AKTUALITATEA

| 2024-06-29

Espainiako eta Frantziako selekzioekin nazioarteko txapelketetan parte hartzeari publikoki uko egin dioten hainbat euskal pilotarik agerraldia egin dute gaur Hendaian, eta pilotaren euskal selekzioaren ofizialtasunean aurrerapausorik ez dela izan salatu dute. EH Bilduk eta EH Baik babesa eta elkartasuna adierazi diete pilotari horiei, eta bat egin dute euren aldarrikapenekin, uste baitute Euskal Herria nazioa dela eta eskubidea duela nazioarteko lehiaketa guztietan bere selekzioarekin ordezkatua izateko.

Dagoeneko 17 hilabete igaro dira Espainiako Estatuan Kirolaren Legea onartu zenetik. EAJ pozik agertu zen orduan lege aldaketa horrek euskal pilota eta surf selekzioek nazioarteko txapelketa guztietan ofizialki parte hartzeko aukera ematen zuelako. Euskal pilotaren kasuan, Euskadiko Pilota Federazioak urratsak eman ditu Nazioarteko Federazioan, baina Espainiako eta Frantziako federazioen oztopoekin topo egin du, eta horrek eragotzi egin du euskal selekzioaren ofizialtasuna errealitate bihurtzea.

EH Bilduk eta EH Baik konpromisoa hartzen dute arlo guztietan lan egiten jarraitzeko, euskal herritarren ametsa egia bihurtzeko eta Euskal Herriko kirol selekzioak nazioarteko lehiaketetan ofizialki lehiatzea lortzeko. Eskubide hori nazio eta herri gisa dagokigu, eta euskal herritarren aspaldiko aldarrikapena da.