AKTUALITATEA


| 2023-03-18 12:46:00

Bigarren legegintzaldira aurkeztuko zara. Zer dela-eta eman duzu pauso hau?

Legegintzaldi baten ondoren, gogotsu eta indarberrituz jarraitzen dut, eta orain lau urteotan pilatutako esperientzia ere badaukat. EH Bilduk Zarautzen egin dezakeen ekarpenean zer eskainia badudala uste dut, eta herritarrei hori erakutsi eta determinazio hori helarazi nahiko nieke.

Gainera, lau urte hauen ondoren, udalaren funtzionamendua eta egiteko modua barrutik ezagututa,  oraindik ere herritar gisara nuen ikuspuntu berbera izaten jarraitzen dut: haize berria behar du Zarauzko Udalak. 

Eta sumatzen ari naizenaren arabera, gauza bera sentitzen du jende askok eta askok ere Zarautzen. 

 

Haize berria esaten duzunean, zertaz ari zara?

Bi aspekturi begira ari naiz, batez ere. Alde batetik, Udalaren lehentasunak berrikusi behar dira: norentzat eta zer helbururekin gobernatzen duen. Bestetik, politika ulertzeko eta gobernatzeko formak findu behar dira, herritarren kezketatik eta beharretatik hurbilago egoteko eta erabakiak enpatia gehiagoz hartzeko.

 

Zer moduzkoa izan da lau urteotako esperientzia zentzu horretan?

Dudarik gabe, aberasgarria. Asko ari naiz ikasten, politikaz, herri honetaz, zarauztarrek dituzten nahiez eta beharrez. Baina, aspektu batean gazi-gozoa izan dela ere esango nuke: gaur egun indarrean dauden politikak egiteko moduak ez zaizkit gehiegi gustatzen. 

Alde batetik, barne mailan, alderdien arteko harremanak eta desadostasunak nola kudeatzen diren ez zait batere gustatzen. Naturaltasun falta handia dago, eta dena oso antolatua baina zurruna dela esango nuke. Plenoak berak ere  zirku moduko bat direla uste dut, telebista grabatzen ari denez eztabaida zintzorik ez baitago. Uste dut beste modu batera izan daitekeela guztia, askoz modu eraikitzaileagoan. Hau komentatzen dudanean, jende askok “ongi etorri politikara” esaten dit, eta horrek pena ematen dit.

Bestetik, kanpora begira jarrita, Udalak herritarrekin duen harremana ere ez zait gustatzen. Herritar askok ere esan izan dit hori. Zaila egiten da Udalarekin komunikatzea, askotan ez dago erantzunik, hurbiltasuna falta da, eta hori ere aldatuko nuke, horretarako aukerarik izango banu.

 

Kontu gaziak aipatu ditut, baina alde gozoa ere badago: Esan dudanaren kontrakoa egin daitekeela uste dudalako. Udala da herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea, eta norberaren herriari begira lan egitea oso polita da. Hurbiltasun praktiko bat bilatu behar dela eta egin daitekeela uste dut. Udalek potentzialitate handia dute jendearen ongizatea sustatzeko eta bultzatzeko, eta hau gogoan izanda, lan egitea ederra da.

 

Zein izango dira Zarauzko EH Bilduren erronka nagusiak datorren legealdirako?

Zarautz ongizatearen eredu izan den herria izan da, baina gero eta jende gehiagorentzat, gero eta zailagoa da bertan lan egitea eta bizitzea. Batez ere gazteak, lanik gabeak, prekarizatuak edota migranteak ditut gogoan hau esaterakoan, baina ez horiek bakarrik, jende askok ditu zailtasunak.

Ez naiz argiaren eta gasaren igoeraz bakarrik ari, Zarautzen etxebizitza bat izatea, berdin dio alokairuan edo erosita, gero eta zailagoa da herritar askorentzat. 300.000 eurotik gorako etxeak, 1.000 eurotik gorako alokairuak... semea eta alaba ditut, eta hauek herrian bizitza autonomo bat egiteko aukera izatea gustatuko litzaidake.

Zentzu horretan, lehen esan dudan bezala, herritarren beharrekin eta nahiekin konektatuago dagoen gobernantza eredu bat proposatzera gatoz, edukian zein forman, eta horretarako, udalaren lehentasunak eta formak berrikusi behar dira. Alegia, norentzat eta nola gobernatzen den.

 

Eta zehaztasunetara etorrita, zer iragar dezakezu?

 

Iniziatiba politikoa hartuko dugu aurrerantzean. Udal taldetik haratago, Zarauzko EH Bilduko komunitatea hor dago, eta hor hainbat lan talde ditugu proposamenak jorratzen. Hirigintza, sozioekonomia, mugikortasuna, kultura, kirola, parekidetasuna, zaintza, ingurumena, energia eta beste zenbait alorretan proposamen anbiziotsuak aurkeztuko ditugu, Zarautzen ez dadin arrakalarik egon batzuen eta besteen ongizatean.

 

Lehen esan bezala, bertan lan egiteko eta bizitzeko, etxebizitzarena alor oso garrantzitsua da guretzat. Gure seme-alabek Zarautzen bizitzeko aukerarik izango al dute? Pertsonalki, ez dut uste etxebizitzaren arazoari konponbidea Salberdingo ereduarekin emango zaionik. Herriko gazteei etorkizuna Zarautzen bermatzeko, alokairuko etxebizitza sozialak sustatzea da guretzat bidea.

Santa Klararako eta kulturarako ere proposamen indartsu bat prestatu dugu. Kultura gozatzeko eta kontsumitzeko gune bat baino harago joan beharko litzatekela uste dugu guk. Hori ere bai, noski, baina kultur sorkuntzarako guneak falta dira Zarautzen, eta horregatik Kultura faktoria bat bezala ikusten dugu Santa Klara.

Zarautz hartzen ari den norabidearekin konforme ez dagoen jende eta talde asko daudela ikusi dugu azken urte eta hilabeetan: ezkiak moztearen kontrako protestak, trenbidearen lurperatzearen aldeko plataforma, mugimendu feministarekiko Udalak duen urruntasuna, garraio astunaren aurkako kexak Aritzbatalden, zarata jasangaitza zaien bizilagunak... 

Badakigu politika beste modu batera ulertu eta egin daitekeela: Zarautzek alternatiba behar du, eta badago alternatiba.

Eta norabide horretan, zein izango dira hurrengo helburuak?

Gure helburua, epe laburrean, herrian alternatiba indartsua dagoela erakustea da. Horretarako ari gara lanean. 

 

Norabide horretan, talentuz zein proposamenez, Zarauzko EH Bildu indartzea eta anbizioz jokatzea da gure helburua. Azpeitian eta Errenterian bezala, Getarian, Orion, eta Zumaian EH Bilduren gobernatzeko eredua praktikan ezagutu dute, eta ziur nago Zarautzen ere hauteskundeetan gorantz jarraituko dugula, herritarren kezka eta beharrekin konektatzen duen alderdia eta mugimendua baikara.  Xabier Txurrukak zortzi urteko zikloa bete du, badakigu zer eskainiko digun, nola eta norentzat, eta guk uste dugu haize berriaren premia duela Zarauzko Udalak.

 

Zarauzko EH Bildu politikaren erdigunean kokatuko dugu, herritarren gehiengoaren konfiantza irabazita, irtenbideak eta ilusioa eskainiz, aro nahasi eta zalantzakor hauetan. Gure eredua argia da: herritarrekin eta herritarrentzat. Beste alderdi batzuek ezin dute gauza beraren promesa iragarri.

 

Indar handia daukagu. Zarauztarrek gure talentuan eta ahalmenean konfiantza dutela erakutsi didate, eta hauteskunde hauek hori berresteko aukera ederra dira, are gehiago Maddalen Iriarte Gipuzkoan ordezkari izanda.