AKTUALITATEA


| 2025-07-03 18:00:00

Sopelako osoko bilkurak FCC Aqualia-ko langilei babesa eskaini die EHbildu, Elkarrekin Sopela eta SAAren aldeko botoekin; EAJk, aldiz kontrako bozka eman zuen. (PSEko ordezkariak ezin izan zuen osoko bilkuran parte hartu).

FCC Aqualia: langileen egoera

FCC Aqualia Ur Partzuergoaren azpikontrata bat da eta Bakio, Barrika, Berango, Derio, Erandio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gorliz, Larrabetzu, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Maruri-Jatabe, Morga, Mungia, Plentzia, Sondika, Sopela eta Urduliz herriei zerbitzua ematen die ur sarea zaintzeko eta mantenu lanak eta konponketak egiteko. Alegia, arazoren bat dagoenean ur horniduran, azpikontrata honen langileek dute ardura konpontzeko Ur Partzuergoaren aginduz.

Ur Partzuergoak Bizkaiko lurraldea hiru gunetan du banatuta, beraz beste bietan lan bera egiten dute; baina beste bi gune hauen langileak Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmenaren pean daude eta gure eskualdekoak, aldiz, hitzarmen estatala bete behar dute. Ondorioz, lan baldintzak askoz ere okerragoak dira: soldata taulak konparatuz gero %50eko aldea dago gutxi gora behera eta berdina gertatzen da antzinatasunarekin, ITarekin, lizentziekin, jardunaldiarekin, plusekin, e.a.

FCC Aqualia-ko langileek egiten duten aldarrikapen nagusia lan baldintzen ekiparazioa da Bizkaiko hiru guneen artean, bereziki arreta jarriz dagoen soldata arrakalan eta horretarako ekainaren 4tik ekainaren 30erako iraupena izango duen greba dute aurreikusia; are gehiago, gatazka konpondu ezean, uztaila eta abuztuan zehar luzatu dezakete.

Sopelako Udalak babesa adierazi du EHBildu, Elkarrekin Sopela eta SAAren botoekin....

Sopelako Udalak bere elkartasuna adierazten die  hornikuntzako ur sarearen mantenu lanak eta konponketa lanetan diharduten langileei eta bat egiten du haien aldarrikapen nagusiarekin: “lan beraren aurrean, lan-baldintza berberak”. Ondorioz Sopelako Udalak dei egiten die Ur Partzuergoari zein zerbitzua kudeatzen duen enpresari bere esku dagoen guztia egin dezaten lan gatazka hau ahalik eta lasterren konpontzeko.

EAJk kontra bozkatu zuen

EAJk aurkako botoa eman zuen, enpresa pribatua dela argudiatuz eta udalak ezin duela esku hartu, ez baita bere eskumena. Arazoa enpresaren eta enpresa-batzordearen artean soilik negoziatu beharreko hitzarmen kolektiboa da.

Eskumenen aitzakia erabiltzea, Bizkaiko beste leku batzuetan lan berak lan-baldintza askoz hobeak dituenean, eta alde batera uztea Sopelako Udala (gainerako udalak bezalaxe) Ur Partzuergoko kide dela, patronalaren alde jartzea da, besterik gabe.