AKTUALITATEA

Ingurumena | 2023-07-26

Mikel Oteroren arabera “EAEk premiaz abiarazi behar du berriztagarriak hedatzeko prozesu ordenatu bat, beharrezkoak ez diren energia-kontsumoen murrizketarekin eta energia-eraginkortasunaren hobekuntza orokorrarekin paraleloan eta osagarri gisa”. Alabaina, Jaurlaritzak aurkeztu duen plangintza proposamenak ez du premia hori asebetetzen, eta lurralde ikuspuntu integral bat izan ordez, ingurumen baldintzatzaile eta baliabideen maparen arteko gurutzatze soil bat egin da.

Horrela, berriztagarrien planaren hasierako onarpenak ez du lehentasunezkoak diren autokontsumo kolektiboaren inguruko instalazioekiko planteamenturik egiten, edota ez du kontutan hartzen berriztagarrien hedapenerako behar diren elementu osagarriak, hala nola elektrizitatea ebakuatzeko lerro elektrikoak edo instalazioetako sarbiderako lanak. Ez du, halaber, trantsizio energetikoan inplikatuak dauden eragile ezberdinen (herritarrak, instituzio maila ezberdinak, enpresak) papera argituko duen lurralde logikarik.

EH Bilduren ustez, lurralde plana sektorial honek, Europako zuzentarauei jarraiki, berriztagarrientzako lurraldearen gune egokienak seinalatu behar ditu, bai, baina aldi berean lurraldearen gainerakorako irizpide substantiboak ezarri behar ditu, berrikuntza teknologikoei eta ezartzeko modu berriei agertokiak irekiz, instalatutako potentziaren hazkundea beste lurralde-helburu handi batzuei laguntzearekin uztartuz, hala nola, habitat produktiboak hobetzea lurzoruak berroneratuz eta konplexutasun ekosistemikoa sustatuz, eta Lurralde Antolakuntza Gidalerroen eta Europako hainbat estrategiaren helburu eta irizpideekin bat eginez, nekazaritza- eta baso-lurra erabiltzeko eredu bat bultzatuz.

Mikel Oteroren arabera, “Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Arloko Planaren proposamen berri hori hiru hilabeteko epean egin daiteke, eta ez dio kalte larririk egingo Euskadin berriztagarriak hedatzeko lurralde-plangintzako esparru bat lehenbailehen izateko ahaleginari. Proposamen berri hori jendaurrean jarri beharko litzateke beste aldi batean".