AKTUALITATEA

| 2026-11-04

EH Bilduk etxebizitzaren arazoa Eusko Legebiltzarraren eztabaida politikoaren erdigunean kokatuko du aste honetan. Horretarako, osteguneko osoko bilkuran EAE osoa etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko proposamena defendatuko du, eta ostiraleko kontrol saioan Pello Otxandiano EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak Imanol Pradales lehendakariari galdetuko dio alokairu-kontratuen luzapen automatikoa proposatzen duen dekretuari buruz Jaurlaritzak duen jarreraz.

Dekretu hori datorren asteko ostegunean bozkatuko da Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean. EH Bilduren iritziz, alokairu-kontratuen luzapen automatikoa beharrezko neurrietako bat da maizterren babesa indartzeko eta aldi berean etxebizitzen jabeei segurtasuna eskaintzeko.

Pello Otxandianok gaur arratsaldean etxebizitza politikei buruz Sestaon egindako solasaldian azaldu duenez, ostiraleko galderaren helburua Jaurlaritzaren jarrera ezagutzea da, une erabakigarrian gaudelako etxebizitza-politikaren garapenari dagokionez.

«Hala egingo dut uste dudalako une erabakigarrian gaudela etxebizitza politikaren garapenari dagokionez. Gai izango al dira erakunde publikoak gizartearen sektore zabalen bizi itxaropenak kaltetzen dituen krisi sozial honi aurre egiteko? Bai ala ez», adierazi du Otxandianok.

EH Bilduko bozeramailearen arabera, alokairu-kontratuen luzapen automatikoa «beharrezko lehen neurri estrukturaletako bat» da. «Maizterra babesten du eta, aldi berean, segurtasuna bermatzen dio jabeari. Europako toki askotan indarrean dagoen neurria da; beraz, europeartu egiten gaitu», gaineratu du.

Otxandianok gogorarazi du EAJk neurri horren aurka bozkatu zuela Diputatuen Kongresuan, eta datorren astean berriro izango duela botoaren norabidea aldatzeko aukera.

«EAJk neurri honen kontra bozkatu zuen Diputatuen Kongresuan. Datorren astean, berriro bozkatu beharko du, eta botoaren norabidea aldatzeko aukera izango du. Hala egingo balu, dekretua onartu eta indarrean sartzea ahalbidetuko luke», azaldu du.

Hala ere, EH Bilduk bereizi egin ditu EAJren Kongresuko jarrera eta Eusko Jaurlaritzaren beraren iritzia, azken hori oraindik ez baitute ezagutzen.

«Badakigu zein den gaur egun EAJk duen posizioa, baina ez dakigu zein den Jaurlaritzaren iritzia. Horregatik, egokitzat jotzen dugu ostiral honetan lehendakariaren beraren ahotik jakitea iritzi hori zein den», esan du Otxandianok.