AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-05

EH Bilduk EAE osoa tentsio handiko eremu izendatzea proposatu du gaur Legebiltzarrean, “etxebizitza larrialdia lurralde osora zabaltzen delako”, Xabier Astigarragak ohartarazi duenez. “Etxebizitzaren arazoa ez da hiriburu nagusietan edo udalerri zehatz batzuetan soilik gertatzen den arazo isolatu bat; problematikaren ezaugarriak ez dira berberak izango toki guztietan, baina etxebizitza bat lortzeko arazoa orokorra da udalerri guztietan”.

Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo du instituzioek errealitate horri heltzeko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzea, eta, beraz, erkidego osoa eremu tentsionatu izendatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, legeak eskumen hori ematen diolako, horren bitartez etxebizitzaren merkatuan esku hartzeko. “EAJ-PSE Gobernua ez da merkatuan esku hartzeko daukan gaitasun guztia baliatzen ari, minimoetan mugitzen ari baita, eta une honetan, arazoa areagotzen ari den honetan, anbizio maila igo egin behar da, dauzkagun aukera guztiak baliatu behar ditugu merkatuan esku hartzeko”.

Astigarragak azaldu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa (EH Bilduk Nafarroan ere proposamen bera egin du) tentsio handiko eremu izendatzeak zoru berri bat ezarriko luke, sektore publikoari merkatuan esku hartzeko gaitasun handiagoa emango liokeena. “Ez diogu neurri bakar honekin etxebizitzaren arazoa konponduko dugunik, ezta gutxiago ere, baina arazoari aurre egiteko baldintza egokiagoak izango genituzke, eta batez ere, herritarrak prezioen hazkundearen aurrean babestuko genituzke”.

Praktikan, Jaurlaritzak berak aitortu du jada EH Bilduk proposatzen duen bidea eraginkorra dela. Izan ere, Astigarragak gogora ekarri duenez, “Erandion eta Balmasedan hainbat herritar kaleratze arriskuan daudela jakin denean, berehala atera da eremu tentsionatuaren tramitea azkartuko dutela esatera. Hau da, onartu du tentsio handiko eremuak izendatzeak beste zoru bat ematen diela instituzioei esku hartzeko, onartu du kaleratze arriskuan dauden familia horiek bestelako babes bat izango luketela, Jaurlaritzak etxeko lanak garaiz egin balitu, eremu tentsionatuak jada izendatuta baleude”.