AKTUALITATEA


| 2024-07-26 08:56:00

Ion Arozena Eizagirre Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) lehendakaria da, iazko uztailaren 26an kargua hartu zuenetik. 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan izandako emaitza onen ondorioz, EH Bildu Urola kostako lehen indarra izan zen, Gipuzkoan gertatu zen bezala. Emaitza horien ondorioz, Ion Arozena zarauztarra izendatu zuten UKUEko lehendakaria.


Urte bete igaro den honetan, urteko balorazioa egin du Arozenak.  

 

1. Nolakoa izan da lehen urtea?

 

Urte positiboa izan da Udal Elkartearentzat, azken urteetako kudeaketaren ondorioz geldirik zeuden proiektu eta dinamika ugari martxan jarri ditugulako. Elkartea ematen duena baino handiagoa da, eta beraz, kudeatzeko lan eta denbora asko eskatzen du.

 

Dena ez da erraza izan lehendakaritza postua egoera nahiko kaotikoan jaso bainuen, aurreko EAJko agintariaren kudeaketa eskasaren ondorioz, Udal elkartea paralisi egoera batean zegoelako, eta ondorioz, eskualdeak zituen erronkei aurre egiteko aukera galduarekin eta etorkizuneko erronkei aurre egitea oztopoekin. Antolaketa ondo definitu gabe, egonkortzen prozesu baten erdian, lanpostuen funtzio monografiak egin gabe, euskara eta komunikazio teknikarien karrerako lanpostuak bete gabe, legeak eskatzen dituen euskararen eta berdintasun planik gabe.

 

2. Zein da Udal Elkartearen zeregina?

 

UKUE Urola Kostako herriek sortutako elkartea izanik, udalek uzten dizkioten eskumenak ditu, eskualde bezala kudeaketa eraginkorragoa izateko. Hainbat arlo lantzen dira: eskualdeko garapen ekonomikoa eta soziala, hondakinen kudeaketa, euskara erabiltzeko ekimenak sustatzea, eskualdeko turismoa sustatzea eta soldadura oinarrizko lanbide heziketa hezkuntza. Laburbilduz, eskualdea orekatzea eta ahal den neurrian aurreko gaietan kohesioa lortzea da helburua. 


3. Zein izan dira egindako beste hainbat kontu?

Martxan zeuden hainbat proiektu lantzen jarraitu dugu, egokitu behar zena aldatuz eta aurre eginez. Esaterako, garbigunea eta laborategi teknologikoa. 

Horretaz gain, alde batetik, Udal elkarteko langileen funtzio monografiak, hau da, betetzen dituzten funtzioen fitxak, ez zeuden eginak, eta horregatik lanketa hori martxan jarri dugu; bestetik, aurten barrura begirako beste bi plan egingo ditugu: euskararen erabilera plana eta berdintasun plana. Legeak ezartzen dituen minimo horiek bete ditugu, orain arte egin gabe zeudenak. 
 

Hondakinen gaiari dagokionez, hondakinen mahaia martxan jarri dugu berriro, eta garapen agentzian, proiektu estrategikoak izan behar dutenei bultzada eman diegu.

 

4. Hondakinen mahaia martxan jarri duzula aipatu duzu. 


Bai, Udal elkartearen lan handienenetako bat eta aurrekontuaren zati garrantzitsuena hondakinen kudeaketara bideratzen da. Horretarako, 2025ari begira urte anitzeko esleipen bat abian jarri beharra dago, eta hori ahal den ondoen egiteko eta herrietako errealitateetara egokitzeko, aipatutako mahaia martxan jarri beharra zegoen.

 

5. Hondakinen kudeaketa gai konplexua da. 

 

Legeak eta planak zehazten dutena betetzeko, bi ildo lantzen ari gara: alde batetik, hondakinen sorreratik eragiten ari gara, helburua ahalik eta zabor gutxien sortzea baita; bestetik, 2030erako plan bat ere badu EAEk, non datorren urteko abendurako sailkapen indizeak % 75era iritsi beharko lukeen eta 2030erako % 85era. Hori guztia gauzatzeko, egun erabiltzen dugun sistemarekin jarraituko dugu, hobekuntzak sartuz eta ematen dizkigun aukera guztiak aplikatuz.

 

6. Ehuneko batzuk aipatu dituzu. Zein da egungo egoera?

 

Egun, egon beharko genukeena baino okerrago gaude. 2017tik adostutako txip sistemak hobekuntza ekarri zuen, eta % 68ko sailkapen tasa bat lortu zen. Baina, urtez urte, mantendu egin da beheranzko joera batekin. Eta hori aldatu beharra dago.
 

7. Hondakinen kudeaketaren lanketa dela-eta, GHKko Administrazio kontseiluko parte zara.

GHKko administrazio kontseiluko kide ere banaiz, argi baitugu erabakiak hartzen diren gune guztietan egotea dagokigula, eta ildo horretan, oso garrantzitsua da Urola Kostak bere ahotsa izan eta hondakinen kudeaketa bezalako kontu horren gure ekarpena egiteko modua izan dezagun. Jasangarritasunaren aldeko borrokan ezinbesteko elementua da hondakinen bilketa, eta horretan lanean jarraituko dugu, gero eta hondakin gutxiago sortu eta ekonomia zirkularrean pausuak eman ditzagun. Halaber, Zubietako errauskailua 2020an martxan jarri zenetik izan diren hainbat arazoen inguruko jarraipen estua egitea dagokigu.
 

8. Arloz aldatuz, eskualdeko garapena ere Udal elkartearen egin beharretako bat da. 

 

Uste baino lan gehiago egiten da eskualdeko garapenean. Lanketa ez da erraza, eskumenak ere oso banatuak daudelako. Bertatik enpresa sustapena egiten da: ekintzailetza, lan orientazioa eta, horretaz gain, eskualderako interesgarriak izan daitezkeen proiektuak bultzatzen dira. Askotan ekimenak txikiak izaten dira, baina oso garrantzitsuak. 

 

Gainera eskualdea ez dago orekatua lan arloari dagokionez, baditugu herri batzuk bere populazioarekiko industrializatuagoak daudenak (Zumaia eta Aia esaterako) eta zerbitzuetara oso zuzenduak daudenak Zarautz bezala. Gero eta industria gutxiago dago Zarautzen azken urteetan. 

 

9. Enpresa txiki eta oso txikiak dira gehiengoa gure eskualdean. Nola dago enpresa horien egoera gaur egun?

 

Ziurgabetasun egoera batean daude enpresa txiki horietako batzuk. Talde honetan, betiko ofizioetako enpresak edota merkataritza aipatu nahiko nituzke, eta ez besteak alde batera uzteagatik, baizik eta azken urteetako eboluzioa aztertu ondoren. 

 

2019tik 2023 bitarte, esaterako merkataritza arloko 88 establezimendu gutxiago daude. Herrietako kaleak, era batera esateagatik, hiltzen ari dira, lehen komertzio txikiz betetako guneak orain lo egiteko gune bihurtzen ari baitira. Gainera, apartamentu turistikoen sorrerak ez du egoera hobetzen laguntzen. 
 

10. Bukatzeko, zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?

 

Datozen urteetako erronkak: hondakinen bilketa zerbitzu berriaren hausnarketa/lanketa, definizioa eta lizitazioa egitea; herritarren inplikazioa lortzeko ekimenak egitea, hondakin gutxiago sortzeko eta hobeto sailkatzeko; eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen profesionalizazioa eta laneratzea bideratzea.