Denbora daramagu esaten herri honek herri-adostasunak edo estatu-itunak behar dituela. Ez gaude ondo. Euskal Herriaren garapen-adierazle askok kezkarako motiboak ematen dizkigute. Datu bakarra emango dugu: 2021ean euskarazko liburuen salmentak %10 inguru egin zuen behera eta ez dago esplikazio komertzialik, hau da, jaitsiera hori testuinguru baten ondorioa da: euskal kulturgintza sistema ahultzen ari da. Hezkuntzara etorrita, hezkuntza-sistemaren egoera ikusita eta datozen urteetako prospekzioa eginda, eraldaketa disruptibo bat gauzatzen ez bada, egoera oso makurra izango da.
Bi aukera daude: EH Bilduk gehiengoz gobernatzen duen arte itxarotea "gure" legea egiteko (Espainian egiten duten bezala, sei-zortzi urterik behin legea aldatuz alternantziaren ondorioz) edo herri-adostasun baten ondoriozko legearen alde egitea. Bigarren honen alde lerratu gara. Izan ere, herri hau gehiengo osoz gobernatu ezin daitekeenez, adostasunak eraikitzera kondenatuta gaude herri-eraikuntzarekin zerikusia daukaten funtsezko gaietan. Horretan ari gara gure gaitasun guztiekin. Beraz, hau ez da "gure" legea (lege-proiektua), baizik eta lurzoru komun bat marraztu dezakeen lege bat.
Hezkuntza-sistemak datozen urteetan izango dituen erronkei ezin dakieke erantzun EAJrik gabe ez eta EH Bildurik gabe, hizkuntza-politika berri bat martxan jarri ezin daitekeen bezala EH Bildu gabe eta EAJ gabe. Jende gehiago behar da, noski, baina, gure herriaren soziologia kontuan hartuz, bi ardatz horiek ezinbestekoak dira, gustatu ala ez. Beraz, oinarrizko herri-adostasuna eraikitzeko saiakera da gurea. Ikusiko dugu lortzen dugun, ez da izango gure partetik dena emango ez dugulako.
Hiru megafaktore daude hezkuntza-sistema goitik behera zeharkatuko dutenak eta egoera erabat konplexua ekarriko dutenak: jaiotza-tasaren beherakada (datozen hamar urteetan ikasleen herena galtzea aurreikusten da), migrazioen gorakada (segregazioa areagotu dezakeena eta haustura sozialaren arriskua dakarrena) eta digitalizazioaren etorrera, zeinak aldaketa handiak ekarriko dituen ikas-irakaskuntzan. Bada nahikoa motibo sistemaren eraldaketa handi bati ekiteko. Halako eraldaketa batek zoru legitimatzaile berri bat eskatzen du eta tresna eta estrategia berriak diseinatzea.
Esango genuke berandu goazela. Aurreko bi legegintzaldiak galdutako urteak izan dira tresna eta estrategia berriak diseinatzeko orduan. Beste behin ere esan behar dugu: Urkulluk azken hiru legegintzaldietan gidatutako Gobernu honek ez du jakin etorkizuna prestatzen. Orain, azken momentuan, baldintzak ez dira onenak gauzak patxadaz egiteko: euskararen irakaskuntzak agertzen dituen hutsuneek, jaiotza-tasaren beherakadak sortzen duen lehiak zein segregazioaren ondorioek sistema bera zein hezkuntza-komunitatea asko tentsionatu dute.
Gure ustez, fase berri bat irekitzeko unea da. Aurrez aurre ditugun faktoreek, aipatu ditugunek, hala eskatzen dute. Egungo status quo-a iraunaraztea ez da aukera bat. Galdera da zein den herri gisa eman dezakegun aurrerapausoa, zer-nolako adostasuna den posible sistemaren antolaketari dagokionez.
Konfluentziaren hipotesia instituzionalizatu eta abiarazteko momentu dela esan izan dugu. Hau da, Euskal Herrian ditugun hezkuntza-tradizio bakoitzaren ezaugarri onenak hartu eta zerbait berria sortzen hasteko momentua dela, hezkuntza-kalitatean, ekitatean eta euskalduntzean jauzia eman ahal izateko.
Euskal hezkuntza-sistemaren eraikuntza garaikidea honako diagrama honekin adierazten dugu (ikus irudia): Euskal Herria da markoa: ikuspegi nazionala behar dugu hezkuntzaren alor guztietan, eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan jauzia emateko unea da hezkuntzari dagokionez ere. Eta hiru puntu kardinal dauzka eraikuntzaren fase honek: euskal hezkuntza-sistemaren eraikuntza garaikidearen hirukia.
Lehena: ikastetxe autoeratuen garapena. Hauxe da euskal hezkuntzagintzaren euste-puntua: ikastetxe-eredu jakin baten alde egitea da eraldaketaren oinarria, ikastetxe-eredu hori baita behar dugun oinarria eraldaketaren atal desberdinak gauzatu ahal izateko. Zeri deritzogu ikastetxe autoeratua? Hiru ezaugarri egozten dizkiogu: 1/ autonomia du (autonomia garatzeko gaitasun aski) lidergo pedagogikoa garatzeko, bere burua antolatzeko eta hezkuntza-jarduera kudeatzeko; 2/ komunitatearen partaidetzaz osatu eta garatzen den hezkuntza-proiektua du; 3/ legez definitutako balio publikoari atxikitzen zaio. Hain beharrezkoa dugun eraldaketa pedagogikoak ikastetxe-eredu hau eskatzen du.
Bigarrena: Euskara eta hizkuntzen ikas-irakaskuntza: euskal hiztun eleaniztunak sortzera eramango gaituen hizkuntzen ikas-irakaskuntza. Testuinguru eleaniztunean eta multikulturalean, euskal hiztun eleanitzak sortuko dituen hizkuntzen didaktika, gure berezko hizkuntza den euskararen diglosia-egoera aintzat hartzen duena.
Hirugarrena: Klase eta jatorriaren ondorioz ematen den segregazioari aurre egitea. Inklusioan eta ekitatean jauzia ematea, hezkuntza-sistemak gizarte-kohesioari dagokionez duen ardura bere gain hartuz.
Eta hiru megafaktore ageri dira eraldaketa-prozesu hau sakonki baldintzatuko dutenak: jaiotza-tasaren beherakada, migrazioen areagotzea eta digitalizazioa.
Uste dugu iraganean euskal hezkuntzagintza lastatu duen “publiko-pribatu” eztabaida ikastetxe-ereduaren inguruko eztabaida bilakatu behar dela. Gai berdinari eusteko ikuspegi berri bat litzateke, gure iritziz emankorragoa herri ikuspegitik.
Ikastetxe autoeratuak liratezke Euskal Hezkuntza Zerbitzua eskainiko luketen ikastetxeak. Galdera da: nola sortu baldintzak ikastetxeek ibilbide propio bat egin dezaten autonomia irabazteko, partaidetza komunitarioa ahalbidetzeko eta balio publikoari lotzeko. Sistemaren zer motako gobernantza behar dugu horretarako eta gaur egun existitzen ez diren zein baldintza sortu behar dira? .
Uste dugu horretarako sistemaren gobernantza berri bat behar dugula: sistema zentralista eta burokratizatu batetik ikastetxeetako hezkuntza-proiektuen zerbitzura egongo den sistema eraginkor batera egin behar dugula; sistemaren ekitatean aurrera egiteko mekanismo berriak behar ditugula, gehiago behar duenari gehiago emanez; eta behin balio publikoa zerk ematen duen legez definituta horrekiko konpromisoa betetzen ez duenak Euskal Hezkuntza Zerbitzua eskaintzeko eskubidea galdu behar duela.
Lege honen mamiak hauxe behar du izan: sistemaren gobernantza berri hori ezarri behar du, modu argian.
Badakigu euste-puntu honek oreka zaila duela. Hau da, ez gatoz esatera titulartasunak eraginik ez duenik. Badu. Ukaezina da segregazioa ikastetxe publikoetan metatzen dela, adibidez, egiturazko arrazoien ondorioz. Eta, aldi berean, ukaezinak dira hezkuntza-administrazio publiko autonomiko honen ezinak euskararen irakaskuntzak eta euskal kulturaren transmisioak eskatzen duena gauzatzeko, edota ikastetxeen autonomia efektiboa posible egiteko (Eskola Publikoaren Legearen bosgarren tituluak ez du garapenik izan azken hiru hamarkadetan).
Beraz, joko-zelai berri bat definitu behar da, Euskal Hezkuntza Zerbitzua deitu duguna, non joko-arauak garbi egongo diren eta administrazioak betearazi egingo dituen; eta sistemaren gobernantza berri bat jarri behar da martxan. Horretarako behar dugu lege berri bat.
Ikastetxe autoeratuetara ikastetxe kontzertatuek zein publikoek egin behar dute bide bat: Ikastetxe kontzertatuak balio publikoari lotu behar zaizkie orain arte egin ez duten moduan; eta ikastetxe publikoak autonomia garatu behar dute, aipatutako hiru dimentsioetan, orain arte egin ez duten moduan.
Beraz, hemen badago interpelazio deseroso bat ikastetxe kontzertatuei. Eta ez ditugu denak poltsa berean sartzen, ez. Hurbil sentitzen dugu ikastolen mugimenduaren proiektua, argi eta garbi esan izan dugu, eta, beraz, ez dugu beharrik sentitzen arrazoietan sakontzeko. Baina uste dugu argi eduki behar dugula sistema osoa eraldatzeko garaia dela, ez-autoerreferentzialtasunean sakontzeko. Jauzia emateko unea da, ez erresistitzeko garaia, orain arte egin duguna egiten jarraituz gero atzera egingo baitugu.
Bestalde, Andoaingo Ondarreta herri-eskolaren inguruan interpelatu naute azken egunotan sare sozialen bidez. Bai, ezagutzen dut bertako egoera. Berriro esango dugu: titulartasuna egiturazko ezaugarria da segregazioa eskola publikoan metatzea dakarrena. Hori egitate bat da. Besterik da esatea egoera hori ezin zuzen daitekeenik joko-arau argiak ezarriz eta betearaziz, edo pentsatzea ikastetxe guztiak publikoak balira segregaziorik existituko ez litzatekeenik.
Eta hemen badago ere interpelazio deseroso bat sare publikoari. Uste dugu ezkerrak ikuspegi kritiko bat mantendu behar duela administrazioarekiko. Are, ikuspegi kritikoaren galerak kalte egiten diola ezkerreko proiektuari. Har dezagun XXI. mendean gobernu ardurak izan dituen eta printzipioei leial mantendu zaion ezkerra. Har dezagun Pepe Mujica, adibidez, eta entzun dezagun zer dioen Uruguaiko prozesu eraldatzaileak administrazioan aurkitu dituen oztopoen inguruan. Beharrezkoa da "Semillas al viento", Garak berriki publikatutako elkarrizketa-liburuaren hirugarren kapituluan Pepe Mujikak esaten duenaz konplexurik gabe gogoetatzea. Bide batez, elkarrizketa liburu horretan, aurreragoko beste pasarte batean, Thomas Piketty aipatzen du sozialdemokratak zein komunistak estatalizazioan itota gelditu zirela esateko, eta kogestioaren zein kooperatibismoaren bideak alboratu zituztela, eta horrek burokratizazioaren arazoa ekarri duela, zeinak prozesu eraldatzaileak zamatu dituen.
Gure ustez, hamar urteko epean, herri gisa, hiru herrialdeotan, jar dezakegun ortzi-muga da Euskal Hezkuntza Zerbitzua egonkortzea. Hau da, ikastetxe autoeratuak garatzea eta sistemaren ekitatean jauzia ematea.
Bai, eta behar da plan estrategiko bat eskola publikoa baldintza berdinetan jar dadin eraldaketa-prozesu horretarako. Gure ustez hiru zutoin behar ditu plan horrek: Lehena, sistemaren beraren eraldaketa da, kalitatean jauzia ematea posible izan dadin, eskola publikoak ikastetxe autoeratuetarantz bide egin dezan beharrezko baldintzak sortuko dituena.
Egiturazko baldintza horietako bi lirateke langileen behin-behinekotasun altuarekin amaitzea. Bigarrena litzateke eskola-premia berriei begirako baliabideak gehitzea. Zentzu honetan, jaiotza-tasaren beherakada aldeko faktorea da, ikasle gutxiago baldin badago errekurtso gehiago izan ahalko delako. LAB eta Interinoakekin sinatu den akordio sindikalean konpromiso politikoa jaso da enplegu-kopurua mantentzeko, zeinak aukera emango lukeen ratioak jaitsi eta behar hezitzaile berriak identifikatzeko. Sinatu da baita ere behin-behinekotasuna %5era jaisteko konpromisoa.
Bigarrena: segregazioaren kontrako planifikazio estrategiko bat, denboran tasatua, herri itun zabal baten markoan garatu behar dena.
Eta hirugarrena: ekipamendu eta azpiegituretan anbizio handiko inbertsio plan bat.
Lege-proiektuaren laugarren tituluan egiten den planteamenduak bi egitate ditu oinarrian: 1/ Errealitateak ereduen sistema gainditu egin du. 2/ Ereduen sistema ez da gai Hezkuntza Akordioan adostutako hizkuntza-helburuak betetzeko. Ohar gaitezen D ereduko ikasle asko eta askok ere ez dutela B2 maila lortzen derrigorrezko eskolaldiaren bukaeran. Hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren paradigma bera ari da huts egiten, egiturazko arazoa da.
Bi baieztapen horiek egiteko nahikoa ebidentzia daukagunez gero, lege honetan paradigma berri bat planteatzen da hizkuntzen irakaskuntzarako, hizkuntza-ereduen paradigma atzean uzten duena. Larunbateko jardunaldian aukera izango dugu honen inguruan luze eta zabal aritzeko.
Hizkuntzen irakaskuntzari lotzen bagatzaizkio, badira hainbat arrazoi ereduen sistema alboratzeko:
- Ereduen sistema elebiduna da, ez eleaniztuna, ez du hirugarren hizkuntzarik kontsideratzen irakas-hizkuntza gisa. Gainera, bi hizkuntzen ikas-irakaskuntza modu isolatuan jorratzen du. Egun testuinguru eleaniztunean bizi gara, teknologia tarteko, eta kulturartekoan (hamarnaka hizkuntza dauzkagu gure eskoletan ikasleen lehen hizkuntza direnak: hiztun-profil askotarikoak). Horrek hizkuntzen tratamendua birpentsatzea eskatzen du: paradigma berri bat behar da, non hizkuntzen tratamendu integral eta integratua egingo den, hizkuntza desberdinen irakaskuntza modu bateratuan diseinatu eta inplementatuz, printzipio metodologiko eta ikuspegi didaktiko berdinekin, aintzat hartuz, beti ere, hiru hizkuntzetako bat, berezkoa duguna, euskara, diglosia egoeran dagoela.
- Teknologia analogikoa zein garaian diseinatu zen. Digitalizazioak aukera berriak sortzen ditu hizkuntzen irakaskuntzarako eta egungo ereduen paradigmak oztopoak jartzen dizkio.
- Metodologia berriek hezkuntza-jarduera erabat aldatu dute. Hizkuntza-ereduak lehen hezkuntzako jarduera bost orduz mahai batean testuliburuak landuz irudikatzen zen garaikoak dira. Egun proiektuka lan egiten da sarri, metodologia aktiboak baliatzen dira eta espazioa bestela erabiltzen da. Horrek aukera berriak eskaintzen ditu hizkuntzen irakaskuntzarako ereduen sistemak galarazten dituenak.
- Azken 30 urteotan gurasoen hautua garbia izan da: euskara ardatz duen irakaskuntzaren alde egin da, modu naturalean. Badago adostasun sozial zabal bat bi hizkuntzen ezagutza ahalik eta handiena ekarri behar duen irakaskuntzaren alde, beraz ereduen sistema gainditzearen alde.
Bestalde, inklusioaren ikuspegitik ere ereduen sistema gainditzea premiazkoa da:
- Ereduen sistema segregazioaren katalizatzailea da, Eva Silvanek ondo azaltzen duenez: A eta B ereduetan metatzen dira kanpoko jatorriko ikasle gehienak.
- Lege honekin Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzera goaz, non titulartasun desberdineko ikastetxeak batuko diren, zeintzuk, haustura sozial bat ekidin nahi badugu, konplexutasun-indize bera izatera iritsi beharko diren segregazioari aurre eginez (lege-proiektuak hala jasotzen du). Bada, hizkuntza-ereduak oztopo nabarmena dira helburu horrek eskatzen dituen politikak inplementatzeko orduan (adibidez, zerrenda bikoitzaren bidez ikasleak banatzea).
Eta azkenik, ereduen sistema mantentzea Legeak proposatzen duen sistemaren konfigurazio berrirako barrera ere bada: konfluentzia oztopatzen du, A eta B ereduak ikastetxe pribatuetan baitaude neurri oso handian, eta ondorioz, (ereduak mantentzeak) eskubide eta betebeharrei dagokienez berdinak liratekeen ikastetxeek osatuko luketen Euskal Hezkuntza Zerbitzurantz egin beharreko ibilbidean egiturazko oztopo bat ezartzen du.
Ereduen inguruan funtsean dagoen eztabaida honakoa da: helburuekin ados baldin bagaude, zerk determinatu behar du hizkuntzen tratamendua ikastetxeetan? Helburu horiek betetzera zuzendutako irizpide pedagogikoek ala aldez aurretik ezarritako eta herri honetan gutxiengo batenak diren irizpide ideologikoek?
Lege-proiektuaren laugarren tituluak behar ditu hainbat zuzenketa eta zehaztapen, baina, oro har, hor daude gakoak. Baina, orain, ereduen gaineko eztabaidan sartu gaituzte beste eztabaida batzuk egiten egon beharko genukeenean. Adibidez, zein baliabide behar dituzten hizkuntza-proiektuek, zein dimentsio landu behar diren hizkuntza-proiektuen bidez, nolako estrategiak garatu, zein garapen emango diogun datozen hamar urteetan...
PSEren arduragabekeria da gai hau modu perbertsoan politizatzea, boto apur batzuen peskizan. Eta EAJrena PSEri horretarako aukera ematea.
Segregazioari dagokionez, bi gauza esango genituzke:
Lehena: Hirukiaren goiko bi erpinak altuera berean daude, parean. Esan nahi baita, segregazioaren kontra zein euskalduntzearen alde, bietan ez badugu jauzia batera ematen, bietan egingo dugula atzera. Hau da, datozen urteetan, migrazioen gorakadaren ondorioz, segregazioak gora egiten badu, haustura sozial bat gertatuko da udalerri askotan: gizarte-haustura bat gure herrian. Izango ditugu ikastetxe batzuk puntako hizkuntza-proiektuekin, baina, eskolaz kanpo, nazio eraikuntza ezinduko duen haustura soziala izango dugu. Eta hizkuntzen erabileran eta irakaskuntzan ez badugu jauzia ematen, euskararen erabileran eta euskal kulturaren transmisioan atzera egiteaz gain, hizkuntza-ereduak segregazioaren katalizatzaile izango dira.
Beraz, ez da bata ala bestea. Eskema hori atzerakoia izateaz gain ez litzatekeelako eraginkorra. Biak dira, biak aldi berean: bietan egin behar dugu jauzi aldi berean eta denbora gehiago galdu gabe. Horregatik, hizkuntza-ereduak mantentzea ez da soilik euskalduntze-prozesuari egiten zaion kaltea, segregazioari aurre egiteko oztopo handi bat ere bada, gizarte-kohesioaren ikuspegitik herri gisa behar dugun aurrerabidea zamatzen baitu.
Proposamen bat egin dugu gure zuzenketetan uste duguna oso interesgarria dela: Hizkuntza Konplexutasun Indizea. Ikastetxeen konplexutasun soziolinguistikoa definitzea du helburu, ondoren ikastetxe bakoitzari Hezkuntza Akordioan ezarritako helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eskaini ahal izateko. Indize honek aukera emango luke ikastetxeen ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoen araberako hizkuntza-proiektuen tipologia bat definitzeko, gehiago behar duenari gehiago emateko kontratu-programen bidez.
Eta bigarrena: prest gaude? Benetan gara kontziente esku artean dugun erronkaz? Prest al gaude bakoitzari tokatzen zaizkion ardurak hartzeko? Uste dugu zintzotasun intelektual eta politikoz erantzun behar dugula galdera bat: prest al gaude bide honi ekiteko berarekin dakarren guztiarekin, asumituz herri-gisa ez daukagula beste aukerarik? Ematea tokatuko zaigula jasotzea baino gehiago, eta erreaktiboki baino proaktiboki jokatu beste aukerarik ez dagoela? Prest al gaude segregazioaren kontrako herri-itun batera batzeko haustura soziala ekidin behar dugunez gero?
Gure ustez zazpi dira legeak ekarri behar dituen tresna nagusiak:
1. Euskal Hezkuntza Zerbitzua, ikastetxe autoeratuak batu behar dituena eta joko-arau garbiak ezarri behar dituena sistemaren gobernantzan. Hemen planteamendu argi bat egin behar da eta Lege-proiektuak hobekuntza nabarmena eskatzen du. Euskal Hezkuntza Zerbitzua ondo jaso behar da Legean eta galdera bati erantzun behar zaio: zer gertatzen da eskubideekin betebeharrak betetzen ez direnean? Erantzuna, ikastetxe kontzertatuen kasuan, da kontzertua galtzen dutela.
2. Udal Hezkuntza Kontseiluak: sistemaren gobernantzan udalak eragile bihurtzen dira. Udalerrietan ekosistemak eraikitzera jo behar dugu, ikastetxeen arteko kooperazioa lehiaren gainetik jartzera. Eskola eskaintzaren planifikazioak zein matrikulazioak udalen esku-hartzea eskatuko du. Baita hezkuntza ez-formala eta hezkuntza formala batzeko ahaleginak ere. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, adibidez, eskolaz kanpoko eskaintza bateratzea, ikastetxe ezberdinen arteko lankidetza abiatzea. Horretarako, Udal Hezkuntza Kontseiluak estrategikoak dira.
3. Sistemaren ekitatea hobetzeko mekanismoak. Gehiago behar duenari gehiago eman behar zaio. Deszentralizazioa, ikastetxe autoeratuen aldeko apustua, ekitatean eta kalitatean jauzia egiteko bidea izan behar da. Honek ez dio Gobernuari erantzukizunik kentzen, gehitzen baino. Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzari behar duen neurrian eman behar dio. Kontratu-programak horretarako tresna egokia izan daitezke ondo baliatuz gero.
4. Sistema ebaluatzeko ikuspegi berri bat, esperimentazioa eta hortik eratorritako etengabeko berrikuntza posible egingo duena.
5. Segregazioari eta euskararen irakaskuntzari eusteko marko berria eta egiturazko neurriak.
6. Ikastetxeen arteko konfluentzia-aukerak aztertzeko bideak eta horretan esperimentatzeko aukera.
7. Euskal lankidetza posible egitea (beste euskal lurraldeekin lankidetzazko harremana), marko nazional argi batean kokatuz hiru herrialdeotako euskal hezkuntza-sistemaren datozen urteetako garapena.
Esan bezala, jaiotza-tasaren beherakada da megafaktore horietako lehena. Datozen hamar urteetan ikasle kopurua %30 jaistea aurreikusten da. Horrek tentsio handia sartzen du sisteman eta lehia areagotzen du, kooperazio-logikak atzenduz.
Eskola-mapa egokitu beharko da eta horrek herriz herri eragingo du. Irakasle kopurua mantendu behar da, ratioak jaitsiz eta hezkuntza beharrizan berrietarako errekurtsoak jarriz. Baina, halere, eskola-mapa errealitate demografiko berri honetara egokitu behar da.
Oso modu orokorrean, hiru sareetatik kristau eskola bat da sistemaren katebegi ahula, matrikulazioan gehien sufritzen ari dena. Beraz, ondorengo bilakaera aurreikusi daiteke termino orokorretan: badago eskola publikoaren aldeko tentsio sozial bat bere lekua bermatuko diona, Ikastolek eutsiko diote sustrai sendoak dituzte-eta, eta badago ere kristau eskola elite bat bere publikoa daukana. Sistemaren konfigurazio berrian status aldaketa bat gertatu beharko da, esan dugunez, joko-zelai berri bat marraztu beharko da, joko-arau berriekin, eta horrek, pentsatzekoa da, eragina izango lukeela eskola-planifikazioan. Baina, soilik egungo joerei erreparatuta, uste dugu, kristau eskolek pisua galduko dutela sisteman eta eskola publikoak, proportzioan, irabazi.
Edozein kasutan, prozesu gatazkatsua izango da herri-ikuspegi sendo batekin egiten ez bada. Eskola-planifikazioa tokian toki egitea eskatuko du, modu partekatuan, eta horrek esku-hartze komunitario sendoak beharko ditu. Kataluniako onarpen dekretuak ireki du horretarako bidea, adibidez. Hemengoa motz gelditu da. Eskola planifikazioaren ariketa herriz herri egin behar da: ikastetxe autoeratuak nahi ditugu, ados, bada nolakoak eta non? Jar ditzagun irizpide pedagogikoak erdigunean eta ikastetxeen arteko kooperazio-logika sustatu, logika lehiakorra azpiratuz.
Esatea erraza da baina oso prozesu konplexua da. Tresna administratibo eraginkorrak bai, baina herri-prozesurik gabe, hau da, hezkuntza komunitatearen partaidetza sendorik gabe, aro gatazkatsu bat da hurrengo urteetan datorrena.
Horregatik behar dugu lege argi bat, ausarta eta ortzi-muga eraldatzaile itxaropentsu bat marraztuko duena. Ez da aukera bat erdibidean gelditzea. Baina, horrez gain, herri-gaitasunak aktibatu beharko dira. Askotan esan dugu: Kristau Eskolan lehen sindikatua ELA da, erretorika erradikalena duen sindikatua. Demagun ELAk negoziazio kolektibora eramaten duela Kristau Eskoletan segregazioaren kontrako neurri efektiboak martxan jartzea (ezagunak dira, oso tasatuak daude) edota Santillana eta Anaya alboratu eta Ikaselkar erabiltzen hastea. Ez al luke horrek edozein neurri administratibok baino gaitasun eraldatzaile material handiagoa?
Eta, honi dagokionez, gogoeta bat egin nahi dugu: azken urteetan jende askorekin hitz egin dugu gaiaz, beste kultura politiko batzuetako jende askorekin. Badago kultura politiko bat administrazioaren eta hiritarren artean ez duena apenas ezer ikusten. Horregatik, administrazioari eskatzen dizkio berme guztiak. Beste batzuok administrazioaren eta hiritarren artean herri bat ikusten dugu bere burua birsortu nahian. Hau da, gaitasun komunitario bat, eta, ondorioz, bermeak ez ditugu soilik administrazioan bilatzen. ELAren adibidea jarri dut, baina geure buruaz hitz egin ahalko genuke, EH Bilduk Udal Hezkuntza Kontseiluen bidez egin dezakeen lanaz.
Entzun ditudan balorazio batzuetan ez da inolaz ere balioan jartzen, adibidez, lege honek udalei sistemaren gobernantzan ematen dien lekua. Hor badago politika antineoliberal argi bat, komunitatearen partaidetza sustatzen duena. Bide batez, esango dugu, hor ikusten dela, adibidez, EH Bilduren lorratza lege-proiektu honetan. EAJk orain dela bi urte ez zuen hau usaindu ere egiten.
Zergatik lortu da Aretako eskola txikia ez ixtea eta ez zenbait anbulatorioetako zerbitzua ez murriztea? Bada, Aretako eskola txikiaren kasuan, komunitate bat dagoelako zerbitzu publikoaren prestazioari atxikia, zerbitzu publikoaren subjektu dena eta ez soilik objektu. Ikastetxeen dimentsio komunitarioaren garapena da kalitatezko zerbitzu publikoari eusteko bide eraginkorrenetako bat.
Hala da, hiru prozesu horietako bakoitza oso konplexua da, zer esanik ez hirurak batera egin behar direnean. Lehenik eta behin, esan behar da, beste behin ere, ez dugula jakin etorkizuna prestatzen, denbora asko galdu dugula eta oraingo baldintzak ez direla onenak.
Horregatik, hain zuzen ere, behar dugu herri-prozesu bat, baina horrek ezinbestekoa du lege argi bat. Azken hilabeteetan EAJko jende baten partetik begirada teknokratikoegia antzeman dugu: "egiten ari gara, utzi egiten". Gure erantzuna da: gaitasun instituzional eta komunitario guztiak lerratzea lortzen ez bada, prozesuak ez du arrakastarik izango hiru erpinetako batean ere ez, eta hirurak dira beharrezkoak. Beraz, lege argi bat eta ortzi-muga eraldatzaile partekatu sendo bat behar dugu.
Hezkuntza Akordioa behe-kanpalekua izan bazen, Hezkuntza Legea behe-kanpaleku aurreratua izan behar da. Lege ausart eta argia behar dugu, eta, ahalik eta akordio zabalena behar dugula onartuta, ez dezagun ahaztu hau ezin daitekeela egin EAJ gabe eta ezta EH Bildu gabe ere, prozesu honek komunitateak zeharkatuko baititu udalerriz udalerri. Horregatik, kezka dugu PSEk legetik kanpo nahi duelako EH Bildu eta EAJ eskatzen ari zaiona emateko prest agertzen ari delako.
Ez dugu gai nuklearren inguruan ziurgabetasun juridikoa eta nahasmen politikoa dakarren proposamenik babestuko. Ez litzatekeelako egin beharreko eraldaketarako tresna eraginkor bat. Ariketa ezin da izan koalizio-gobernu honen interes koiunturalek zedarritutako eztabaida eremuaren barruan zer den posible. Hezkuntza-sistemaren erronken tamainako Lege bat behar dugu.
Ez dugu etsiko, azken unerarte egongo gara mahaian eserita, adostasunetara iristeko prest, herri-akordioaren logikan jardungo dugu eta hezkuntza-sistemak behar dituen eraldaketak posible egiteko behar dugun legearen alde egingo dugu.
Hiru arlotan zentratuko ditugu gure indarrak: 1/ euskara eta hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren inguruko nahas-mahasa argitu egin behar da, eta proposamen argi bat egin; 2/ Euskal Hezkuntza Zerbitzua ondo arautu behar da eta ondorengo galderak erantzun argia behar du: zer gertatzen da eskubideekin betebeharrak betetzen ez badira?; 3/ Legeak anbizio nazionala behar du, lege hau Estatuaren izaera plurinazionalaren eztabaida mahai gainean jarriko den unean onartuko da.