AKTUALITATEA

| 2024-03-16

Lehen aldiz, EH Bilduren oinarriek hauteskundeak egin aurretik aukeratu dituzte Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaia eta talde parlamentarioaren bozeramailetzaz arduratuko den pertsona. Ostiralean eta larunbat eguerdira arte, bilkideek botoa eman dute Mahai Politikoak kargu horietarako egindako proposamenak berresteko. Horrela, ezker subiranistaren oinarriek Eba Blanco berretsi dute Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai gisa eta Nerea Kortjarena talde parlamentarioko bozeramaile izareko. Eba Blancok bozkatu duten bilkideen %85,9ren babesa lortu du eta Nerea Kortajarenak %96,2koa.

Eba Blanco (Amurrio, 1973), Legebiltzarreko lehendakarigaia izango litzatekeena, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia da eta 2012az geroztik EH Bilduko legebiltzarkidea izan da, gizarte politiketan eta osasun arloan bozeramaile. 2016az geroztik EH Bildu ordezkatu du Legebiltzarreko Mahaian, presidenteorde bezala. Kazetaria da ikasketaz eta itzultzailea lanbidez, zinema eta telebista bikoizketaren esparruan.

Nerea Kortajarena (Donostia, 1974), apirilaren 21eko hauteskundeetan Gipuzkoako zerrenda-burua izango dena, legebiltzarkidea da 2016. urtetik eta bozeramaile kargua hartu zuen Legebiltzarrean Maddalen Iriartek Gipuzkoako Foru Aldundirako hauteskundeak irabazteko erreleboa eman zionean. Talde parlamentarioaren koordinatzaile politikoa izan da eta, Eba Blanco bezala, EH Bilduren Mahai Politikoko kidea ere bada. Gizarte langilea da lanbidez eta ibilbide profesional luzea egin du gizarte zerbitzuen arloan. Azken urteetan, EH Bildun duen erantzukizun politikotik, zaintza lanen eta Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren beharrezko eraldaketaren inguruan aritu da bereziki.