AKTUALITATEA

| 2025-01-17

Onintze Oleaga EH Bilduren politika munizipalistako arduraduna eta Xabi Thicoipe EH Baiko politika instituzionaleko arduradunak agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, Azpeitian eta Angelun martxoaren 22an egingo dituzten jardunaldi munizipalistak aurkezteko.

Gaurkoan, EH Bilduk eta EH Baik egun berean Konferentzia Munizipalista antolatuko dutela iragartzen dugu. Martxoaren 22an egingo dugu, EH Bailduk Azpeitian eta EH Baik Angelun.

EH Bilduren kasuan, Konferentzia Munizipalista hau III. Kongresuaren biharamunean izango da. Kongresuko ponentzian diogun gisan, udal politika eremuak balio estrategikoa du nazio eraikuntza eta eraldaketa prozesuak behar duen behetik gorako bulkada sortu/ernatu/... dadin. Justuki III. Kongresu honetan nazio auzia jarri dugu erdigunean, Euskal Herriko Errepublika konfederala helburu herri prozesu demokratiko bat martxan jartzeko, hirugarren nazio eraldaketarako prozesua piztea dugu datozen hilabete eta urteetako lana.

Zentzu horretan, aurten, jauzi bat egingo dugu eta EH Bilduk eta EH Baik batera ospatuko dugu. Izan ere, ezker subiranismoak mugimendu munizipalista oso bat eratzen du. Ezker subiranismoa da Euskal Herriko zazpi herrialdeak munizipalismotik lantzeko aukera duen indar politiko bakarra, gure nazioa munizipalismotik marrazteko baliabideak dituen euskal indar politiko bakarra.

Errealitate ezberdinen gainetik, ezker subiranismoak tradizio munizipalista handia du mugaren bi aldeetan, eta herriz herri egiten dugun lanak, Euskal Herriko lehen indar munizipalista izatera ekarri gaitu.

Zentzu honetan, ospatu beharra dugu asteburu honetan bertan Euskal Herrian ezker independentismoak beste alkatetza bat gehiago lortu duela, Ahetzeko herriko bozak irabazi ondoren, herriko etxearen buruan izango baita.

Euskal Herrian udalgintzak balio estrategiko propioa izan du, Lizarrako Estatutua, 77ko alkateen mugimendua, Udalbiltza,... hainbat dira balio honen adierazpideak. Eta ziur gaude, bizi dugun testuinguru politiko honetan ere, besteak beste, hiru eremu administratiboetan irekiko den estatus politikoaren gainditzean, herri honetako munizipalismoak garrantzia berezia izango duela.

Bestetik, herri erronka garaikideak gainditzeko ekarpena egitean. Egungo testuinguruan datozen urteetan erronka kolosalak gainditzeko ibilbidearen oinarriak ezarri beharko ditugu, eta oinarri horiek ezinbestean udalak eta udal politikak barnebildu behar dituzte. Ezin izango ditugu gainditu tokian tokiko langintza komunitarioari iskin eginez.

Desegonkortasun garaiotan, euskal herritarrei ziurtasuna eskaintzeko ardura hartua dute bere gain EH Bilduk eta EH Baik. Eta hori munizipalismotik egiten hasten da, herritarrengandik gertuen dauden erakundeetatik. Alde horretatik, EH Bilduk eta EH Baik erakutsia dute udal politika ere herritarren ongizatea bermatzeko erabiltzen dituztela; udalak eta beren zerbitzu publikoak herritarren eskubideetan sakontzeko eta beren bizi baldintzak hobetzeko erabiltzen dituztela.

EH Bildu

Horren adierazle dira azken urteetan EH Bilduk gidatutako udaletan egin diren udal politika aurrerakoiak eta berritzaileak edota lortu diren akordioak. Bide horretan sakontzeko konpromisoa berresten du EH Bilduk, bere lehentasun politikoa delako euskal herritarren bizi baldintzak hobetzea.

Zentzu horretan, etxebizitzaren problematikak biziki kezkatzen gaitu EH Bildun. Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko gaitasuna duen indar politiko bakarra dela erakusten ari da EH Bildu. Tokikotik eta horrek dakartzan mugekin, baina betiere ekintzekin erakutsiz bizitegi larrialdia leheneratzeko konpromisoari irmo eusten diola.

Oreretakoa izan zen udalerria gune tentsionatu izendatu zuen Euskal Herriko lehen udala, eta orduz geroztik beste batzuk etorri dira eta gehiago ere etorriko dira. Etxebizitzaren problematikari konponbideak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du herritarren aurrean EH Bilduk, baita udal politikatik ere, aukera dagoen eremuak gune tentsionatuak izendatzeko eta bestelako politika eraginkor guztiak ezartzeko.

Trantsizio energetikoak sakontzeko erronkari heltzen ere jarraituko dute EH Bilduren udalek, eskura dituen aukera eta politika guztiak indarrean jarriz.

EH Bai

EHBairen kasuan, oroitarazi nahi dugu Ipar Euskal Herrian iragan ziren 2020ko herriko bozetan ezkerreko abertzaletasunak aitzinamendu garrantzitsua egin zuela, lehen aldikoz herriko etxe berriak lortuz. Ondorioz, Euskal Elkargoan ordezkaritza handiagoa izanik, ezkerreko hautetsi abertzaleek lurralde mailako politiketan egin ekarpena determinanteagoa izan da azken urte hauetan.

Urte hauetan gure ardurak hartu eta iniziatiban izan gira, adostasunean eramaten ari diren politika ezberdinei loturik. Horien artean, gurean ere adibideetako bat da etxebizitzaren arloa. Ipar Euskal Herriak, jakina denez, konpetentzia oso mugatuak ditu arlo guzietan, baina hala ere, hainbat neurri hartu ahal izan dira bizitegi turistikoak murrizteko edota alokairuen prezioak arautzeko. Gogoratu behar da, erraterako, bigarren etxebizitzak parke osoaren %21 direla egun. Horregatik, problematika larri honen aitzinean, beste eragileekin batera EH Bai lehen lerroan da karrikan eta lurralde zein herri mailako instituzioetan, etxebizitza duina herritar guziei bermatzeko aldarrikapenak eramanez eta politika publikoak bultzatuz.

Egun bizi dugun krisi testuinguruan, Ipar Euskal Herrian dugun erabaki gaitasuna oso mugatua dela azpimarratzen dugu. Horrek eragin zuzena du politika publikoetan, bai lurralde ikuspegitik bai herri mailan. Horregatik argi dugu, ondoko erronketako bat dela erabakimen ahalmen eta eskumen gehiago emango dizkigun instituzio bat lortzea. Horregatik ere, 2026an iraganen diren herriko bozak eta horren ondoriozko Euskal Elkargoaren osaketa berria lehentasunezko erronka dira EH Bairentzat. Jadaneko martxan gira eta Topaketak erronka horri erantzungo dio.

Martxoaren 22an Azpeitian eta Angelun ospatuko dugun Konferentzia Munizipalistan, nazio eraikuntzari udalgintzatik egin diezaiokegun ekarpena aztertu eta udal esperientzien trukaketa egingo dugu.