AKTUALITATEA

| 2023-07-16

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur eguerdian, Lekeition. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak eta Jasone Agirre Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak hartu dute hitza.

Arnaldo Otegi: “Abertzalegoak errespetua merezi du eta azaldu behar zaio jendeari zer egingo den lortutako botoekin”

Askotan esan dizuet herri honetan bizikleta estatiko gehiegi dagoela. Beti ere, toki berdinean geratzeko, aliantzak egiten direnean; eta toki berean geratzeko, politika publikoak egiten direnean. Hau azken urteetan errepikatu dudan zerbait da. Azken udal hauteskundeetan beste gauza bat esan dizuet: betikoak, betikoekin, betikoa egiten. Eta orain, horri beste zerbait gaineratu behar zaio: betikoak, betikoekin (eta betiko horiei gehitu orain PP), betikoa egiteko. Hori da aldaketa nabarmenena. Oraingo honetan PP sartu dute ekuazio politikoan ez bakarrik betikoa egiteko, abertzaleak eta ezkerrekoak garenok irabazi ditugun instituzio batzuetatik kentzeko ere bai.

Herri honek errespetua merezi du. Hauteslegoak errespetua merezi du. Abertzalegoak errespetua merezi du. Bizkaiak errespetua merezi du. Bizkaitarrek errespetua merezi dute. Euskal herritarrok errespetua merezi dugu. Bere botoekin zer egingo den azaldu behar zaio jendeari. Guk badaukagu abantaila bat, abantaila garbia. Guk politika beste era batera egiten dugu. Guk printzipioak ditugu. Guk jendeari esaten diogu zer egingo dugun, eta egiten duguna jendeari esaten diogu. Hori da desberdintasuna.

Zuen boto bakoitza guretzat konfiantza boto bat da, eta guk ez dugu kale egiten. Bizkaia defendatuz, Euskal Herria defendatuz, euskara defendatuz, gure herriaren eskubideak defendatuz. Gu Madrilera goaz maite ditugun gauza guzti horiek defendatzera. Ez goaz beste gauza bat egitera. Esaten duguna egiten dugu, esaten duguna egiten dugu. Gu konfiantzazko jendea gara. Politika berri bat aldarrikatzera gatozenak. Aldaketa lasaia aldarrikatzera gatozenak.

 
Oskar Matute: "EH Bildurena da Euskal Herrian ezkerreko boto eraginkor bakarra"

EH Bildurena da Euskal Herrian ezkerreko boto eraginkor bakarra. Botoa eman aurretik pentsatu zer dagoen jokoan eta zein botok ahalbidetuko duen hartzen den norabidea egokia izatea. Eskuina geratzeko, eskubideak zabaltzeko eta gizarte bezala aurrera egiteko, EH Bildu da bermea. EH Bilduren botoa da ezker eraldatzaileak, feministak eta errepublikazaleak ordezkaritza lortzea bermatzen duen bakarra Euskal Herrian.