AKTUALITATEA


| 2020-05-15 19:08:00

Ostegun honetan, maiatzaren 13an, ez-ohiko batzarra ospatu zen Zarauzko Udalean. Covid-19aren ondorioz deitutako alarma egoera hau hasi zenetik lehenengoa. 

Ez-ohiko pleno honetan Euskal Trenbide Sarearen eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena eta tren-geltoki berriaren eta trenbide azpiko pasabidearen eraikuntza finantzatzeko akordioak proposatu ziren, eta ohar honen bitartez gure balorazio eta izandako jarrera azaldu nahi dugu.

Lehenik, gauden alarma egoera honetan, covid-19aren krisiaren erdian, orain arte plenorik izan ez dugunean, oraindik Udal Gobernuari askotan eskatu diogun aurrekontuen argazki berriaren zirriborro bat ere ikusi ez dugunean, merkatari, ostalari eta negozio ezberdinak dituzten herritarrentzat zein laguntza emango ditugun erabakitzeko dagoenean, oraindik honetatik ahalik eta gutxien kaltetuta ateratzeko nola egingo dugun ez dakigunean... horrelako proiektu bat onartzeko ez-ohiko pleno bat deitzea sinestezina egiten zaigu.

Badakigu, krisi honek ez duela beste guztia geratu behar, eta ahal den neurrian aurrera egin behar dela, baina lehentasuna herritarrak dira orain, eta beste proiektuetaz hitz egiten hasi aurretik larri dagoen herritar asko eta askori nola lagundu pentsatu eta erabaki behar da. Horregatik, oraindik ez da une egokia gai honen inguruko erabakiak hartzeko.

Proiektuan beran zentratuta, kezka batzuk teknikari batzurekin komentatzeko aukera izan dugu. Eta argi geratu ez zaizkigun kontu batzuk badira:

1.- 2009an Zarauzko herria bi zatitan banatzen duen trenbidea lurperatzeko trazatuaren azterlana egiteko hitzarmena sinatu zen ETSrekin (Euskal Trenbide Sarea). Hasiera horretan EAJ-PNVrentzat ere lehentasun estrategikoa izan zen, baina azken 5 urte hauetan Udal Gobernuak guztiz bazter utzi du. Orain onartutako proiektu honek, gaur egungo trenbide trazatuari egonkortasuna emango diola iruditzen zaigu.

Guk azterlana bukatu egin behar dela, ez dela etsi behar uste dugu. Etorkizuneko Zarautz amesterakoan zatitzen duen  trenbiderik gabekoa imaginatu nahi dugu. Eta orain trenbidea lurperatzeko garai egokia ez dela ulertzen badugu ere, proiektua ez dela baztertu behar, eta etorkizunean proiektua gauzatzeko aukera egokiagoa dagoenerako, Zarauzko herria prest egon behar dela uste dugu. Horregatik, Udal Gobernu honek ETS-rekin sinatutako trenbidearen trazatuaren azterlanaren hitzarmenarekin aurrera jarraituko duen jakin nahi izan dugu bozkatu aurretik.

2.- Teknikoki gabezia batzuk ikusten ditugu: Alde batetik, udalak ETSri, proiektua aztertu ondoren,  egindako eskaeren erantzunik ez du jaso oraindik, beraz, behin betiko proiektua ez daukagu mahai gainean. Bestetik, dudarik gabe, pasabide honek herriko mugikortasunean aldaketak eragingo ditu, eta ez da egin mugikortasun planik. Eta gainera Lapurdi eta Zigordia kaleen arteko joan-etorriak oztopatu egiten dituela iruditzen zaigu. Hauek guztiak argitu arte gai honen inguruko erabakiak hartzea ez zaigu ondo iruditzen.

3.- Jakin badakigu tren geltokiaren gaur egungo eraikina, 1995ean eraikia dela, eta ez originala,  ondare arkitektonikoaren ikuspuntutik ez duela interesik. Hala ere, gure zalantzak sortzen dizkigu bota eta berria egin behar horrek.

Gainera, horrelako proiektu bat onartu aurretik herritarren parte-hartze prozesu bat ireki beharko litzatekela uste dugu; eta kasu honetan, proiektuari buruz duten iritzia emateko aukerarik ez izateaz gain, proiektuari buruzko informaziorik ere ez dute jaso.

Hauek guztiak esanda, gaur egun eta epe laburrean begiratuta, Zarauzko Iparra eta Hegoa lotuko dituen pasabideari alde positiboak ikustea erraza da, eta guk ere ikusten dizkiogu; baina pauso hori ematerako aurrez aipatutako puntu horietan gehiago sakondu behar dela uste dugu. Horregatik, hitzarmenaren sinadura atzeratu eta bozketa bertan behera lagatzeko eskaera egin genuen batzarrean, eta eskaera hori aurrera atera ez zenean, gure botoa abstentzioa izan zen, faltan botatzen ditugun puntuak aztertu arte.

Ez dugu bukatu nahi alkateak udalbatzarrean izan zuen jarrera salatu gabe. Egia esan,  ohikoak dira bere jarrera eta hitz egiteko modu harroak udalbatzarretan, baina oraingoan guztik tonoz kanpokoa izan zen bere hitz egiteko modua. EH Bilduko bozeramaileak bere iritzia eman ondoren, alkateak eman zion erantzuna ez da onargarria alkate baten aldetik eta publikoki adierazi nahi dugu jarrera horrek gugan sortutako haserrea.

Plenoa osorik ikusteko klikatu hemen.