AKTUALITATEA

| 2024-10-19

Pernando Barrena eurodiputatu independentistak, Diana Urrea Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak eta Javier Arza Nafarroako Parlamentuko parlamentariak giza eskubideen aldeko eta arrazakeria instituzionalaren aurkako ekimenak erregistratu dituzte hiru ganberetan.

Ekintza bateratuaren helburua Europari eta munduari pertsona migratzaileen eskubideetan atzerapausorik onartzen ez duen nazio antifaxista garela erakustea da. Izan ere, Euskal Herrian gehiengo aurrerakoiak badaude horretarako.

EH Bilduk kezka handiz bizi ditu azken asteetako gertakariak, bereziki Ursula Von Der Leyenek migratzaileen deportazioak bizkortzeko eta Europar Batasunetik kanpo deportazio zentroak ezartzeko egindako proposamena. Proposamen honek Giorgia Meloni Albanian egiten saiatu denaren antzeko ildo politikoa jarraitzen du. Italiako auzitegiek saiakera hau geldiarazi badute ere, egunetik egunera gero eta handiagoa da babesgabeenak direnak pairatzen duten ziurgabetasun egoera. Gainera, ezker independentistaren ustez, are kezkagarriagoa da Frantzia bezalako herrialdeek migrazio politikak gogortzea, mugako kontrola handitzea eta deportazioak azkartzea eskatu izana.

Testuinguru horretan, Barrena eurodiputatuak adierazi duenez, "agerian geratu da ez dela beharrezkoa ultraeskuinak gobernatzea bere agenda gauzatu dadin. Ohartarazten genuen bezala, Von Der Leyenek ultraeskuindar "onak" eta "txarrak" bereizten jarraitzen du”. Gaineratu duenez, migratzaileak hirugarren herrialdeetara deportatzen uztea "giza eskubideen oinarrizko printzipioak urratzen dituen astakeria da". Europako ezkerreko The Left taldeko kideekin batera, Barrena prest dago "eskuin muturraren zuriketa onartezina geldiarazi eta irmo aurre egiteko”.

EH Bildutik, Europako Migrazio eta Asilo Ituna berriro ere oso zalantzan dagoen testuinguru honetan, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal nazioaren izaera solidarioa eta konpromiso antifaxista aldarrikatzea. Euskal Herriak eta bertako herritarrek arrazakeria, diskriminazioa eta berehalako deportazioak arbuiatzen ditu. Beraz, errespetuan, berdintasunean eta duintasunean oinarritutako migrazio-politiken aldeko apustua egiten dugu. Ildo horretan, funtsezkoa da Gasteizko eta Iruñeko ganberek migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideen alde duten konpromisoa ikusaraztea, Europako liderrak eta erakundeak sustatzen ari diren politika eta diskurtso arrazista eta xenofoboen aurrean. Adierazpen hori beharrezkoa da, azken asteotan ikusi baitugu Euskal Herria ere ez dagoela ultraeskuinaren mehatxutik salbu. Gure herriko parlamentuetan ordezkaritza oso txikia duten arren, giroa nahastu eta eztabaida politikoa kaltetzeko ahaleginean dihardute, immigrazioaren gaia era zitalean erabiliz.

Diana Urreak, bere aldetik, azpimarratu du EH Bilduk "leial" izaten jarraituko duela "Eusko Legebiltzarrean ultraeskuinaren aurrean babes-harresia eraikitzeko konpromisoarekin". Legebiltzarkidearen esanetan, "herri honetan gutxiengoa direnek ezin dute ez giroa ez eztabaida politikoa baldintzatu". Iragan ostegunean, ultraeskuindarrek Eusko Legebiltzarrean egindako ekimen batek "gizatasun falta eta herri honetan tokirik ez duten diskurtsoei oihartzuna emateak daukan benetako arriskua" erakutsi zuen, Urrearen ustez. Ultraeskuinaren ekimen hau Nafarroako Parlamentuko mahaiak gelditzea lortu zuen berbera da, EH Bilduren jarrera irmoari esker. Horren harira, Javier Arza foru parlamentariak nabarmendu duenez, "eskuina, hiperbolearen erabilera etengabearekin, migrazio-dramaz baliatzen da borroka politiko eta kulturalerako". Arzak azpimarratu duenez, "giza eskubideak ez dira eztabaidatzen, errespetatu egiten dira".

EH Bilduk espero du erregistratutako ekimenak gainerako talde politikoen ekarpenekin aberastuko direla eta datozen asteetan ganberen gehiengoen babesa jasoko dutela.