EH Bilduk osoko bilkura monografikoa egiteko eskaera erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, eredu sozial eta ekonomikoaren inguruko herri eztabaida irekitzeko helburuarekin. Egitasmoak politika ekonomiko eta industrialaren norabidea aztertu, lehentasunak ezarri eta eszenatoki ekonomiko berrian garrantzitsuenak diren ekimenen inguruan eztabaidatzea du helburu.
Ikuspegi ekonomikotik, EH Bilduk uste du aldaketa global handien unean gaudela, eta horrek ondorio zuzenak dituela euskal ekonomian. Donald Trumpen bigarren agintaldiaren etorrerak nazioarteko ordena berri baten eraketa ekarri du, Bigarren Mundu Gerraren ostean sortutako erakunde globalek eragina galdu duten mundu multipolarra ezaugarri duena. Protekzionismoaren gorakadak eta muga-zergak ezartzeak desglobalizazio partziala eragin dute, Europako ekonomien lehiakortasunean eraginez.
Testuinguru horretan, Europak desindustrializazio-prozesu bati eta lehiakortasun teknologikoaren galerari egin behar die aurre, eta ordena global berrian atzean geratzeko arriskua du. Europako Batzordeak "Clean Industry Deal" eta "ReArm Europe" planak abiarazi ditu, besteak beste, erronka horiei aurre egiteko, eta datozen urteetarako norabidea finkatu du. Hala ere, Europaren autonomia estrategikoaren auziak eztabaidagai izaten jarraitzen du, bereziki ekonomia eta industria arloan.
Euskal Herrian, ziurgabetasun ekonomikoa nabarmena da gizartean eta agenda politikoan. Azken hilabeteetan, Guardian, Talgo, Balenciaga eta Bridgestone bezalako enpresei buruzko hainbat albistek markatu dute gaurkotasuna, industria estrategia sendo baten beharra agerian utziz. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri bultzatu ditu, hala nola, Euskal Industriaren Defentsarako Talde bat eta finantza aliantza bat sortzea, Industria Plan bat aurkeztuko dutela eta sektorean lehen inbertsio publikoak egingo dituztela iragartzeaz gain. Dena den, aurreikuspen ekonomikoek eztabaida sortu dute, hazkunde sendoko agertoki batetik 2025erako espektatibak beherantz berrikusteko aukerara igaroz.
Gai horiekin batera, agenda publikoan hainbat gaik hartu dute protagonismoa: fiskalitateak, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak, trantsizio energetikoak, lan absentismoak, etxebizitzaren merkatuak, datu zentroen ezarpenak, euskararen eta enpleguaren arteko harremanak edo Eusko Jaurlaritzak atzerriko tituluak homologatzeko duen eskumena baliogabetzea Auzitegi Gorenak. EH Bilduren ustez, eztabaida horiek modu partzialean eta testuinguru ekonomiko berriaren azterketa sakonik gabe ari dira lantzen.
Dakizuenez, EH Bilduk azken asteetan bilera erronda egin du eragile ekonomiko, sindikal eta sozialekin. Topaketa horietan eragile horien guztien iritziak, ikuspegiak, planak eta kezkak jaso ditu, eta, lehen ondorio gisa eta horiei guztiei erantzunez, eztabaida ekonomikoari bere osotasunean heltzeko espazio bat sustatzeko beharra planteatzen du.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk eskaera erregistratu du Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura monografiko bat egiteko helburuarekin, egoera ekonomiko eta sozialaren azterketa sakona egin ahal izateko. Alderdiak uste du garaia dela parlamentuan eztabaida serio bat bultzatzeko Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak hurrengo urteetan hartu behar duten norabideaz, ikuspegi integral batekin jorratuz herrialdearen eredu sozial eta ekonomikoa indartzeko beharrezkoak diren erronka eta estrategiak.