Zarautz

EH Bilduk Itxasmendiko bizilagunekin autokarabana aparkalekuari buruzko parte-hartze prozesua abian jartzea eskatu du

Gobernantza ona herritarren parte-hartze aktibo eta erabakigarrian eta beren erakundeekiko harremanean datza. EH Bilduk uste du hori ezinbestekoa dela, eta horregatik eskatzen diegu EAJ eta PSE-EEko udal taldeei, gobernuko arduradunei, Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako prozesu parte-hartzaile bat abian jar dezatela.

| 2020-01-05 11:42:00

Itxasmendi auzoan autokarabanentzako aparkalekua egiteko asmoa iragarri du Udal Gobernuak berriki. Erabaki horrek era guztietako erreakzioak eragin ditu, eta, batez ere, gai askoren inguruko informazio falta nabarian utzi du.

Erabaki horren berri emateko modua ez da egokia izan, eman den informazioa oso eskasa izan delako eta ez delako herritarren benetako parte-hartzea bermatuko duen modu irekian egin.

Azpiegitura horren obrari buruzko lehen albistea aurrekontuak diseinatzeko bilera parte-hartzaile batean eman zen (eta ez bereziki gai hau lantzeko bilera batean). Bilera horretan ziurtzat jotzen zen autokarabanen aparkaleku hori eraikitzeko lanak udari begira egingo zirela. Esan behar dugu, nahiz eta bilera horretan bertan Itxasmendiko Auzo Elkarteari proiektu horri buruzko dokumentazioa eman zitzaion, abenduaren 12ko udal batzordera arte oposizioak ezin izan duela inolako informazio dokumentalik izan, aurrez alkateari zuzenean eskatu arren.

Proposamen horren inguruan iritzia eman ahal izateko, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela gai garrantzitsuak argitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa dela auzotarren iritzia ere jakitea. Aparkalekuaren kokalekuaren behin-behinekotasuna, autokarabanentzako erabilera esklusiboa, sarrera- eta irteera-sarbideak, eta haurtzaindegiaren ondoko hartxintxar-aparkalekuaren etorkizuna dira besteak beste bizilagunekin eztabaidatu beharreko gaiak. Horrelako azpiegitura batek eragin zuzena du auzoan eta bertako bizilagunengan, eta beraz, guztiz logikoa eta exijigarria da, prozesu parte-hartzaile bat egitea, non herritarrek argi eta garbi eztabaidatu ahal izango duten eta udal gobernuak proposatu nahi duen proiektuari iradokizunak aurkeztu ahal izango dizkioten, baita parking horren erabilerari buruz ere.

Gobernantza ona herritarren parte-hartze aktibo eta erabakigarrian eta  beren erakundeekiko harremanean datza. Hori funtsezkoa da EH Bilduren ustez, eta horregatik eskatzen diegu EAJri eta PSE-EEri, udal-gobernuko arduradunei, Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako partaidetza-prozesu bat abian jar dezatela, auzorako eta Zarautzerako egokiena dena eman eta erabaki dezaten.

ALBISTEAK

Zarauzko EH Bilduko udal taldeak bideo bat zabaldu du

2020-04-07 12:05:00

Covid-19aren ondorioz herritarrak animatu eta eskertu nahi izan ditu bideo honen bitartez.

Itziar Murua Ahuntzaren gauerdiko eztula irratsaioan izan zen

2020-03-29 13:30:00

Covid-19aren ondorioz Zarauzko egoeraz eta EH Bildutik egindako proposamenez mintzatu da bertan.

Zarauzko EH Bilduko udal taldeak proposamen berriak aurkeztu ditu aste honetako bozeramaile bileran

2020-03-24 13:59:00

Osatu berri den krisi mahaien parte hartu beharko lukela uste du EH Bilduko udal taldeak

Zarauzko EH Bilduko udal taldeak hainbat proposamen aurkeztu ditu bozeramaile bileran

2020-03-17 13:49:00

Besteak beste udal talde guztiak parte hartuko duten krisi mahaia osatzeko eskatu du.