Sopeloztarrei eskerrak
Sopeloztarron babesa da gure motorra, aurrera bultzatzen gaituena. Herritarrek EH Bildurekin bat egiten dutelako seinale. Dena kontra izan dugu (komunikabideak, esate baterako), baina aurrera egin dugu. Zuei esker. Gure eskerrik beroenak eman diguzuen babesagatik.
Gure balorazioa: inoiz jaso ditugun emaitzik onenak!
1841 boto, 148 botoko igoera 2016ko hauteskundeekin alderatuz (%9ko igoera). Sopelan bozka berri gehien erakarri dituen indar politikoa. Eta ez da kasualitatea: legegintzaldi berri honetako 3 hauteskundeetan, inoiz jasotako emaitzik onenak jaso ditugu herrian: udal hauteskundeetan, foru hauteskundeetan, Espainiar Estatuko hauteskunde orokorretan eta azkenik, eusko legebiltzarrerako hauteskundeetan! Urteetan egin dugun lanaren fruitua. Herritarron babesa. Gora herria!
EAJ/PNV-k behera
Jeltzaleek irabazi dituzte hauteskundeak. Sopelan ere lehen indarra dira, baina bozka galera nabarmena izan dute: 244 bozka galdu dituzte Sopelan, %8,55a, EH Bilduk zehazki %8,74a igo den bitartean. Deiak astelehenean bertan kaleratutako berriak argi erakusten du jeltzaleek Uribe Kostan EH Bildu indartsu bati dioten beldurra. Aurrera goaz eta geldiezinak izango gara!
Abstentzio handia
Koronabirusak eta gizarteak orohar alderdi politikoekiko duen mesfidantzak eraginda, azken hauteskunde hauetan abstentzioa oso handia izan da. EAEn %48a, Sopelan %44a. Sopelan hainbat alderditan eragin du abstentzioak modu negatiboan. Elkarrekin Podemosek 2016ko bozken %51a galdu du. EAJ/PNVk, esan bezala, 244 bozka galdu ditu. PSEk, ostera, 50 bozka irabazi ditu (%11,87ko igoera), Espainiar Estatuko gobernuan duen protagonismoaz baliatuz.
EH Bilduri abstentzioak ez dio negatiboki eragin: esan bezala, 148 bozka gehiago lortu ditugu Sopelan, 24.434 gehiago EAEn.
Hala ere, egoera politikoaren irakurketa kritikoa egitea beharrezkoa da: lan instituzionalaren eta kaleko aktibismoaren arteko oreka zaindu beharra, herri mugimenduekin elkarlanean aritzeko borondatea... argi dago kaleko sektore desberdinekin lankidetza estrategikoak landu beharko ditugula, orain arte egin dugun bezala baina modu sutsuagoan. Hori da orain zabaldu den momentu historikoak eskatzen diguna.
Aurrera begira
EAJ/PNV eta PSE gehiengo absolutua izango dute eusko legebiltzarrean, joan den legegintzaldiko akordioa berresten badute. Hodei beltzak ikus ditzakegu EAEren zeruertzan. Murrizketak datoz. Zelan eragingo du horrek Sopelan? Zipiriñeko eskolako espazio arazoak hor daude...
Euskal Herria Bilduk, ordea, 248.688 bozka lortu ditu, 22 ordezkari. Nafarroan dugun pisuarekin, Iparraldean azken udal hauteskundeetan lortutako emaitzekin eta EAEn egindako 24.434 botoko jauziarekin, bermea gara neurri atzerakoien kontra eta Euskal Herriaren burujabetzaren alde.
Hala ere, Sopelan gauza bat argi izan behar dugu: Sopelan EAJ/PNVk eta PSEk gutxiengoa daukate. Herriak eman digun babes honekin, geurera BILDU zaituztenokin, PREST gaude aurrean ditugun erronkei aurre egiteko, herri mugimenduekin elkarlanean, oposizio lan sendoa, konstruktiboa eta zorrotza gauzatuz. Garai latzak datoz. EH Bildu indartsu bat, bermea da herriarentzat. Arduratsu baina tinko.
Gora Sopelako EH Bildu eta gora Sopela!
EH Bildu bozkatzeko hiru arrazoi
Jon Iñarrituk hiru arrazoi sendo bota dizkigu, igandean Euskal Herria Bildu bozkatzeko.
Fidagarriak gara. Esaten duguna, egiten dugu eta egiten duguna, esaten dugu. Alor sozialean mahai gainean jartzen diren hainbat ekimen garrantzitsu, ezkerreko subiranistok proposatzen ditugu.
Independentistak gara. Prest gaude berdinen arteko Euskal Errepublika Independiente bat bultzatzeko. Prest gaude legegintzaldi honetan herri gisa gure etorkizuna bideratuko duen galdeketa abian jartzeko. Estaturik gabeko nazioen ordua heldu da.
Antifaxistak gara. Ekidistantziarik ez. Argi daukagu zeri egin behar diogun aurka.
Bea Ilardia: "Sopelan beste eskola berri bat ez egitea murrizketa ere bada"
Bizkaiko EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramailea hainbat gaietaz aritu izan da. Covid-19aren pandemian EAJak izan duen gardentasun falta, besteak beste. Tartean, Sopelarentzat funtsezkoa den gai bat aipatu du, indartsu: "Sopelan beste eskola berri bat ez egitea murrizketa ere bada". Murrizketez aritu izan da. Jadanik EAJ-ak aplikatzen ari den murrizketez. Horiei aurre egiteko neurririk sendoena, Euskal Herria Bildu.
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
GORA EUSKAL HERRIA BILDU!
GORA SOPELA!
EH BILDUren INKESTA
Otsaileko batzorde informatiboetan Arrietarako goi aldeko aparkalekuan hobekuntzak egin behar zirela exijitu genuen, neguko euriteak kalte garrantzitsuak sortu zituztelako.
Martxoko osoko bilkuran, bestetik, argi esan genuen "beharrezkoa ikusten dugula Arrietara inguruan hobekuntzak egitea (Solondotan eta hondartzako aparkalekuan, esate baterako)".
Apirileko osoko bilkuran EAJ/PNV-ek 50.000€ partida bat proposatzen zuen Arrietarako umeen jolas parkea berritzeko. EH Bilduren proposamena aurrekontu partida hori atzeratzea izan zen, pandemia erdian bestelako premia batzuk egon zitezkelako eta bestetik, beharrezkoa zelako (delako) Arrietararen inguruko azterketa sakon bat egitea, auzokide eta erabiltzaileen premiak ezagutzeko. Presio handia jaso genuen osoko bilkuran bertan EAJ/PNVren aldetik, baina guk erantzunkizunez jokatu genuen. Arrietarak plangintza sakona behar du. Ordua heldu da erronka horri aurre egiteko.
Horretarako, Sopelako EH Bilduk ARRIETARI BURUZKO INKESTA bat plazaratu du, zonaldeko beharrak zuzenean ezagutzeko. Oso galdetegi laburra da, 5 galderez osatua.
AUZOKIDEEN ESKARIA
Arrietarako zenbait auzokidek Salvajeko aparkalekuko goi aldea oinezkoentzako gune bihurtzea eskatu dute, sinadura bilketa baten bitartez. Beraien helburua, bertan pertsonentzako gune bat sortzea da, "garapen sozial eta integrala" ahalbideratuko duen "funtzio anitzetako gunea", alegia. Horrez gain, bidegorri sarea osatzea eta garraio publikoa (Sopelbus!) sendotzea eskatzen dute.
GURE JARRERA
Sopelako erdigunea ezezik, gure eginbeharra ere bada herriko beste auzo eta zonaldeetako arazoen eta erronketaz arduratzea. Horrela adierazi genuen gure herri programako lehen atalean: "Herriko auzo guztietan beharrezko mantentze- eta hobekuntza-lanak". Bestetik, "Oinezkoentzako lehentasuna" irizpide gisa harturik, "auzoak eta pertsonak hurbiltzea" gure helburuen artean txertatzen genuen "bidegorrien sarea, metro maiztasuna eta bus garraioa" sustatuz.
Irizpide horiek aintzat hartuta, eta "udal parte-hartzaileagoa" lortzea gure helburuen artean dagoela ere kontutan hartuz ("prozesu parte-hartzaileak funtsezko proiektuetan"), auzokideen ekimen hori arretaz aztertuko dugu. Ekimen oso interesgarria da, Sopelako beste zonalde batzuetara zabal daitekeena.
ADI!
- ARRIETARI BURUZKO INKESTA (EH BILDU).
Maiatzeko Osoko Bilkura: txipa duen 5. edukiontzia erosteko aurrekontu aldaketa
Maiatzeko osoko bilkuran aurrekontu-aldaketa bat onartu zen, hondakin organikoak biltzeko txipa duen 5. edukiontzia erosi eta kokatzeko. EH Bilduk ez du aurka egin, 2015ean proposatu baitzuen neurri hori, alkatetza egon ginen legegintzaldiaren amaieran; hau da, lau urte baino gehiago igaro dira proposatu genuenetik, eta lau urte baino gehiagoko atzerapenarekin dator.
EH Bilduren kritika: plangintza eta informazio falta
Alde batetik, kritikatu egiten dugu gobernu-taldearen aurreikuspen eza, ez baitu partida hori aurreikusten, ez udal-aurrekontuetan, ez horien azalpen-memorian. Eta, beste alde batetik, salatu nahi dugu ez dagoela informaziorik erabaki hori nola hartu den eta hondakinak kudeatzeko planik dagoen ala ez, egungo bosgarren edukiontzia ordezteko.
Une honetan, hondakinen birziklatze-tasa % 15 ingurukoa da Sopelan, Europar Batasunak 2030erako ezarritako % 70etik oso urrun, eta 2020rako ezarritako % 50 baino askoz gutxiago.
Bosgarren edukiontzia eta Hondakinen Aholku Batzordea: atzera begirada bat
Egungo bosgarren edukiontzia EAJk proposatuta ezarri zen, PSEren eta PPren babesarekin, 2011-2015 legegintzaldian, eta, aldi berean, Sopelako Hondakinen Kudeaketa optimizatzeko Aholku Batzordea sortu zen, EHBilduk proposatuta, PSEren babesarekin eta EAJren eta PPren aurkako botoarekin.
EH Bilduren legealdiaren amaierara arte jardun zuen kontseilu horrek hondakinen kudeaketa lortzea zuen helburu, ingurumenari ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko. Sopelako hondakinen kudeaketarekin zerikusia duen guztiaren jarraipena egiteaz arduratzen zen, eta udalerriko alderdi politikoen eta elkarte-sarearen informazioa eta parte-hartzea bermatzen zuen, zati berdinetan banatutako botoarekin.
Kontseiluak hartutako erabakietako bat izan zen udalari hondakin selektiboen bilketa hobetzeko azterlan bat egiteko agintzea, lehen aipatutako Europar Batasunak ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Azterlan hori Spora ingurumen-zerbitzuetan espezializatutako enpresari enkargatu zitzaion, eta 2015ean aurkeztu zen. Azterlanean frakzio bakoitzeko hondakinen kudeaketa aztertzen zen, erabiltzen ari den ereduaren balantze ekonomikoa egiten zen eta birziklatze-tasa handitzeko egon daitezkeen agertokien konparazio bat planteatzen zen; horien artean dago txartel elektronikoz itxitako 5. edukiontzia, eta horren gainean sakondu nahi zen hura ezartzeko eta bideragarri egiteko beste azterlan batekin, EAJren udal-gobernu talde berriak egin ez zuena.
Ondoren, EH Bilduk proposatuta, 2017an aurrekontu-akordio bat sinatu zen EAJ-PSE gobernu taldearekin. Horietako batean Sporaren txostenaren jarraipena jaso zen: hondakin organikoen edukiontzi itxia ezartzeko azterketa eta proposamenak Txartel elektronikoaren kontrolarekin. Akordioaren puntu hau ez zen bete, baina ez zen izan eh Bilduren borondate faltagatik
Ez dugu txeke zuririk emango: proposamenak ditugu
Egungo edukiontzi marroiak huts egin du, ez du eragin esanguratsurik izan birziklatze-tasan, eta, horregatik, EHBilduk aldaketa onartzea erraztu du abstentzio baten bidez, baina erabaki horrek ez du txeke zuri bat ematea esan nahi.
Eh Bilduk birziklatze-tasa handitzeko norabide alternatibo bat diseinatzen laguntzeko prest dago, helburu eraldatzaile baten alde lan egiteko prest, normaltasun faltsura ez itzultzeko, 2030erako planifikatuta. Horregatik, osoko bilkuran 3 proposamen zehatz planteatzen ditugu.
Bareñoko xehetasun-azterketaren behin betiko onarpena argitaratu da
Ekainaren 23an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Bareño sektoreko h lurzatian (hondartzetarako bidea irekitzen duen pasabidearen ondoko orubea) erabilera tertziariokomertzialeko eraikin bat eraikitzeko xehetasun-azterketaren behin betiko onarpena. Ikerketa hori martxoaren 26ko osoko bilkuran onartu zuten, pandemia betean eta hirigintzako batzorde informatibotik igaro gabe, EAJren eta PSEren aldeko botoekin, DB/TUren abstentzioarekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkako botoekin. Xehetasun-azterlan hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera sartuko da indarrean. Baina zer esan nahi du horrek?
Zer da xehetasun-azterketa bat?
Xehetasun-azterketek balio dute lurzati jakin batean eraiki beharreko eraikinaren lerrokadurak eta sestrak, eraikinaren bolumenak eta estetika- eta konposizio-ezaugarriak zehazteko, betiere dagokion hirigintza-planteamenduak baimendutakoaren arabera. Edozein eraikuntzaren atariko fasea da. Sustatzaileek Udalari aurkeztu ondoren, Udalak gehienez ere 3 hilabeteko epean onartu edo ukatu beharko du. Osoko bilkuran onartu eta Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren (gure kasuan, Bizkaikoa), indarrean sartuko da. Hortik aurrera, sustatzaileek behin betiko proiektua aurkeztea eta Udalak, zehazki alkateak edo Gobernu Batzordeak, obra-baimena ematea besterik ez da geratzen.
Hirugarren sektoreko merkataritza-eraikin bat, sotoa eta beheko solairua dituena
EH Bilduk ekainaren 25eko osoko bilkuran adierazi genuen bezala, osoko bilkurara aurkeztutako xehetasun-azterketak "sotoko solairua, beheko solairua eta lehen solairua dituen eraikin bat proposatzen zuen", eta, akats baten ondorioz, Viuda de Sainz enpresaren aurretiazko proposamen bat aipatzen genuen; behin betiko xehetasun-azterketak, berriz, "sotoa eta beheko solairua dituen eraikin bat" ezartzen du. Sotoa 94 plazako lurpeko aparkaleku bati dagokio. 7 metroko altuera (9 bere punturik garaienean) duen eraikina da.
Eraikineko solairuen zuzenketa hori eginda, egiaztatu genuen baimendutako eraikigarritasuna berbera zela: 3.050,00 metro karratu hirugarren sektoreko erabilerarako.
Hipika bat edo supermerkatu bat?
Martxoko osoko bilkuran, EAJk eta PSEk esan zuten oraindik ez zekitela zein izango zen lursail horri emango zitzaion erabilera komertziala, nahiz eta planoetan argi eta garbi agertzen zen eraikinaren tamaina. Bi alderdi horiek garrantzia kendu zieten Sopelatik zabaldu ziren zurrumurruei, orube horretan BM supermerkatu bat eraikitzeko aukerari buruz. “Hipika bat izan liteke” esan zuen Josu Landaluze Sopelako alkateak txantxetan.
Ekaineko osoko bilkura horretan, EH Bilduk zuzenean galdetu zion alkateari "Sopelako Udalak eraikin horri zagokion proiektua jaso zuen" eta gobernu-taldeak lurzati horretan garatuko den negozio motaren berri formala zuen ". Erantzuna izan zen ez zuela informazio hori eta Hirigintzako Departamentuarekin argituko zuela.
1.500 metro koadroko supermerkatua
Zehazki, Bareñoko eraikina 1.500 metro koadroko salmenta-aretoa duen supermerkatua da, eta beste 500 metro koadro hozkailuetarako, eta abar; hau da, 2.000 metro koadroko sabaia eta lurpeko aparkalekuetarako 95 plaza dituen eraikina (xehetasun-azterketan baino plaza bat gehiago). Informazio hori martxoko osoko bilkuran onartutako xehetasun-azterketari lotutako espedientean agertzen da. Azpimarratu behar da informazio hori ez zaiola azaldu oposizioari, nahiz eta alkateari zuzenean galdetu zitzaion Bareñon garatu beharreko negozio motari buruz.
Azpimarratu behar da, halaber, informazio hori Sopelako Ezker Anitzako kideek argitaratu zutela apirilaren 3an, twitterren egindako mezu baten bidez. Mezu horretan, trafiko-azterlanaren planoak argitaratu zituzten: supermerkatu bat!
5.400 auto astean
Trafikoaren azterketa izugarria da. LEBER enpresak 2019ko irailean egindako "Sopelako Bareño Sektoreko H lurzatiko merkataritza-erabilerari lotutako trafiko-eraginaren azterketa" dokumentuaren arabera, 12.600 bisitari izango dira astero, eta horietatik % 90 ibilgailu pribatuan joango lirateke, hau da, 5.400 auto astean (batez beste bi pertsona ibilgailu bakoitzeko). Azterketak kalkulu bat egiten du, ostiralerako eta larunbaterako: 2.095 ibilgailu. Larunbatean, puntako orduan, eguerdian, 111 auto sartzen eta 111 auto supermerkatutik ateratzen. Horri gehitzen badiogu gaur egun dagoen trafikoa, larunbat eguerdikoa esate baterako, eszenatokia beldurgarria da. Asteburuetan auto karabanak. Ziur.
EH Bilduren jarrera: Sopelak ez du merkataritza-gunerik behar
Martxoko eta apirileko osoko bilkuretan bezala gaude berriz ere. Eraikin tertziario-komertzialaren proiektu honek (trafiko-azterketaren arabera, 1.500 metro koadroko supermerkatua) kalte larriak eragingo dizkio Sopelako tokiko merkataritzari, herriaren erdiguneari bizia kenduz eta zonaldera
trafiko gehiago erakarriz.
Legealdi honetarako programan Sopela Bizia aipatzen genuenean, herri atseginago, modernoago, kohesionatuago eta iraunkorrago baten alde egiten genuen. Oinezkoei lehentasuna ematea (oinezkoentzako esparruak egitea), egungo hirigintza-eredua aldatzea (Sopelak HAPO berria behar du), trafikorako saihesbideen erronkari heltzea (trafikoa herriaren erdigunetik ateratzea), auzoen eta pertsonen arteko mugikortasun iraunkorragoaren alde egitea (bidegorrien sarea osatzea, metroaren maiztasuna handitzea eskatzea eta autobus-zerbitzu publikoak indartzea) eta tokiko merkataritza dinamizatzeko neurriak aplikatzea (ikusgarritasuna eta komunikazioa, kanpaina espezifikoak, hirigintza-eredua).
Herriaren ikuspegi horrekin bat etorriz, Bareñoko proiektuaren aurka dugun jarrera erabatekoa da.
INFORMAZIO GEHIAGO
DB-TUren proposamenaren atzean ez dago ezer, ez edukirik ez, ez formarik ere... ez da proposamen serioa: ez dago programarik, ez dago konpromisorik, ez dago elkarlanean aritzeko borondaterik, ez dago behar besteko konfiantzarik. EH Bilduren ustez, ezinbesteko baldintza horiek landu egin behar dira, benetako zentsura-mozio serio bat aurkeztu aurretik. Eta horren gaineko ekimena EH Bilduri dagokio, oposizioko lehen indar gisa. Beraz, DB-TUri azaroaren 13an helarazi genion erantzun berbera ematen diogu oraingoan ere: orain ez da momentua, izan ere, proposamen horrek ez du inolako zentzurik egungo egoeran. Hala ere, EH Bilduk bere borondate argia erakutsi die Elkarrekin Podemos eta DB-TU alderdiei oposizio bloke sendo bat eraikitzeko eta elkarrekin baldintza egokiak lantzeko, helburu zehatz batekin: Sopelarentzat alternatiba sendoa, aurrerakoia eta eraldatzailea osatzea.
Sopelako EH Bilduk ALDIZKARI BERRIA argitaratu du, 2019/2020 ikasturteko balorazioa eginez, urriaren 17ko herri asanbladan bilkideekin partekatu ondoren. Balorazio horrekin batera, hainbat gai interesgarri jasotzen ditu aldizkari berri horrek!
Trafikoaren arazoa lehen mailako kezka da Sopelako biztanleentzat. Arazo hori larriagotu egin da azken urteetan, eta are gehiago larriagotuko da, behingoz ez badira neurriak hartzen.