Zarautz

Zarauzko EH Bilduko udal taldeak hainbat proposamen aurkeztu ditu bozeramaile bileran

Besteak beste udal talde guztiak parte hartuko duten krisi mahaia osatzeko eskatu du.

| 2020-03-17 13:49:00

Atzo egin zuten Zarauzko udal talde guztietako bozeramaile lehen bilera telematikoa. Udal gobernuak hartutako erabakien berri eman zuen bertan, eta EH Bilduko taldeak bere proposamenak egiteko baliatu zuen bilera.

Hauek izan ziren egin zituzten eskaerak:

Covid-19k eragindako larrialdi egoeraren aurrean, Zarauzko EH Bilduko udal taldeak honako neurri proposamenak egiten ditu eta neurri hauek urgentziaz har ditzala eskatzen dio Zarauzko alkate den Xabier Txurrukari. 

 

  • Jarraipen mahai bat eratu dezala, larrialdi egoeraren ondorioz herritarren artean sortzen ari diren behar eta arazoei garaiz eta inplikatutako agenteekin koordinatuta erantzun ahal izateko. 

Herritarrei segurtasuna emateko momentua da, eta erabakiak taldean eta adostasunez hartzeak herritarrei segurtasun mezua emango diela sinesten dugu. Mahai honek gutxieneko osaketa hau izatea proposatzen dugu: alkatea, babes zibileko arduraduna, Udaltzainburua, Ongizate eta gizarte zerbitzuetako burua, Berdintasun saileko burua, boluntario sareko ordezkaria, Osasun zerbitzuetako ordezkaria eta alderdi politiko guztietako ordezkariak.

(mahai hau modu telematikoan elkartu daiteke).

 

  • Arrisku handiena duten edo premia bereziak dituzten herritarren zaintza beharrei erantzuteko sortu den boluntario sarearen ardura har dezala. 

Boluntario sare hau beharrezkoa dela sinesten dugu, baina berau koordinatzeko  eta jendearen ekimen nahia modu protokoarizatuan, seguruan eta udaleko gizarte zerbitzuarekin elkarlanean egin ahal izateko neurriak udalak hartu behar dituela uste dugu.

 

  • Telefono bat jar dezala herritarren eskura, zalantzak argitzeko zein bizi ditzaketen egoera larriei erantzun ahal izateko.Zerbitzu honek ondo funtzionatu dezan, behar den pertsonala horretara bideratuz.
  • Udal langileei ere etxean geratzeko eskatu diezaiela, posible den kasuan telelana edo telefono bidezko lana ahalbidetuz eta soilik zerbitzu minimoak mantenduz. Langile hauei udalak emergentzia egoera batean berea ez den beste lanen bat eskatu diezaiekela jakin araztea.​
  • Krisi honek familia, merkataritza establezimendu txiki eta ostalariei sor diezaiekeen galera ekonomikoei aurre egiteko diru-laguntzak abian jartzea.
  • Zergen suspensio edo atzeratzearen inguruko hausnarketa eta azterketa ekonomikoa, aurrerago behar diren erabakiak hartu ahal izateko.
  • Desgaitasun intelektuala daukan bat beren kargura dutenei kalera irtetzeko baimen berezia eman diezaietela, beti ere osasun-agintariek emandako gomendioak jarraituz eta denbora-epe mugatu batetarako. Debekuaren salbuespen hori justifikatzeko,arduradunari desgaitasuna frogatzen duen agiria aldean eraman dezala eskatuz.

 

Bizitzen ari garen egoera hain aldakorra izanik, eskaera hauek martxoaren 17ko egoerari begiratuz eginak dira. Aurrerantzean hartu beharreko pausuak aldatzen joan daitezkeela argi dugu eta horiek proposatzen dugun krisi mahaiean erabakitzea proposatzen dugu. 

 

Zarauzko EH BILDUk herri batzarra egin du

Nerea Kortajarena legebiltzarkidea izan du gonbidatu gisa

| 2020-02-21 11:42:00

Otsailaren 19an Zarauzko EH Bilduren herri batzarra egin zen Gaztelekuko aretoan.

Nerea Kortajarena legebiltzarkidea izan zen gonbidatu gisa eta Begotxu Olaizola zinegotziak zuzendatutako solasaldia entzuteko aukera izan zuten bertaratuek. Kortajarenak egungo egoera politikoaren hainbat gairi buruzko irakurketa egin zuen eta, ondoren, bertan bildutakoek ere galdetu edo ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

Bestalde, Zarautzen aurrera eramaten ari garen saretze lanerako galdetegiaren berri eman zuen Itziar Muruak. Galdetegi asko jaso dira eta horietan orain arte jasotako iritzi eta ekarpenen berri eman zuen Muruak. Hala ere, gaineratu zuen gehiago jasotzea espero dutela eta informazioa zehazten joango direla.

Jexus Goikoetxea zinegotziak EAEko hauteskundeen inguruko hainbat argibide eman zituen eta bertaratutakoei nahiz EH Bilduren kanpainan lanerako prest daudenei deialdia eginez amaitu zen batzarra.

Kirol eta atletismo baliabideen inguruan EH Bilduren azalpena

Zarauzko EH Bilduko udal taldeak azalpenak eman nahi izan ditu, 2020ko aurrekontuak direla eta, azken plenoan kirol eta atletismo baliabideen inguruan adierazitakoaz, sare sozialetan gaiak hautsak harrotu zituelako.

| 2020-02-03 13:25:00

 

Iazko konpromisoak bete gabe onartu dute EAJ-PSEk 2020ko aurrekontua

2019ko aurrekontuak onartzeko hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen dutela gogorarazi dio EH Bilduk EAJri. EAJ eta PSE-EEk atzera bota dituzte EH Bilduren zuzenketa guztiak eta Itziar Muruak elkarlanerako borondaterik eza salatu du.

| 2020-01-23 11:45:00

Pasa den asteartean egindako ohiko udalbatzarrean onartu zituzten EAJk eta PSE-EEk 2020ko aurrekontuak. EH Bilduk eta Podemos-Equo-Berdeak-ek ez zituzten babestu. Izan ere, 2019ko aurrekontuetan konpromiso batzuen gaineko adostasun batetara iritsi zen EH Bildu udal gobernuarekin, baina konpromiso horietako askok bete gabe jarraitzen dutela gogorarazi zien Itziar Murua bozeramaileak. Kasu askotan konpromiso horiek ez betetzearen arrazoia interes falta izan dela gaineratu zuen, “horrek akordioa seriotasunez ez dela hartu esan nahi duela iruditzen zaigu, gureganako eta herritarrekiko errespetu falta adieraziz”.

Besteak beste, 2019rako konpromisoetatik bete gabe daude oraindik kultur mahaiaren sorrera, pentsiodunen egoeraren azterketa, pentsiodunen dirulaguntzen kanpaina, gazteen emantzipaziorako proiektuen bekak, alokairuaren bultzatzeko ekintzak eta udaleko langileen bitartekotasunari aurre egiteko plangintza.

Muruak nabarmendu zuen aurrekontu horien lanketarako modu eta epeak ere desegokiak izan direla, “Errege egunaren ondoren jaso genuen aurrekontuen proposamen definitiboa eta horrek argi adierazten du elkarlanerako borondate falta”, esan zuen.

Hala ere, EH Bilduk hainbat zuzenketa proposatu zizkien Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuei eta EAJk eta PSE-EEk guztiei kontrako boza eman zien. Podemos-Equo.Berdeak-ek, berriz, alde bozkatu zien lautik hiruri. 

Hauek izan ziren proposatutako aldaketak:

- Atletismoko entrenamenduak egiteko pista egiteko eta bolo konpetizio ofizialak egin ahal izateko bolatokia egokitzeko partida bat jartzea.

- Hegoalden Udalak lur erosketak egiteko partida bat sartzea, Salberdineko lanak bukatzen direnean etxebizitza eta ekipamendu garapena egin ahal izateko. 

- Kultur eta Kirol mahaiak abian jartzea, pentsiodunen beharren diagnosi bat eta beraien diru laguntzen kanpaina bat egitea, gazteen emantzipaziorako beka bat irekitzea eta emakumeen etxerako autogestio diru-laguntza batetarako partidak gehitzea. 

- Herriko ostalaritzaren sustapenerako ekitaldientzako partida bat sortu eta herriko eta auzoetako festen partidak igotzea. (Parrilla txapelketarako partida askoz ere handiagoa da San Pelaio jaietarakoa baino).

Aldaketa eskaera horietaz gain, aurrekontuetan plan estrategikoarentzat udal korporazioaren atalean aurkeztu zuten 120.000 euroko partidak kezka sortzen diela azaldu zuen Muruak. “Ez dakigu zein motatako plan estrategikoa den aurreikusten dena, zein ikuspuntutatik egingo den”. 

Bestalde, aurrekontuak ez du jasotzen Zarauzko Herri Antolamendu Plan Orokorra (ZHAPO)aren berritzea. “Zarauzko hiri antolamenduan aldaketa partzial asko ematen ari dira azken urteotan plangintza orokor bat gabe, gehiegi”.

 

EH Bilduk Itxasmendiko bizilagunekin autokarabana aparkalekuari buruzko parte-hartze prozesua abian jartzea eskatu du

Gobernantza ona herritarren parte-hartze aktibo eta erabakigarrian eta beren erakundeekiko harremanean datza. EH Bilduk uste du hori ezinbestekoa dela, eta horregatik eskatzen diegu EAJ eta PSE-EEko udal taldeei, gobernuko arduradunei, Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako prozesu parte-hartzaile bat abian jar dezatela.

| 2020-01-05 11:42:00

Itxasmendi auzoan autokarabanentzako aparkalekua egiteko asmoa iragarri du Udal Gobernuak berriki. Erabaki horrek era guztietako erreakzioak eragin ditu, eta, batez ere, gai askoren inguruko informazio falta nabarian utzi du.

Erabaki horren berri emateko modua ez da egokia izan, eman den informazioa oso eskasa izan delako eta ez delako herritarren benetako parte-hartzea bermatuko duen modu irekian egin.

Azpiegitura horren obrari buruzko lehen albistea aurrekontuak diseinatzeko bilera parte-hartzaile batean eman zen (eta ez bereziki gai hau lantzeko bilera batean). Bilera horretan ziurtzat jotzen zen autokarabanen aparkaleku hori eraikitzeko lanak udari begira egingo zirela. Esan behar dugu, nahiz eta bilera horretan bertan Itxasmendiko Auzo Elkarteari proiektu horri buruzko dokumentazioa eman zitzaion, abenduaren 12ko udal batzordera arte oposizioak ezin izan duela inolako informazio dokumentalik izan, aurrez alkateari zuzenean eskatu arren.

Proposamen horren inguruan iritzia eman ahal izateko, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela gai garrantzitsuak argitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa dela auzotarren iritzia ere jakitea. Aparkalekuaren kokalekuaren behin-behinekotasuna, autokarabanentzako erabilera esklusiboa, sarrera- eta irteera-sarbideak, eta haurtzaindegiaren ondoko hartxintxar-aparkalekuaren etorkizuna dira besteak beste bizilagunekin eztabaidatu beharreko gaiak. Horrelako azpiegitura batek eragin zuzena du auzoan eta bertako bizilagunengan, eta beraz, guztiz logikoa eta exijigarria da, prozesu parte-hartzaile bat egitea, non herritarrek argi eta garbi eztabaidatu ahal izango duten eta udal gobernuak proposatu nahi duen proiektuari iradokizunak aurkeztu ahal izango dizkioten, baita parking horren erabilerari buruz ere.

Gobernantza ona herritarren parte-hartze aktibo eta erabakigarrian eta  beren erakundeekiko harremanean datza. Hori funtsezkoa da EH Bilduren ustez, eta horregatik eskatzen diegu EAJri eta PSE-EEri, udal-gobernuko arduradunei, Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako partaidetza-prozesu bat abian jar dezatela, auzorako eta Zarautzerako egokiena dena eman eta erabaki dezaten.

ALBISTEAK

Xabier Txurruka alkatearen manipulazioak eta jauntxokeriak salatu ditu EH Bilduk

2020-07-08 13:10:00

Alkatearen jarrerarekin kezkatuta agertu da EH Bildu, bai formen aldetik baina baita udaleko arauak ere ez dituelako errespetatzen.

LEHENTASUNA HERRITARRAK DIRA

2020-05-15 19:08:00

Oraindik askotan eskatu dugun Zarauzko aurrekontuen egokitzapenaren argazki zirriborro bat ere ez dugu ikusi.

Zarauzko EH Bilduko udal taldeak bideo bat zabaldu du

2020-04-07 12:05:00

Covid-19aren ondorioz herritarrak animatu eta eskertu nahi izan ditu bideo honen bitartez.

Itziar Murua Ahuntzaren gauerdiko eztula irratsaioan izan zen

2020-03-29 13:30:00

Covid-19aren ondorioz Zarauzko egoeraz eta EH Bildutik egindako proposamenez mintzatu da bertan.