AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-12-26

Pertsona zaurgarrien etxegabetzeak 2025 urtera arte debekatzea neurri sozial eta ekonomikoen dekretuaren barruan sartzea lortu du EH Bilduk. Neurri hori txertatzeko eskatu zion ezker subiranistak Espainiako Gobernuari, eta negoziazioaren eta lortutako akordioari esker, bihar onartuko duten dekretuan jasoko dute. Horri esker, etxegabetzeen aurkako ezkutua mantenduko da, bereziki bizitoki alternatibarik gabeko pertsona zaurgarriei mesede egingo diena. Neurri hori eta Etxebizitzaren Legean adostutako alokairuen %3ko muga bi neurri ezinbestekoak dira milaka eta milaka familiak bizi duten egoera zailaren aurrean.

2025era arteko etxegabetzeen debekua jasoko du Ministroen Kontseiluak bihar onartuko duen dekretuak, EH Bildurekin hitzartutako beste bi neurrirekin batera: oinarrizko horniduren mozketak debekatzea (argia, ura eta gasa) eta galdara komunitarioen TUR4 tarifa arautua luzatzea; abenduaren 31n amaitzekoa zen neurri horien indarraldia.

EH Bilduk positibotzat jo du akordioa, baita beste neurri sozial batzuk mantentzea ere, Euskal Herriko eta Estatuko milaka familiak bizi duten testuinguru ekonomiko eta sozial zailean oraindik beharrezkoa den babesa ematen jarraitzeko.

EH Bilduk jakin badaki neurri horiek oraindik ez direla nahikoak pertsona askok bizi duten krisiari aurre egiteko; horregatik, legealdian zehar lan eskubideak, elikadura edo etxebizitza hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, horiek baitira bizitza duina aurrera eramateko ezinbesteko oinarriak.