AKTUALITATEA

| 2022-11-03

EH Bilduk eta LAB sindikatuak bilera egin dute gaur goizean Gasteizen, alderdi soberanistaren egoitzan. Bertan, Euskal Herriko egoera politikoa eta sozio-ekonomikoa aztertu dute, eta herritarrak kalera ateratzeko eta mobilizatzeko beharra ikusi dute, bidegabekeria sozialak salatzeko eta berdintasunean oinarritutako gizarte hobea eraikitzeko bidean aurrera egiteko. EH Bilduren ordezkaritza Maddalen Iriartek, Unai Urruzunok, Ainhoa Beolak eta Miren Zabaletak osatu dute. LABen aldetik, Garbiñe Aranburu, Izaskun Garcia, Endika Perez eta Imanol Karrera izan dira bileran.

EH Bilduren ustez, aurre egin behar diogun egoera sozioekonomiko konplexuak baditu erantzuleak, hau da, desberdintasun sozialetan sakontzen duten eta milaka eta milaka euskal herritarrei bizi-proiektu duinak aurrera ateratzea eragozten dieten politika publikoak ezartzen aritu direnak. Egoera horren erantzuleek ekaitz bati buruz hitz egiten digute, fenomeno meteorologiko bati buruz, eta horrek egoera konplexuak bizitzera eramango gaituela. Ukrainako gerra ez da fenomeno meteorologikoa, prezioen gorakada ere ez, energia konpainia handiak eta bankuak guztion kontura aberasten ari direla ere ez eta gazteek etxebizitzarako sarbiderik ez izatea ere ez.

Etsipena eta besoak gurutzatuta etxean geratzea ez dira aukera bat EH Bildurentzat. Horixe da, hain zuzen ere, euskal herritarrak egoera horretara bultzatu dituztenek bilatzen dutena. Euskal herritarrak konponbideak eskatzera kalera ateratzeko unea da. Kalera atera beharra dago, gerra gelditzea exijitzeko, herri honetan sortutako aberastasunaren banaketa bidezkoagoa egitea aldarrikatzeko eta politika publiko guzti-guztiak eta zer izan nahi dugun hemen erabaki ahal izateko burujabetza maila handiagoa eskatzeko.

Horretarako lehen aukera azaroaren 12an izango da, Bilboko kaleetan, EH Bilduk deitutako manifestazioan. Etsipenaren aurrean, bakearen, aberastasunaren banaketaren eta euskal herriaren subiranotasunaren aldeko euskal olatu erraldoi bat altxatzeko deia egiten dugu. Dei egiten diegu ezkerrekoak eta aurrerakoiak sentitzen diren herritar guztiei eta demokrazia eta subiranotasuna gizarte gisa aurrera egiteko bidea dela uste dutenei, Bilboko kaleetara ateratzeko, indarrak batzeko. Elkarrekin geldiezinak garelako.