar ditugu”.