AKTUALITATEA

Zaintza | 2022-01-20

Rebeka Ubera EH Bilduko kideak prentsaurrekoa eskaini du gaur Bidasoa Eskualdeko Ospitalean, kalitatezko osasungintza sistema bat aldarrikatzeko. Bertan, EH Bilduk urtarrilaren 23an osasungintza sistema publikoa defendatzeko antolatutako mobilizazioekin bat egingo duela jakinarazi du. Hona hemen hitzartze osoa:

Covid-19ak agerian utzi du azken urteetan hartutako politiken ondorioz Osakidetzako lehen arreta desmantelatu dutela. Horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da arreta jartzea hartzen ari diren neurri eta erabakietan. Osasun larrialdia ezin da inondik inora aitzakia bilakatu urteetako lanarekin eraikitako gure osasun sistema are gehiago desmantelatzeko. Izan ere, Covid-19a agertu aurretik ere gabezia estrukturalak genituen eta pandemiak hori azaleratu eta areagotu baino ez du egin.

Beraz, egoera kritiko horren aurrean, egun Osakidetzak duen norabideari 180º aldaketa ematea ezinbestekoa da, herritarrak erdigunean jarriko dituzten politika eta neurri egonkor eta iraunkorrak bultzatuz. Zentzu horretan, inoiz baino inportanteagoa da Osakidetzako plantilla indartzea, kontratuak egonkortzea eta lan egiteko moduak errebisatzea, besteak beste, Osakidetzako antolaketa goitik behera errebisatu beharra dagoelako.

Hala ere, jakin badakigu, plantilla indartzea ez dela aldaketa hori erdiesteko nahikoa izango eta horregatik, beste hainbat neurri ere hartu behar direla deritzogu. Horien artean, lehen mailako arreta lehen lerroan eta agenda politikoaren erdigunean jartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, osasun sistema publikorako atea delako, herritarrei kontsulta presentzialak bermatzeko funtsezkoa delako eta herritarren osasun eskubidea bermatzeko oinarria delako.

Horregatik guztiagatik, inoiz baino inportanteagoa da guztiona den Osakidetza, guztiona den osasun sistema publikoa, defendatzea, kalera ateratzea eta mobilizatzea Osakidetza sendo eta indartsu baten alde; gu guztion osasuna zaindu eta bermatzeko.

Hortaz, EH Bildutik, bat egiten dugu hilaren 23rako sindikatuek eta eragileek deitutako mobilizazioekin. Osasun publiko duin eta kalitatezko baten alde borrokatzea, guztion ardura delako.

Azkenik, ez genuke aipatu gabe utzi nahi, bi urte luze hauetan jo eta ke lanean ibili diren osasungintzako langileen ikaragarrizko lana. Haientzat gure babes eta elkartasun osoa.