Martxoaren 3ko sarraskia testuinguru oso zehatz batean eman zen: zer gertatuko zen jokoan zegoen, erreforma-prozesua edo frankismoarekiko haustura-prozesua. Horixe zen atzean zegoena Gasteizen, Jurramendin edo 78ko Sanferminetan. Diktadurari eutsi zioten oligarkiek erreforma kontrolatua egin nahi zuten, eta langileen mugimenduak, Gasteizen gertatu zen bezala, soldatak eta lan-baldintzak hobetzeko eskatzeaz gain, sindikatu bertikala zalantzan jarri nahi zuen.
Gaur 49 urte betetzen dira Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik. Eta 50 urte Franco hil zenetik. Franco hil zen, baina frankismoak hor dirau. Garai hartan bizitakoa, langileriaren borrokaren historia da eta herri baten historia da. 50 urte beranduago, gogoratu behar ditugu zeintzuk izan ziren irakaspenak: orduan jokatutako pultso berdina jokatzen ari da orain ere Euskal Herriko langileria, klase pultsoa, baina nazionala ere baden pultsoa. 50 urte beranduago esaten dugu trantsizio ez zela demokratikoa izan, frankismoa gidatzen zutenek gidatutakoa izan zela.
'Estos muertos son de todo el pueblo de Vitoria'. Eta, 1976ko martxoaren 3an bezala, hemen gaude, orduko baloreak eta borrokak gureak eginez.
— EH Bildu (@ehbildu) March 3, 2025
🌹✊ Gora Euskal Herriko langileria! pic.twitter.com/cxxa7O3xEw
Norbaitek ondo lotuta utzi nahi izan zuena askatu behar da. Eta bi dira funtsean zereginak: gure herriaren askapen nazionala eraikitzea eta Gasteizen langile-mugimendua piztu zuten printzipioetan eta balioetan oinarritutako politikak publikoak planteatzea.
Duela 49 urte esan ziguten erreformaren mugak gaindiezinak zirela, hobe zela porrota onartzea eta hobe zela ametsik ez egitea. Gaur, 49 urte geroago, hemen gaude esateko Gasteizko langileen ereduari jarraitzen diogula, martxoaren 3an zutik jarraitzen dugula, itxaropena izaten jarraitzen dugula. Herri honek askatasun nazionaleko estatusa eta gizarte-politika sozialista eta aurrerakoiak behar ditu, horregatik borrokatu baitzuten langileek Gasteizen martxoaren 3an.