AKTUALITATEA

| 2021-09-28

Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak, elkarrizketa eskainai du gaur eguerdian Hamaika Telebistan. Bertan, argindarraren prezioa, lan gatazkak edota autogobernua izan ditu mintzagai, besteak beste. Hona hemen laburpen bat:

Argindarra
Eskandaluzkoa da, ongizate minimo bat ez bermatzeko mailara iritsi daiteke hainbat pertsonentzat; are gehiago neguan.

Ate birakarien bitartez politiko batzuek interes handiak dituzte argindarrarena bezalako oligopolioetan eta hori geratu beharra dago, herritar guztien eskubideak bermatzeko.

Guk itzalaldia eta protesta eramango dugu kalera, herritarrak deitu nahi ditut konturatu daitezen zer nolako abusua den oligopolioek egiten digutena.

Lan gatazkak
Pandemiaren eraginez, edo aitzakian? Oro har, Tubacexen kasuan eta abarretan Jaurlaritzak patronalaren alboan ikusi dugu soilik, haien interesei men eginez, langileen interesetatik urrun. Ikusi beharko da orain ITPrekin zer gertatzen den, esaten da abiapuntua ez dela txarra, baina gauza asko daude erabakitzeko eta ikusi beharko da Jaurlaritzak parte hartzeko aukera izango duen. 

Edozein kasutan euskal industriaren errotzeari buruz ari bagara, diru publikoz hornitzen badira enpresak hemen traktoreak izan daitezen, gero horiek ere ordain bat zor diote gizarteari: enplegu egokiak, lan prekarioa ez zabalduz eta benetan traktoreak izango direnak bai industriaren ikuspuntutik baita langileen ikuspuntutik.

Autogobernua
Erabakitzeko eskubideaz gutxi hitz egiten dute, definizio oso anbiguoetan babesten ari dira eta erabaki behar dute zer egin nahi duten: edo txapuza bat edo herri honi bide bat ematea etorkizunean dituen erronkei erantzun ahal izateko.

EAJren hiztegitik desagertu egin da erabakitzeko eskubidea, eta hori da eztabaidaren gakoa. Sozialistak gutxiengoa dira, gutxiengo batek ezin dio gehiengo bati inposatu zein izan behar den bidea. Gehiengoak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi du eta guk, hautetsiek horri erantzun behar diogu.