EAEko hainbat epaitegitan azken urteotan udal eta toki erakundeetako politika linguistikoaren aurka kaleratu diren sententziek kezka eta ziurgabetasun juridiko handia eragin dute hizkuntza irizpideen inguruan. Irungo Udalaren kasua izan zen lehena: epaile batek atzera bota zuen hamabi udaltzain kontratatzeko deialdia, euskara ezagutzeko baldintza gehiegizkoa zela iritzita. Ondoren etorri zen Gipuzkoako aterpetxeetako langileei euskara exijitzeko klausulen aurkako epaia. Geroago, Erandioko udaltzainentzako hizkuntza irizpideak baliogabetzeko erabakia ezagutu genuen. Aurten bertan, beste hainbat epai idatzi dira, norabide juridiko berekoak denak. Etorriko dira gehiago. “Oldarraldi judiziala” deitu izan zaio epaileen erabaki sorta honi.
Tokiko hizkuntza politika egiteko udal eta foru erakundeek duten eskumena kamusteko epaileek erabili dituzten argudioak lotsagarriak eta iraingarriak dira euskararen normalizazioaren alde dagoen edonorentzat: “Udaltzainak kalean bikoteka ari baldin badira, haietako batek euskaraz jakitea nahikoa da hizkuntza eskubideak errespetatzeko”; “euskara munduko hizkuntza zailenetako bat da ikasteko”; “hizkuntza eskakizunek ezagutza hori ez dutenei kalte egiten diete, enplegu publikora iristeko eskubideari dagokionez”.
Hainbat legegilek adierazi duten bezala, epaitegiak hizkuntza politika egiten jarri dira. Hizkuntza politika murriztaile eta mugatzailea.
Ez da anekdotikoa epaileek arrazoia ematea hizkuntza eskubideekiko eta hizkuntza normalizazioarekiko erresistentzia gotorra aldarrikatzen duten jarrera politikoei. Ez da anekdotikoa, eta ez da berria, baina aspaldi honetan agerikoagoa egin da jarrera hori, eta zabaltzen ari da. Noiz eta hizkuntza politikak jauzia behar duela adostu dugunean euskaltzaleok.
“Langileak elkarren kontra jartzea, eskubideak talkan daudela aldarrikatzea edota hizkuntzen arteko berdintasuna aldarrikatzea diskriminatzailea dela esatea eskuin muturraren eta muturreko eskuinaren markoa ideologikoa da, eta hori elikatzea, arduragabekeria politiko handia”, nabarmendu du Josu Aztiria EH Bilduko parlamentariak.
Esan daiteke une honetan epaileak markatzen ari direla EAEko hizkuntza politikaren mugak, eta horrek erakusten du hizkuntza eskubideak babestearren azken hamarkadatan altxatutako egitura juridikoaren ahultasuna. Eta hura moldatu beharrak daukan urgentzia.
Une kritikoan iritsi baita oldarraldia, hizkuntza politika bera bidegurutze garrantzitsu baten aurrean dagoelako. Eta norabide egokia hartzea ezinbestekoa da hurrengo urteetan ere asmatzeko, erronka itzelak baititugu aurrean, eta denek lotura dutelako biziberritzearen erritmoaren motelaldiarekin: ezagutzak gora egin du azken hamarkadetan, baina erabilera ez da neurri berean hazi; gazteentzako eskolaz kanpoko eskaintza ahulegia da erdararen erakargarritasun digital dirdiratsuarekin alderatuta; herritar berri ugariren etorrera etengabeak sortzen duen desafioak edota lan mundua euskalduntzeko egin behar den ahalegin erraldoiak baliabideak eta irizpide bateratuak exijitzen dituzte. Eta ez ditugu. Egoerak sakonera handiko hizkuntza politika ausarta eta anbiziotsua eskatzen du. Falta zaiguna.
Une honetan, beraz, akordio soziopolitiko berriaz gain, ezinbestekoa da bultzada publiko etengabe eta arduratsua. “Erakunde publikoei eredugarriak izatea dagokie, baita praktika linguistikoetan ere”, azaldu du Aztiriak. “Administrazioak erakusten badu euskara garrantzitsua dela, mezu indartsua ematen die hemengo biztanleei zein hona bizitzera eta lan egitera datozen herritarrei”. “Zein seinale instrumental eta sinboliko ematen ari gatzaizkio gizarteari, administrazioan lan egiteko edo gobernuan egoteko euskara ez dela beharrezkoa esaten badugu?”, gaineratu du.
EH Bilduren ustez, garbi dago kontratazio publikoan irizpide linguistiko ausartak txertatzearen aurkako azken epai hauek administrazioen hizkuntza politikarekiko sinesgarritasun arazoa eragin dutela, eta autogobernua higatzen dutela, euskararen erabilera normalizatzeko politikak oztopatzen dituztelako eta euskararen biziberritzeari begira eratutako lege, araudi eta dekretuetan ezegonkortasun juridiko handia sortzen dutelako.
Horregatik, laster, Euskal Enplegu Publikoaren legean hainbat aldaketa egiteko lege proposamena aurkeztuko du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, oinarri garbi eta ausart batekin: funtzio publikoetarako sarbidean hizkuntza-eskakizunak orokortzea. Alegia, enplegu publikoan jarduteko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea irizpide orokorra izatea nahi dugu EAE osoan. Beti ere, salbuespenetarako sistema justu baten bermearekin. Ondorioz, gaurkoaren alderantzizkoa izango da sistemaren logika, eta administrazioek justifikatu egin beharko dute euskararen ezagutza ez exijitzeko arrazoia.
“Tresna berriak behar ditugu paradigma aldatzeko”, nabarmendu du Josu Aztiriak. “Euskararen Legea norbanakoen hizkuntza-eskubideetan zentratutako legea izan da eta gauza asko eman ditu, baina orain lan-eremuak euskalduntzeko beste tresna batzuk behar ditugu: beste aterpe juridiko bat XXI. mendeko hizkuntza-politikak aurrera eramateko eta pilatu dugun jakintza soziolinguistikoa praktikan jarri ahal izateko”.