AKTUALITATEA


| 2023-05-24 12:41:00

Elkar zaintzen duen herria izan nahi dugu, herri bat izateaz gain komunitate bat osatzen duena. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak batzeko gaitasuna duena, kultura eta jatorri anitzeko herritarren elkar ezagutzarako topaguneak sortzen dituen komunitatea, auzo ezberdinak saretuko dituena. Komunitatea, ideologia ezberdinekoen arteko eztabaida eraikitzaileak sustatuko dituena, ikastetxe ezberdinen artean zubiak eraikiko dituena. 

Ideia honek herria ulertzeko eta sentitzeko aukera berriak eskainiko dizkio herritarrari. Hori baita batzen gaituena: herria. Eta hori baita zaintzen duen herria.

Zarautz denon babesleku izan dadin lan egingo dugu, eta horretarako zaintza lanak aitortu behar dira, eta lanen izaera, dimentsioak eta tokian toki betetzen dituzten funtzioak ikustarazi behar dira. Egungo ereduaren bidegabekeriaren kontzientzia hedatu egin behar da eta zaintza lanak kolektibizatzearen beharraz jabetu eta baliabideak eskaini behar dira.

Zarautzen zaintza lanen antolaketaren eta beharren gaineko diagnostikoa egitea ezinbestekoa ikusten dugu, eta hori oinarri hartuta udal osoko politikak zeharkatuko dituen ekintzarako proposamena garatzea.