AKTUALITATEA


| 2023-05-15 21:13:00

Esperientzia eta freskotasuna eskaintzen du EH Bilduk osatu duen lantaldeak. Udalean aldaketa bat behar delakoan daude, eta herritarrei entzunez gobernatzeko bidea jorratzeko prest.

Ainara Landak eta Ion Arozenak eskarmentua dute udalean; ez dituzte alperrik igaro lau urte EH Bildun buru belarri lanean. Ander Lucasek eta Ainhize Larramendik herritar gisa ezintasunez ikusi dute azken lau urteetan Zarauzko Udalak izan duen jarduna. Horregatik, eta gauzak hobeto egiteko moduak badaudela sinetsita, ilusioz sartu dira EH Bildun, Itziar Murua buru duen lantaldea herritik eta herriarentzat lana egiteko grinez dagoelako.

 

Kargua hartu zutenean, 2019an, Udala arrotza zitzaien Landari eta Arozenari, ez baitzuten ezagutzen barne funtzionamendua. Ikasi dute, eta esperientzia metatu horretatik abiatuta, Landa sinestuta dago gobernantza eredua aldatu behar dela. Arozena bat dator Landarekin, eta honakoa gehitu du: “Alkatetza izatea ez da herria zure eskutan izatea, baizik eta herriari eskua luzatzea eta herriarentzat lan egitea”. Horixe sentitu dute Lucasek eta Larramendik: “Udalak aurrera eramandako gauza asko ulergaitzak izan dira, eta herritarren arazo asko erantzun gabe gelditu dira”. Gainera, Lucas, udal langilea da eta hainbat udal ezagutu ditu barrutik. Zarauzkoan ere egin zuen lan eta orain beste herri batean dago eta ezagutzen du gauzak beste era batera egiteko modua. 

 

Etxebizitzaren arazoa aipatu dute laurek, Zarauzko arazo nagusietako bat delako. Larramendi: “Gaur egun, edozein herritarrentzat Zarautzen bizi eta lan egitea ia ezinezkoa da”. Alokairu gutxi dago eta oso garesti. EH Bilduk eginda dauka gogoeta bat gai honen inguruan. Arozena: “Egiten diren etxe berriak ezin dira erosi egungo soldatekin. Etxebizitzaren inguruan udal gobernuak eta guk ideia oso desberdinak ditugu, batez ere lur publikoetan egiten direnekin. Horien inguruko benetako hausnarketa bat egin beharra dago: lur horietan egiten diren etxebizitza guztiak publikoak, eta ahal den heinean, alokairuzkoak izatea, esaterako”.

Etxebizitzarenaz gain, orain arteko udalak beste hainbat gai bazterrean utzi dituelakoan dago Landa: “Herritarren behar zehatzei, herri nortasunari, zaintza ereduei, turismoak herrian duen eraginari...ez dio kasurik egin”. Bat dator Lucas. Haren ustez, Zarautz “udarako herri” bihurtzen ari da. Proposatu dute gogoeta bat ereduaren inguruan. “Askotan izan dudan sentsazioa da, Udaletik aurrera eramaten diren ekintzak oporretan bisitatzen gaituztenentzat bideratuak direla %100ean, eta zarauztarrez ez direla gogoratzen”. 

 

Kultur jardunean, sortzaile lanetan, lagun asko dabiltza Zarautzen, eta Lucasen ustez, “ez da ezer egiten hauen alde, eta askotan trabak jartzen zaizkie gainera. Lucasek gogoan hartu ditu auzoetako jaiak antolatzen dituzten batzordeak ere: “Ez da normala, azken urteetan alkateak asmaturiko Zarauzko Aste Nagusiak duen aurrekontua eta auzoko festek dutena. Herritar ugari egoten da urte osoan zehar hilabete luzez bere auzoetako festak aurrera ateratzeko lanean eta Udalaren partetik diru laguntza minimo bat jasotzen dute. Aste horren inguruko kontzertuak antolatzeko Udalak gastatzen duen dirutzarekin konparatzen duzu eta niri errespetu falta bat iruditzen zait”. Orain arteko Udalak kanpotik bisitatzen gaituztenengan arreta gehiago jartzen duelakoan dago, eta herritarrak ez dituela entzuten: “Tiloak, trenbidea, merkatu plaza... Herritarren ekarpenak eta ideiak ez dira entzun ere egiten. Udalaren erabakietan herritarren parte hartzea sustatzea ezinbestekoa da”.

 

Herri gisako gogoetari heldu dio Larramendik: “Nire ametsa da Euskal Herri aske batean bizitzea. Herri euskaldun, feminista eta sozialista batean. EH Bildu tresna egokia iruditzen zait amesten dudan hortara iristeko”. Ildo horretan, EH Bilduk, hasteko, “gobernantza eredua” aldatuko du, Landaren esanetan: “Herriarekin eta herriarentzat egingo dugu lan”.