AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-10-24

Gaur arratsaldean bilduko da EITBko Administrazio Kontseilua, eta bertan bozkatuko dira erakundearen datorren urterako aurrekontuak. EH Bilduk aurreratu du aurrekontuen onarpenaren aurka bozkatuko duela, iaz egin zuen bezala. “Aurten ere egiaztatu dugu EITBko zuzendaritzak erabaki duela komunikazio talde publikoa politikoki erabiltzea, batzuen interesak babesteko erabiltzea. Egoera honen aurrean, aurrekontuen aurkako botoa ematera behartuta gaude”, adierazi du Unai Urruzuno EH Bilduk EITBko Administrazio Kontseiluan duen ordezkariak.

Azken urteetan, EH Bildu abstenitu egin da bozketa honetan, baina Andoni Aldekoa EITBko zuzendaritzara iritsi zenetik kontrako botoa eman du; iaz aldatu zuen lehenbizikoz bere botoaren zentzua. “Aldekoa EITBko zuzendaritzara iritsi zen despolitizazio bat aginduta. Baina justu kontrakoa egin du. Politizatu egin du, batzuen interesak bultzatu eta babesteko, kargu horretan jarri dutenen interesak, hain zuzen”.

Hori da EH Bilduk komunikazio publikoko erakundearekin duen kezka handienetako bat, baina ez bakarra. Ezkerreko indar subiranistak uste du atzerapauso larriak gertatzen ari direla bai euskararen gaian, bai euskal agendaren eta esparru komunikatiboaren arloan. “EITB ez da erabiltzen ari herria egiteko. Mimetismo joera kezkagarria dago telebista estatalekin”, esan du Urruzunok. EH Bilduk uste du gaur arratsaldean bozkatuko diren aurrekontuak ez daudela zuzenduta EITBk dituen gabezia larri horiek konpontzera.

Azkenik, EH Bilduk salatu du EITBko zuzendaritzak ez duela borondaterik izan Administrazio Kontseiluan ordezkatuta dauden eragileen ekarpenak batzeko; izan ere, joan den ostegunean aurkeztu zizkieten aurrekontuak, eta gaur bozkatu behar dituzte.