AKTUALITATEA

| 2021-11-09

EH Bilduk ate birakarien kontrako lege bat proposatu du gaur Legebiltzarrean. Maddalen Iriartek adierazi duenez, “ate birakariena ez da fenomeno berria, aspaldidanik goi kargu politiko askok, beti alderdi jakin batzuetakoek, jauzi egin baitute politikatik zuzenean enpresa handien administrazio kontseiluetara; ohiko bihurtu da konpainia handi batzuek, energetikoek, esaterako, ardura politiko garrantzitsuak izan dituzten pertsonak fitxatzea euren kontaktuez eta eskarmentuaz baliatzeko, betiere soldata altuen truke”. Botere politikoaren eta sektore ekonomiko estrategikoetako enpresa handien arteko harreman horrek dituen arrisku larriez ohartarazi du EH Bilduko bozeramaileak, bere iritziz, “botere politikoa botere ekonomikoaren menpe uztea ekar dezakeelako”.

Soluzioak eman nahian, EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen Legea, 2014az geroztik indarrean dagoena, aldatzeko. Lege erreforma horren helburua ate birakariei mugak jartzea litzateke, “ate birakariak EAJk urteetan zehar eraiki duen sare klientelar handiaren pieza bat” baitira. “Ez dugu esaten –argitu du Iriartek– administrazio publikoan ardurak izan dituzten pertsonak ezin direnik enpresa pribatura pasa, edo alderantziz. Dioguna da kanal horrek, publikotik pribatura doanak, legez araututa eta mugatuta egon behar duela, higiene demokratikoak eta erantzukizun politikoak hala eskatzen dutelako”.

Josu Estarrona legebiltzarkideak lege proposamenaren xehetasunak eman ditu. Elementu nagusi bezala, “proposatzen dugun legeak Etika Kodea eta Gobernu Onerako Organo Independentea sortzen du”, egungo Etika Batzordea, kargu politikoek osatua eta Jaurlaritzaren menpe dagoena, ordezkatuko lukeena. Orain arte ez bezala, organo berriaren kideak karrerako funtzionarioak lirateke eta “independentzia osoz jardungo dute interes gatazkak atzeman eta ate birakariak galarazteko.

Halaber, EH Bilduren proposamenaren arabera, behin ardura politikoa utzita, kargu politiko ohiek bi urtez itxaron beharko dute enpresa pribatuetako administrazio kontseiluetan sartu ahal izateko, “influentziak erabiltzeari dagokionez muga jartzeko helburuarekin”. Norabide berean, proposamena are zehatzagoa da Kontu Publikoen Euskal Epaitegiari dagokionean. EAJk, PSEk eta PPk duela gutxi berritu dute erakunde horren legea, baina txertatu dituzten aldaketek ez dute Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiaren kasua errepikatzea eragotziko. Bada, EH Bilduk gaur aurkeztu duen legearekin foru diputatu edota alkate izandakoak ezin izango dira Kontu Publikoen Epaitegian sartu.

Azkenik, Estarronak nabarmendu duenez, lege proposamen honek kargu publikoei aplikatu beharreko baldintzak eta betebeharrak zehazten ditu, baina baita ere, berrikuntza bezala, enpresa pribatuek bete beharrekoak, pertsona horiek kontratatu nahi izanez gero.