Aste honetan 3 urte bete dira Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik. Hasiera-hasieratik, EH Bildu inbasio horren aurka agertu zen.
Herrialdeak inbaditzea eta herriak okupatzea, arazoak areagotzea baino ez du ekartzen, konpontzetik urrun. Badakigu zer esaten dugun, Gernikako herria gara, okupazioaren eta gerraren logika maltzurra ezagutzen dugu zoritxarrez.
EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi die herritar zibil guztiei, inoiz deklaratu ez duten, erabaki ez duten eta inoiz hasi behar ez zen gerraren ondorioak pairatzen dituztenei.
Guretzat, gerraren balizko amaiera baten iragarpena albiste itxaropentsua da, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, gogoratu behar dugu inplikatutako alderdi guztien konplizitatea ez duen akordio batek ez duela konponbide iraunkorrik ekarriko. Edozein negoziazio eta akordio-prozesuk alde guztiak bildu behar ditu.
Hala ere, badirudi Riaden hasitako negoziazioek AEBren borondatea bestelakoa dela adierazten dutela, eta, gainera, agerian uzten dute Europar Batasunak behin betiko galdu duela konponbide adostua bilatzeko rol aktiboa izan eta bere gain hartzeko aukera.
EH Bilduk EBko buruzagi eta estatu batzuen borondate militaristaren eta EBk NATOren eta Washingtonen interes estrategikoekiko duen mendekotasunaren aurkako jarrera adierazi nahi du. segurtasuna bermatuko dien eta tentsio-eskaladetatik aldenduko gaituen eskema bat behar du. Euskal Herriak gerraren aurkako kontzientzia sakona izan du beti, eta NATOn sartzea errefusatu zuen Espainiako Estatuan egin zen erreferendumean.
Gatazka hasi zenetik, EH Bilduk argi azaldu zuen gaur inoiz baino balio handiagoa duen hausnarketa: armak bidaltzeak gerrara eramango gintuzke ezinbestean, eta ez zegoen garaipen militar posiblerik; beraz, negoziazioak eta diplomaziak bakarrik eman ahal izango zioten amaiera gerrari.
Hiru urte geroago, eta sekulako sufrimenduaren ondoren, armak bidaltzearen aldeko apustua egin eta negoziazioa gutxietsi zuten indar eta agente haiek beren jarrerak berrikusi eta bide diplomatikoaren aldeko apustua egin beharko lukete.
Gaur berresten dugu negoziazioa eta akordioa beste irtenbiderik ez dagoela.
Europak segurtasun eta autonomia politiko eta militarreko proiektu bat behar du, egonkortasuna eta bakea bermatzeko alde guztientzat.
Gaur, diplomaziaren eta alde guztien arteko negoziazioaren aldeko apustua egingo dugu berriro. Gaur, beti bezala, elkartasuna, bakea eta herrien subiranotasuna defendatzen ditugu.