AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-02-27
12:00etan Iruñeako Golemetatik abiatuta manifestazioa egindo du EH Bilduk apirilaren 9an. Ondoren, jai giroa izango da nagusi egun osoan zehar luzatuko den egitarau baten bidez.
 
Unai Urruzunok eta Bakartxo Ruizek egin dute aurtengo Aberri Egunaren aurkezpena: "Maite dugun herria" lemapean festa eta aldarrikapena uztartzeko deia egin dute.
 
Iazko Aberri Egunean Amaiur ekarri genuen gogora. Orain dela 500 urte Amaiurren gertatutakoa gure herriaren memoria bizia delako, oztopo guztien gainetik herri burujabea izateko borrokak gaurdaino bizirik iraun duela sinbolizatzen zuelako.
 
- Egia da oztopoek bertan jarraitzen dutela. Ez dira garai errazak, inondik ere, are gutxiago gurea bezalako herri txiki eta zatitu batentzat. Beste batzuen erabakien mende dagoen herri batentzat. Munduan demokrazia edo autoritarismoaren arteko lehia bortitza irekia dagoen honetan. - Euskal Herria Bilduk, Aberri Egun honetan ere, DEMOKRAZIA eta BURUJABETZAren ikurra astinduko du. Larrialdi klimatiko, energetiko, ekonomiko eta soziala bizi dugun garai honetan, gure erabaki propioak hartzeko eskubidea jarri behar ditugulako erdigunean. Eta horretarako, ezin gara zain egon euskal errepublika lortu arte. Komunitate gisa erantzun behar diegu erronka horiei.
 
- Herri gisa, komunitate gisa, gauza handiak egin ditugu eta egiten ditugu egunero kooperatibagintzan, kulturgintzan, euskalgintzan, ekologismoan eta oro har, herrigintzan... Komunitate bat gara, gure herriarekiko konpromiso militante sendo eta nekaezina mantendu duena. Harro gaude gure herriaz, maite dugu gure herria. Etsipenari aurre egin eta aurrera egiten duen herria da gure aberria.
 
- Aurtengo Aberri Egunean, hain zuzen, gure maitasun hori guztia bilduko dugu. Energia eta anbizio hori guztia askatzeko eguna izango da. Gure ametsak batzeko eguna. Maite dugun herria eta Euskal Errepublika berandu baino lehen eraikitzeko konpromiso kolektiboa erakutsiko dugu. - Iaz bezala, Iruñean ospatuko du Aberri eguna ezker soberanistak. Euskal Herriaren bihotzean, gure hiriburu historikoan. Aldarrikapena eta jaia uztartuko ditugu. Txanpon beraren bi aldeak direlako. Gure aldarrikapenak errealitate bilakatzeko, etorkizunari baikor begiratzeko hautua egin dugu, elkarrekin egingo dugulako.
 
- Horregatik guztiagatik, dei egin nahi diegu Euskal Herriko ezkertiar, soberanista, independentista, euskaltzale eta feminista guztiei datorren apirilaren 9an, Iruñean, 12:00etan Golem-etik abiatuta eginen dugun manifestazioan parte hartu eta ondoren ospatuko den jai erraldoian parte hartzeko. Finean, maite dugun herria elkarrekin amesteko. Elkarrekin eraikitzeko.