Udalean nagusi den eredua gailentzen da Emakumeen Etxeko gune, espazio zein egitasmoetan, hots, Parekidetasun departamenduaren jardueran. Hau da, goitik beherako gobernantza ereduan oinarritzen da, herritarren iritzia jasotzeko prozesu oso mugatuak sustatzen ditu, eta artikulatuta dagoen mugimenduaren (emakume mugimendua zein feminista) potentzialitatea ez du kontuan hartzen.
Zarautzen, bai sozialki eta bai udal egituretan, badaude berdintasun politikak gauzatzeko baliabide eta azpiegiturak, baina gobernantza eredu parte hartzaile ezak eta Mugimendu Feminista interlokutore politiko gisa ez aitortzeak herrian dagoen ondare eta indar feminista alboratzea ekartzen du. Gobernatzeko eredu demokratikoagoak emakumeen interesak eta nahiak hobeto defendatzeko aukerak biderkatzen dituela uste dugu, eta kudeaketa modu hori da guk bultzatuko duguna.
Udal berdintasun kontseilu bat badago, baina ez du eragiteko gaitasunik udal politiketan, eta informazioa eskuratzeko gune bilakatu da bereziki azken agintaldian. Horrek parte hartzaile askoren baja ekarri du, eta, ondorioz, ez da Zarauzko emakumeak zein haien interesak ordezkatzen dituen espazioa.
Mugimendu feministarekin harremana ere ez da elkarlanean oinarritzen. Emakumeen Etxea espazio erabat instituzionalizatu bilakatu da; oso burokratikoa bilakatu da bertako parte-hartzea eta erabilera; eta emakume batzuentzat erreferentziazko gune izan daitekeen arren, hori ezin da orokortu Zarauzko emakume guztietara.